Aspalditik elkar ezagutzen duten arren, lehenbizikoz osatu dute bikotea aurten Axier Alonsok (Oñati, Gipuzkoa, 1988) eta Aitor Ajuriak (Otxandio, Bizkaia, 1995). Duela egun gutxi Pierra Mentan egindako lan onak jarraipena izan zuen Altitoy Ternuan, eta Euskal Herriko binakako garaipena lortu zuten larunbatean.
Nolako lasterketa izan zen larunbatekoa?
AXIER ALONSO: Izugarrizko ibilbidea izan genuen, eta eguraldiak ere asko lagundu zigun. Ikaragarri gozatu genuen biok. Emaitza ere aldekoa izan genuen, eta alde horretatik ezin dugu gehiago eskatu.
AITOR AJURIA: Axierrek esan bezala, eguraldi bikaina izan genuen, eta elurra ere nahiko ondo mantendu zen. Aurrekoekin borroka izaten saiatu ginen, eta asko gozatu genuen.
Euskal Herriko Txapelketa uste baino erosoago irabazi al zenuten?
ALONSO: Ez pentsa! Nik, behintzat, igoera guztietan atzera begiratzen nuen badaezpada. Banekien Jon Ander Aranburu eta Rafa Urbizu oso indartsu zeudela, eta gu baino gutxiago ez zirela. Ez zuten egun ona izan, baina ni ez nintzen asko fio.
Zuk ere sentipen bera izan al zenuen?
AJURIA: Bai! Bigarren igoera luzea amaitu arte, ez genituen atzean utzi. Handik aurrera, distantzia handitzea lortu genuen, baina ez zen batere erraza izan. Une oro lan handia egin behar izan genuen.
Orain dela hamar egun, Pierra Mentan zeundeten lehiatzen, lau egunez jarraian. Asko nabaritu al zenuten nekea?
AJURIA: Ez dakit nekea izan zen, edo Axierrek eman ahal guztian eraman ninduela! Neukan guztia eman nuen larunbatean. Nire mugetan ibiltzea tokatu zitzaidan.
Axier, zure hirugarren txapela izan zen larunbatekoa. Lehendik ere irabaziak zenituen Banakako eta Kronoigoerako Euskal Herriko Txapelketak, 2019an.
ALONSO: Bai, hala da, bai! Beti da pozgarria eta gustagarria podiumera igotzea, baina ni, halere, larunbatekoak bezalako egunekin gelditzen naiz: lasterketaz gozatu, asteburua lagun artean igaro... Horrelako gauzek betetzen naute benetan.
Zuk, Aitor, zer sentitu zenuen estreinakoz txapela jantzita?
AJURIA: Oso pozik nago txapela lortuta. Lehia izango genuela bagenekien, eta horrek balio handiagoa ematen dio txapelari. Gainera, Altitoyn izan da, Grand Courseko lasterketa batean. Hemen irabaztea gauza berezia da beti.
Pierra Mentan ere batera ibili zineten orain hamar egun. Nolako esperientzia izan da hura?
ALONSO:2020an batera korritzekoak ginen, baina pandemiagatik bertan behera gelditu zen lasterketa, eta geroztik zain egon gara. Ondo prestatuta joan ginen, eta lasterketa bikaina egin genuen. Bi aldiz egona nintzen han, eta garai onenetako Pierra Menta izan da!
AJURIA: Nire lehenengo Pierra Menta izan da aurtengoa, eta oso polita iruditu zitzaidan. Oso igoera gogorrak dira, baina gu, mendi korrikalariak izanda, ondo moldatzen gara. Baina jaitsierak beste mundu bat dira benetan! Inoiz ez nuen horrelako jaitsierarik egin. Nahiko erregularrak izan ginen, eta alde horretatik oso pozik itzuli gara Pierra Menta lasterketatik.
Ikusi gehiago:Igone Campos eta Nahia Quincoces: «Oso berezia izan da proba berriz jokatzea»