Juanito Oiarzabal. Alpinista

«Konturatu naiz ez naizela lehengoa, baina proiektua buka dezaket»

Hamalau zortzimilakoak behin igotzea nahikoa ez, eta bigarrenez igotzeari ekin zion. Himalaiako menditzar elurtuetako hormez gain, adinaren zamari ere aurre egin behar dio. Gero eta zailagoa dela onartu du, baina erronka amaitu nahi du.

Unai Ugartemendia.
Gasteiz
2016ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Iaz kale egin zuen Broad Peaken, baina aurten berriro ekingo dio hamalau zortzimilakoak bigarren aldiz igotzeko erronkari. Lortuko balu, munduko lehena izango litzateke. Lau falta zaizkio Juanito Oiarzabali (Gasteiz, 1956), eta aurten bi egin nahi ditu: Dhaulagiri (8.126 metro) maiatzean eta, igoz gero, Broad Peak (8.047 metro) jarraian. Nanga Parbat eta Shisha Pangma ere falta zaizkio.

Berriro ere Himalaiara…

Iaz ezin izan genuen Broad Peakera igo, eguraldi txarragatik. Datuak hor daude: pertsona bakar bat igo zen K2ra, eta beste bat Broad Peakera.

Zenbat espedizio egin dituzu?

Himalaiara, 57.a izango dut. Hango 26 gailur egin ditut.

1985ean Cho-Oyu, 1987an Gasherbrum II eta 1992an Nanga Parbat. Denek gogoan duguna,berriz, 1993ko Everesteko igoera da. Zer oroitzapen duzu?

Oso espedizio gazi-gozoa izan zela. Gailurrera iritsi ostean, Antonio Miranda taldekidea hil egin zen jaitsieran. Polemika handia izan zen gailurrarekin, eta nahiago nuke horretaz ez hitz egin.

2 x 14 x 8000 proiektuarekin zaude buru-belarri. Nolatan?

Hori dena baino sinpleagoa da. Horrekin ez dut ezer arrarorik egin nahi. Oso istorio partikularra da niretzat, oso partikularra gainera. Ahal izan dudan neurrian, tontor bakoitza bide ezberdinetatik jorratzen saiatu naiz. Esaterako, Everest iparretik eta hegoaldetik igo dut; K2, berriz, Cessen bidetik eta Abruzzoennetik; Kanchenjunga ere iparretik eta hegoaldetik… Ez dut nahi jendeak pentsa dezan hau izugarrizko balentria izango denik, ezta gutxiago ere. Alpinistikoki begiratuta, ez du inolako garrantzirik izango. Gelditzen zaizkidanak, gainera, Shisha Pagma kenduta, lehen egindako bidetik egiten saiatuko naiz. Denborarekin konturatu naiz ez naizela lehengoa, baina, hala ere, proiektua aurrera ateratzeko gai naizela ikusten dut.

Esan dezakegu kointzidentzia hutsa izan dela berriro ere hamalauak egitea?

Baliteke horrela izatea. Aukera sortu da, eta Himalaian oso gustura egon izan naiz beti. Nire gorputza zortzimilakoetan sentitu izan da ondoen; zorte pixka batekin, berriro ere hamalauak osatzeko aukera izango dut. Ondoan, gainera, lagun zahar bat izango dut, Alberto Zerain. Berak zainduko eta eramango nau ondoen.

Bi azeri zahar zarete. Zer duzu esateko hari buruz?

Umetatik oso harreman handia dugu. Aspalditik ezagutzen dugu elkar. Al Filo de lo Imposible saioan ere askotan izan gara espedizioetan. Berak badaki nolakoa naizen, eta nik ere bera oso ondo ezagutzen dut. Behin mendian sartzean, bera izango dut bidea irekitzen. Bestalde, uste dut Alberto dela pertsonarik egokiena ondoan eramateko. Berak lasaituko nau, zainduko nau, eta une oro ondoan izango dut edozertarako. Berme oso da niretzat, eta gelditzen zaizkidan lau zortzimilakoetan nire alboan izango da.

Esperientzia badaukazue.

Bion artean daukagun eskarmentua oso baliagarria da mendian. Gure bertuteak eta akatsak ondo ezagutzen ditugu, eta, alde horretatik, ezin dut gehiago eskatu.

