JUANJO SAN SEBASTIAN
Alpinista eta idazlea«Garai bateko balioak hautatu zituzten: arriskua eta bakardadea»
«Ez da altuena, ezta lirainena ere, eta, orokorrean, ezta zailena ere; baina, ziurrenik, Nanga Parbat mendia izango da sinbolikoki pisu handiena duena, munduan mendirik bada: mendi biluzia, alemaniarren mendia, mendi hiltzailea, destinoaren mendia... aurreko mendeko 30eko hamarkada, nazien fanatismoa, alemaniarren zinemarako joera handia eta himalaismoaren lehen ezbehar handiak mitologiako osagai unibertsal bihurtu zuten. Bere fisikoarengatik bakarrik, munduko mendirik garrantzitsuenetako bat bihurtu dute: hiru mendikate garrantzitsuenen artean kokatua dago, Hindu Kush, Karakorum eta Himalaia izenekoak. 8.125 metro dituen arren, Indo ibaiaren gainetik 7.000 metrora dago hala ere, inoizko amildegirik handienaren sabaia da. Hau da, Alberto Zerainek eta Mariano Galvanek idazteko zuten poesiaren mendia.Sebastian Alvaro lagunak askotan esaten duen bezala, gizakia da amets batengatik bere burua jokoan jartzen duen animalia bakarra. Medioen perbertsio, egia erdiz osatutako edo asmatutako errekorren garai honetan, Albertok eta Marianok alpinismoan garai batean ezinbesteko ziren balioak aukeratu zituzten: bakardadea eta arriskua. Sandy Allan eta Rick Allen, ezezagun bezain handi ziren bi alpinista eskoziarretan inspiratu ziren. Eta haiek bezala, bakarrik abiatu ziren, gainean eraman zezaketen gutxiarekin, mendi biluziaren elkargunera, Mazeno ertzetik, Nanga Parbat mendiak eskaintzen duen bide luzeenetik eta ezezagunenetik. Dohain fisiko harrigarriak zituen, beti lasai, umoretsu, eta umila zen arabarrak ez zuen inor bere ametsean murgildu, Mariano laguna ezik. Biak jakitun ziren edozer gauza gerta zitekeela, baina erantzukizun handiko ariketa egin zuten. Kurt Diemberg mendizale handiak esango lukeen bezala: 'Nanga Parbaten gure ametsari jarraitzen genion... eta beste guztia trukean eman genuen'.
Badira bizitzeko beste modu batzuk. Baina ez dira hain biziak».
RAMON OLASAGASTI
Mendizalea eta idazlea«Sumendi baketsu bat, berezko argia darion pertsona zen»
«Kemena, indarra, ahalmena gainezka zerien bere gorputzari, bere hitzei, mugimenduei... Bera izan zen Andrew Irvine gazte kementsua gorpuztu zuena, 2000. urtean Al filo de lo imposible saioak Mallory eta Irvinen 1924ko igoera biziberritu zuenean. Nor bestela. Sumendi baketsu bat, zuztar sendoko pago tantai bat, berezko argia darion pertsona horietakoa zen Alberto. Lanari, arrastoa zabaltzeari, konpromisoari, beharrean zenari, euskarari, lagunen deiei... inoiz ezetzik esango ez ziena. Alpinista, andinista —ahal duenak irakur beza bere liburua, Andanzas por la cordillera— eta himalaista. Euskal Herriko handienetako bat. Berezkoa zuen su eta ahal horren erakusgarri dira bere hainbat igoera harrigarri: Everestekoa, K-2koa, Kangchenjungakoa, Dhaulagirikoa... Hor dira hemerotekak eta kronikak. Mendian utzitako arrastoa bezain sakona izan da, ordea, bizitzan utzi duena, bere izaerak, gainezka zerion indarrak, berezkoa zuen argiak hurbileko eta inguruko guzti-guztiongan utzitakoa».EDURNE PASABAN
Alpinista«Beste kasta bateko alpinista zelakonturatu nintzen»
«2000. urtean ezagutu nuen, Everesten. Orduan oraindik ez nuen Al filo de lo imposible-rekin lanik egiten. Haiek bertan zeuden. Irvine eta Malloryren dokumentala prestatzen ari ziren, 1924an lortutako gailurrarena. Albertok Irvinen rola jokatu zuen. Niretzat orduan erreferentzia ziren; oso txiki sentitzen nintzen haien ondoan. Grabazioetan garai bateko janzkera erabiltzen zuten: oso arropa xumea, goi mendietan ibiltzeko ez oso gomendagarria. Hala ere, Albertok ez zuen arazorik. Orduan konturatu nintzen Zerain beste kasta bateko alpinista zela.Bitxikeria bat ere gogoan dut. Egun batean, 7.000 metro inguruan geundela, hirugarren kanpalekuan, buelta txiki bat emateko gogoa zeukan. 'Nola da posible!', pentsatu nuen. Ordu batzuk geroago, itzultzean, 8.000 metrotik gora joan zela esan zigun. Ia gailurra zapaldu zuen! Eta aurrerago ez omen zen joan, nahiko material gainean ez zeramalako. Orduan konturatu nintzen zein mailako alpinista zen. Gaur egun errekorrez hitz egiten pasatzen dugu denbora, baina 2000. urtean Albertok horrelako asko egiten zituen. Gure artean askotan esaten genuen: 'Zeras Zeras da'».
ADOLFO MADINABEITIA
Eskalatzailea eta Zerainen lagun mina«Ameslari bat izan da, baina, guztiaren gainetik, ikaragarrizko gizakia»
Hain zaila egiten zaigu sinestea, Mazeno ertzean gailurrerantz doala edo oinarrizko kanpalekura itzultzen ari dela amesten jarraitzen dugu. Ikaragarrizko kirolaria zen. Ez dakigu amaren jaioterriko Arburoko Indartsuaren edo Marcelo Zerain pilotari handiak jarauntsitako geneetatik zetorkion. Ezagunak dira Albertok mendian egindako erakustaldiak. Ameslari bat izan da, baina, guztiaren gainetik, eta agian garrantzitsuena, ikaragarrizko gizakia zen. Norberekoikeria eta harrokeria gailentzen diren gizarte honetan, bera beti laguntzeko prest zegoen. Askok sinetsiko ez lituzketen detaileak izan ditu besteekiko: esaterako, Kanchenjungan arazoak zituzten mendizaleak babestearren, gailurrera iristeko aukera baztertu zueneko hura. Hala ere, bere adoreari eta ahalmenari esker, hurrengo egunetan gailurrera igo zen. Beti baikor, beti laguntzeko prest. Mila esker, Alberto, partekatutako momentuengatik. Gure barruan ikaragarri sentitzen dugu zure hutsunea. Ez dakizu zenbateko mina utzi duzun».ANTXON ITURRIZA
Mendizalea eta idazlea«Une triste honetan,oihu egin nahiko nuke: 'Mila esker, Alberto!'»
«Gauerdia baino pixka bat lehenago izango zen gailurrera iritsi ginenean. Lanbro fin batek kopetako argiak nahasten zituen. Ez zuen hotzik egiten. Eskuak elkartu genituen. Alberto Zerainenak ziren haietariko batzuk.Ez geunden zortzimilako batean, Alberto bera bertan egotera hain ohituta zegoenaren antzera, baizik eta Ganekogortako gailur xumean. 2014ko irailaren 30a zen.
Bertan elkartu ginenetako inork ez zuen historia egin nahi, gogoratu baizik, atzera begira jarri, 100 urte lehenago, leku eta ordu berean egin zuten bezala. Orduan, gure mendizaletasunaren hasierako mendizale batzuk elkartu ginen, Antxon Bandresen esanetara. Bertan egin genuen hitzordua, gerora hain ezagun izan ziren mendiko txapelketa herrikoien antzera, urteetan mendi klubetan mantendu direnak. Garaiak asko aldatuta zeuden iragandako mende horretan, eta Albertok jada ez zituen kontatzen mendi txikiak, zortzimilakoak baizik. Baina han zen. Bere zaletasuna nondik zetorkion ondo zekien, eta mendizale ezberdinen arteko batasuna bultzatzen ederki zekien, mendizale herrikoienetatik goi mendietako mendizaleetaraino. Kurt Diembergerren Entre cero y ochomil liburuan (Zero eta zortzi mila artean) agertzen den moduan, dena da mendia, dena izan daiteke ederra eta dena bihurtu daiteke abentura. Ganekogortako gailurra utzi aurretik, bertan ginen mendizaleok, 'Gora mendizaleak!', oihukatu genuen, ehun urte lehenago egin zuten bezala. Une triste honetan, bakardadean eta begiak itxita, Mazenoko ertzak imajinatzen ditudan bitartean, oihu egin nahiko nuke zirraraz eta maitasunez: 'Mila esker, Alberto'».
JAVIER BARAIAZARRA
Bilbo Mendi Filmeko zuzendaria«Une txarrenetan ere, jaialdia desagertzear zela, gure ondoan egon zen»
«Apala, langilea, gogorra, konprometitua, solidarioa, beti laguntzeko prest, halaxe zen Alberto, bai mendian, bai gizartean. Mendi Film sortzeko bere bultzada izan genuen 2008an. Une txarrenetan ere, jaialdia desagertzekotan egon zenean, gure ondoan egon zen. Ikusmira luzekoa zen, eta oso argi zuen txokokerietatik haratago Mendi Film Euskal Herri osoaren proiektua zela. Hortaz, urtero etortzen zen Mendi Filmera, hitzaldiren bat ematera, filmak aurkeztera edo munduan zehar egin zituen lagun askoren bilgune zuelako. Beti tenore onenean, begirada hurrengo erronkari so, eta ametsak egia bihurtzeko grinaz. Eskerrik asko, Alberto. Mendian elkartuko gara».ALBERTO AIERBE
Zegama-Aizkorriko zuzendaria«Ez zen atleta fin horietakoa, baina izugarrizko indarra zuen»
«2002. urtean ezagutu nuen, lehen Zegama-Aizkorri antolatzeko lanetan ari ginela. Goio Larrañaga euskal selekzioko hautatzailearen bidez selekzioko kide batzuk ekarri nituen Zegamara, ikusteko ea lasterketa zenbat denboran egiteko aukera zegoen. Tartean zegoen Alberto. Beti umoretsu, beti lanerako prest, eta beti laguntzeko prest.Urte horretan Madrilera joan ginen lasterketa bat ezagutzeko asmoz. Autoan, elkarrekin. Lasterketan, lehen anoa gunean, ia zortzi edo hamar minutu pasatu zituen, lasai jaten. 'Lasai, Alberto, hemen ondo jan beharra zegok!', esan zidan. Lehen hamarren artean amaitu zuen. Ez zen atleta fin horietakoa, baina mendian korrika hasten zenean, izugarrizko indarra zuen, oso gogorra zen.
Bitxikeria bat ere gertatu zitzaigun berarekin. Aizkorri Eguneko erromerian, mezaren ondoren suziria bota zuten, eta arrebaren eta koinataren zakurra korrika hasi eta amildu egin zen. Ez genuen inondik inora aurkitzen. Lasai egoteko esan zigun Goio Larrañagak, Zeraini deituko ziola eta hurrengo egunean aurkituko zutela. Gasteizko jaiak ziren arren, beste lagun batzuekin batera eskalatzeko tresnak ekarri, eta zakurra bizirik ateratzea lortu zuen; handik gutxira hil egin zen zakurra, hartutako kolpeen ondorioz. Hor ikusten da zer-nolako gizona zen!».
TXOMIN URIARTE
Alpinista eta Zerainen lagun mina«Euskal mendizale familiako partesentitzen zen»
«Pertsona gisa maitagarria, zintzoa eta samurra zen, tolesik gabekoa. Benetako laguna zen, hitzaren adiera bete-betean. Ez zen hitz askorik behar berarekin elkar ulertzeko, eta gertukook beti edozertarako laguntzeko prest izaten genuen. Jatorra eta oso irekia zen. Oso zaila zen berarekin baxoerdi batzuk hartzera joatea, txoko guztietan lagunak besterik ez zituelako. Oso ezaguna zen Gasteizko giro herrikoian. Gizarte gaiekin oso konprometitua zegoen, batez ere ekologiarekin, euskararekin eta gizarte justiziarekin. Espedizio eta espedizio artean, Euskal Mendi Federazioko zuzendaritzan egoten zen, edozer gauzatan baliagarri izateko asmoz beti.Alpinista ikaragarria zen, munduko onenen pare himalaismoan. Bere buruarekin oso gogorra zen: behin, Himalaian, behatz batean ebakuntza bat egiteko gai izan zen sardina kontserba baten taparekin.
Mendian oso ondo egokitzen zen girora, eta altueran izugarrizko emaitzak lortzen zituen, askoren harridurarako. Baina, horrez gain, oso zentzuduna zen, eta askotan hartzen zuen etxerako bidea baldintzak alde ez zeudenean.
Sokalagun perfektua zen. Oso eskuzabala besteekin, askotan baita beste espedizioetako jendearekin ere. Berarentzat garrantzitsuagoa zen besteak estualdietatik ateratzea, edozein zortzimilakoren gailurra lortzea baino.
Euskal mendizaletasunarekin ere oso gertukoa zen, familia horretako parte sentitzen zen. Bere kamioiarekin makina bat buelta eman du Euskal Mendizaletasunaren Museoarentzat».
JUANRA MADARIAGA
Alpinista eta idazlea«Haren lasaitasunari esker zapaldu genuen Ama Dablanen tontorra»
«Juanitok luzatu zidan Ama Dablam mendira joateko aukera paregabea. Lau mendizale joan ginen: gu biok, Eneko Pou eta Alberto Zerain. Ni, himalaismoan hasi berria, eta handienetako batzuekin elkartzekoa nintzen!Bigarren kanpalekura heldutakoan, tontorrerako saioa egin nahi izan nuen nik, di-da. Albertok orduan esan zidan: 'Dirudiena baino luzeago da mendi hau'. Eta halaxe izan zen: hurrengo egunean ezinean ibili ginen hirugarren kanpalekurako bidean. Hala moduz pasatu genuen gauaren ostean, lehen argiekin azken gailurreriari ekin genion. Enekok amore eman zuen. Gainerako hirurok, gora. Eguraldia gero eta kaskarragoa zen. Ekaitza gainean genuen. Ni izoztuta nengoen. Juanito ere buelta ematekotan zegoen, urduri. Orduan, zerbait harrigarria gertatu zen. Albertok, lainopean, izotzezko ertz fin batean zintzilik, 'neu tontorrera noa', esan zigun, lasai-lasai.
Albertoren ahalegin eta lasaitasunari esker zapaldu genuen Ama Dablam mendi ederraren tontorra, eta beti eskertu izan diot bere motibazioaren gaindosia.
Espedizio bakoitzetik etortzen zen guztietan deitu egiten nion—'zeure deiaren zain nengoen', esaten zidan—, egindakoagatik zoriontzeko eta berak mendi horretako datuak eta abar kontatzeko.
Katmandun elkar besarkatu genuen joan den maiatzean, Annapurnatik bueltan. Katmandun ikusi nuen azken aldiz, mantra betierekoak haizatzen dituen herri miresgarriaren bihotzean. Agian, herri horretako mendi erraldoietan ikusiko dut hurrengo batean».