Zegama-Aizkorri mendi maratoia

Kostako da hobetzea

Kilian Jornetek hamargarrenez irabazi zuen Zegama-Aizkorri mendi maratoia igandean, eta Nienke Brinkmanek, aurrenekoz. Markak ondu dituzte

Zaleen eta korrikalarien arteko harreman oso berezia sortu zen igandean ere, maldetan gora. GORKA RUBIO / FOKU.
Unai Ugartemendia.
Zegama
2022ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Goizeko seietan hasi zen esnatzen Zegama-Aizkorri igandean. Boluntario lanetan ibiltzen diren guztientzat ogitartekoak prestatzen hasiak ziren Ameztia mendi Elkartean. Ia bostehun ogitarteko hamar boluntarioren artean. Ordu berean, handik hiru ordura korrika hasi behar zuten ia bostehun korrikalariak esnatzen hasiak ziren. Herriko ostatuan 22. logelan zeuden Kilian Jornet eta Emilie Forsberg bikotea ere bai. Lehena, bederatzi aldiz lasterketa irabazita zeukan; Forsbergek, berriz, 2013an zeharkatu zuen lehen postuan helmuga.

Korrikalariak esnatzearekin batera, jarraitzaileen joan-etorri andana nabaria zen herrian, Otzaurtera (7. Kilometroa), Saint Spiritura (20. Kilometroa) Aizkorriko (22. Kilometroa) anoa guneetara joateko esperantzarekin.

Pixka bat nekezago, 07:00etan, jo zuen iratzargailuak Arrieta Haundi nekazaritza turismo etxean. Han zeuden ostatu hartuta ia hogei egun lehenago Zegamara iritsitako lau kenyarrak. Ben Kimtaik eta Robert Pkemboik bazekiten zer zen Europako mendi lasterketa batean lehiatzea; Matthew Kiptanui eta Reuben Narry, berriz, estreinakoz arituko ziren nazioarteko lasterketa batean. Octavio Perez entrenatzaileak prestatutako gosariak ez zuen inongo sekreturik izan; kafesnea, sandwich bat eta platano erdi bat korrikalari bakoitzarentzat. Ordurako, irteeratik gertu dauden taberna gehienak jendez betetzen hasiak ziren gosaltzeko asmoarekin. Eguraldia ere ez zen aitzakia izan, eta freskuraren laguntzak zerua urdin utzi zuen goizeko zortzietarako.

Gutxira, lasterketa irabazteko faborito ziren korrikalariak irteera puntura gerturatzen hasiak ziren. Helmugako marran ipinita, eta, ezkerretara begiratuta, Davide Magnini eta Remmi Bonnet zeuden; eskuinetara begiratuta, berriz, aurreko bien taldekide diren Nienke Brinkman eta Maude Mathys. Horiengandik pixka bat atzerago, Zaid Ait Malek, Manuel Merillas eta Patricia Pineda. Eta, nola ez, azken urteetan selekzioaren elastiko urdinarekin lehiatzen ibilitako Asier Larruzea, Oihana Azkorbebeitia, Ander Iñarra, Oihana Kortazar eta Aritz Egea. Denak zeuden zain goizeko bederatzietan, Vangelis taldearen Titans abestia noiz hasiko.

Irteera eman orduko, urteroko ikuskizuna: Oier Ariznabarretaren ikuskizuna herria zeharkatzeko baliatzen den kilometro erdian. Ehun metroko lasterketa balitz bezala, denak errenkan jarri zituen lehen maldan. Baina gauzak azkar aldatu ziren Otzaurtera iristerako.

Kamikazeen modura zihoan Ruy Ueda korrikalari japoniarrak zeharkatu zuen lehen postuan kontrol gunea. Haren itzalean, Kilian Jornet eta hiru kenyar. Ordurako, errekorra apurtuko zen zantzu guztiak hartuta zegoen lasterketa. Emakumezkoen artean ere, denen ahotan zeuden Brinkmanek eta Mathysek inoizko denborarik onenak markatu zituztela.

Aldaketak etorri ziren berriro ere Saint Spiritura iristerako. Uedak lehen postua Magniniri utzi zion, Jorneten baimenarekin. Ez zuen inork denborarik galdu nahi anoa gunean, eta lehen hamar korrikalarietatik King bakarrik gelditu zen.

Bere eremura sartzera zihoan Jornet, eta, Aizkorriko anoa gunera iristerako, lehen postuan zen. Ez zuen atzera egingo. Erraz zihoan. Zortzi kilometroren faltan, Magnini zuen aurkari bakarra. Argi ikusten zen Stian Angermundek 2017an ezarritako errekorrari (3:45,08) puska handia jango zihola. Handik aurrera, erakustaldia eman zuen. Hamargarren txapela eskuratzeko, 3.36,40ko denbora behar izan zuen. Luzerako errekorra ematen du.

Irabazteari egin zion aipamena gero Jornetek: «Berriz irabazi ahal izan dut hemen, eta horretara ez da bat ohitzen». Lasterketa berriz jokatu izanari ere eskaini zion hitz sorta: «Bueltan da, eta izugarria izan da».

Emakumeetan ere, hegan

Emakumeen lehia Saint Spiritun amaitu zen. Brinkmanek mendian korrika aritzeko gaitasun handiak dituela erakutsi zuen, Aizkorrin gora sufritu egin zuelaonartu arren: «Momenturik gogorrena izan da». Azken kilometroetako beroak ez zion eragin. Irabazi bakarrik ez, Maiorak 2017an ezarritako errekorrari puska kendu zion: hogei minutu. Bigarren sailkatu zen Mathys; hamar minutu gehiago behar izan zituen. Ez zuen urruti izan Sara Alonso euskal herritar gaztea. «Sekulako esperientzia izan da», zioen garaileak, zaleen jarrera «harrigarria» txalotzeaz gain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.