Amaitzeko, lau zortzimilako gelditzen zaizkizu: Nanga Parbat, Dhaulagiri, Shisha Pagma eta Broad Peak. Honek ez du atzera bueltarik?

Ez, ez, honek ez du atzera bueltarik, ezta pentsatu ere. Bi aukera ditut: amaitzea edo hiltzea. Saunier Duvalek diruz lagunduko ditu lau espedizioak, beraz, aurrera jo behar dugu. Hala ere, baliteke nire gorputzak aklimatatzeko lehengo erraztasuna ez izatea, eta proiektua bertan behera utzi behar izatea. Ez dut uste hori gertatuko denik. Esan daiteke igotzeko falta zaizkidan lau zortzimilakoakerrazenak direla.

Igotzeko dituzun lauretatik, zein iruditzen zaizu zailena?

Dhaulagiri esango nuke, gure hurrengo erronka. Oso ondo ezagutzen dut, eta badakit zer aurkituko dugun. Han jende asko hil izan da, eta oso zaila da.

47 espedizio egin eta gero, zein izan da zortzimilako batean izan duzun aldirik gozoena?

Uf ! Beti esan izan dut lehenengo hura izan zela. 1985. urtean igo genuen Cho-Oyu, eta orduan sentitu nituenak ez ditut berriro sentitu. Hura zen sentsazioa hura! Gauza ezezagunez beteriko espedizioa izan zen hura, aurkako iritzi asko, ez genekien altuerara ondo egokituko ote ginen, igotzeko gai izango ginen… Zailtasun asko izan genituen. Inoiz Cho-Oyura egin zen zazpigarren igoera egin genuen orduan, eta, gaur egun, Everestekin batera, gehien igotzen den zortzimilakoa da.

Eta aldirik okerrena?

Asko hitz egin izan dut 1996an Kanchengjungan, Alberto eta Felix Iñurrategirekin pasatutakoez. Tontorretik jaisten ari ginela, ekaitzak harrapatu gintuen, eta ez dakit nola irten ginen egoera hartatik. Sinesgaitza da inor ez hilizatea. Hori bai, ni, bi anaiek atera ninduten, argi daukat. Hura izan da, ziurrenik, nik mendian igarotako aldirik zailena. Ezin ditut ahaztu, inolaz ere, K2an izandako hankako izozte haiek; Shisha Pagmarako aklimatazioan geundela Jose Luis Zuloaga Zulu-ren heriotza; eta, azkenik, Lhotsen, beheko kanpalekura iristeko ordu erdi falta zitzaigula izan nuen biriketako enbolia hura. Oso aldi gogor asko izan ditut.

Zenbat bizitza geratzen zaizkizu?

Oso gutxi, bidean asko gastatu ditut eta. Espero dut besterik ez galdu behar izatea. Oso kontserbadorea bihurtu naiz azken urte hauetan, eta gauzak orain 10 urte baino askoz ere argiago ditut.

Zer da zuretzat beldurra?

Oso gauza pertsonala da beldurra. Nik askotan pasatu dut. Hala ere, beldurra kontrolatzen den gauza bat da, eta nik adina esperientzia duen pertsona batek garatuagoa du. Baina, bai, beldurra pasatzen da.

2011tik ez duzu zortzimilakorik igo. Azken bost urte hauetan nabaritu duzu jada ez zarela lehengoa?

Ez nuke esango horrela izan denik. Oraindik urtero joaten naiz Aconcaguara, altueran ibiltzen naiz, Alpeetan gidari lanetan ere aritzen naiz… Ez dira goi mendiak, baina beti nabil zerbait egiten. Nire gorputza oso ondo ezagutzen dut, eta badakit altueran ere nola moldatzen den. Agian, orain gehiago kostako zait, hori ez dakit. Horregatik, astebete lehenago joango gara. Island Peak [6.189 metro] mendia igotzeko aprobetxatu nahi dugu, aklimatazioa hobeto egiteko asmotan.

Denbora askoan jarraituko al duzu matraka ematen?

Ez. Juanito ez dago akabatuta, baina ez naiz orain urte batzuetakoa. 60 urte beteko ditut aurki, eta ilusio asko dut oraindik. Jarrera egokia dut, gogoa ere bai, baina bi gauza horiekin bakarrik ez dira zortzimilakoak igotzen. Horretarako, gorputzak ondo egon behar du. Fisikoki ondo prestatuta egon behar da, eta asko entrenatu behar izaten da, baina egunetik egunera gehiago kostatzen zait sasoiko egotea.

Zer iritzi duzu Carlos Soria 77 urteko alpinistaz?

Izugarrizko meritua du Carlosek. Adin horrekin oraindik beheko kanpalekuan pasatzen diren miseriak pasatzen ibiltzea, handia da. Munduan bakarra da sufritzeko gaitasun horrekin. Bere ilusioa da, eta zorte pixka batekin bere proiektua amaitzeko gai izango da.

Proiektua amaitzen baduzu, gero zer? Zer asmo duzu?

Argi daukat, denak amaitzen baditut behintzat, inork ez nauela berriro beste zortzimilako batean ikusiko. Ezta pentsatu ere! Hor amaituko da. Agian, lanagatik, Nepalera itzuliko naiz, baina gidari lanera.

Nola dago gaur egun babesleen kontua?

Ba, zoritxarrez, oso gaizki. Guk, zorte handia izan dugu proiektu honetan. Saunier Duvalek oso apustu handia egin du, eta gelditzen zaizkigun zortzimilakoetan haren laguntza izango dugu.

Himalaiako proiektuek jada ez al dute lehen zuten sona?

Gaur egun, Himalaiak ez du saltzen. Batetik, askoz errazagoa da gaur egun igotzea, orain 20 urte baino. Atzera goazela esan izan dut. Gauza interesgarri gutxi egiten da gaur egun. Azken urteetan, berrikuntza gutxi izan da. Iñurrategik, Vallejok eta Zabaltzak hartu duten bidea oso egokia iruditzen zait: bide berriak, mendi ezezagunak eta tontorra helburua ez izatea. Horrelako proiektuak falta zaizkigu Euskal Herrian. Baina, zoritxarrez, atzetik ez dut inor ikusten. Ez da orain 20 urte bezala. Orduan ia egunero izaten zen mendiari buruzko albisteren bat.

Gauza berriak egitea izango al da datorren urteetako joera?

Mendiari dagokionez, Euskal Herrian dena egin dugula esan dezakegu. Jende berria behar dugu, gogoa daukan jendea, berritzailea… Esaterako, gaur egun Cho-Oyura bide arruntetik joateak ez du inolako garrantzirik. Norberarentzat bai, jakina, baina alpinismoari ez dio balio erantsirik ekarriko.

Zer iritzi duzu neguko espedizioei buruz? Zergatik egin duzu hain espedizio gutxi neguan?

Igual pentsatuko duzu edozeinen eskuetan dagoela horrelako espedizio batera joatea! Espedizioak neguan egitearen oso aldekoa naiz, baina argi daukat gaur egun ez dudala mailarik hara joateko. Badakit zer den negua, badakit zein egoeratan egoten den jendea han, eta esan dezaket ez dela oso atsegina.

Nola izaten da etxekoekin espedizio batera joan aurreko agurra?

Naturaltasun osoz izaten da. Urte askotan ikusi naute etxetik irteten eta berriro bueltatzen. Gauza arrunta izan da azken 20 urtetan. Etxekoek eta lagunek badakite nola ibiltzen naizen. Inoiz ez dut lagunekin ezer komentatzen. Gainera, menditik etortzen naizenean oso nekatuta etortzen naiz.

Nola ikusten dituzu euskal mendizale gazteak?

Alpinismoaren barruan diziplina asko daude. Esaterako, kirol eskaladan izugarrizko maila ikusten dut. Himalaismoa izango da okerren ikusten dudan diziplina. Atzetik datorren jendea falta zaigu. Jonatan Larrañaga ikusten nuen, baina badirudi gidari lanetan bakarrik ibiltzen dela. Orain,Alex Txikon bakarrik ikusten dut, baina ikusi beharko da ea ez den erretzen. Gauza asko galdu dira. Kirol hau oso gogorra da, eta jendeari gauzak egiteko gogoa kentzen zaio. