Mendia

Kortazar eta Castanyer garaile Kosta Trailean

Eguraldi txarraren ondorioz, antolatuta zeuden ibilbideak moldatu behar izan dituzte

Podiumean: Armentia(2.), Kortazar (1.) eta Elorriaga (3.). KOSTA TRAIL.
2013ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Oihana Kortazar eta Tofol Castanyer ziren aurtengo Kosta Traila irabazteko hautagai nagusiak, eta ez dute hutsik egin. Biak ala biak gailendu dira euria, haize ufada indartsuak, behe lainoa eta lokatza izan dituen proban. Horien atzetik, Joseba Plaza eta Mikel Fernandez de Gamboa sailkatu dira gizonezkoetan, eta Izaskun Armentia eta Irune Elorriaga emakumezkoetan. Antolatzaileek hasiera batean aurreikusitako ibilbideak moldatu behar izan zituzten, eguraldiagatik.

Kortazar hasieratik bukaerara nagusitu zen; ibilbidea bi ordu, 44 minutu eta 19 segundotan osatu zuen. Horrela, Kortazarrek ordura arteko errekorra gainditu zuen. «Lokatza eta haizea gogaikarriak izan diren arren, lasai sentitu naiz lasterketan; ibilbidea asko gustatu zait, dituen ezaugarri bereziengatik; desberdina izan da», adierazi zuen lasterketa amaitutakoan. Tarte handia atera zien elgetarrak hurrengo bi sailkatuei; Armentiak hiru ordu eta 25 minutu behar izan zituen, eta Elorriagak, berriz, bigarrenak baino hiru minutu gehiago.

Castanyerri, ordea, gehiago kostatu zitzaion irabaztea. Proba horretan parte hartzen duen lehen aldia izan da aurtengoa, eta, ibilbidearen hasieran oso gustura aritu zen arren, hamabigarren kilometroan arazoak izan zituen, eta hainbat postu galdu zituen. Probaren azken zatian indarberritu zen Palmakoa; helmugara lasterketa buruan iritsi zen. «Eguraldiak ez digu lagundu, baina ikusgarria izan da lasterketa; ibilbidearen amaierara oso indartsu iritsi naizela uste dut», azaldu zuen Castanyerrek lasterketa amaitutakoan. Bi ordu, 21 minutu eta 50 segundo behar izan zituen ibilbidea osatzeko; Plaza 40 segundu geroago helmugaratu zen, eta Fernandez de Gamboa minutu bat eta 20 segundo atzerago iritsi zen.

Mendi lasterketaz gain, mendi martxa eta familiarteko martxa ere antolatu zituzten. Lehenengoarentzat 20 kilometroko ibilbidea proposatu zuten; bigarrenarentzat, ordea, 12 kilometrokoa. Mendi lasterketa hasi aurretik abiatu ziren bi martxetako partaideak; Sopelako udaletxean hasi eta Plentziako hondartzan amaitzen zen ibilbidean zehar lasterkariekin gurutzatu ziren ibiltariak, etaanimoak eman zizkieten.

Hiru jardueratan nahastuta, 4.000 pertsonek eman zuten izena, baina, eguraldi txarraren ondorioz, askok erabaki zuten ez parte hartzea. Izen emate horiekin ateratako etekinak Esklerosi Anizkoitzaren aurkako Eugenia Epalza Fundazioari eman dizkiote antolatzaileek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.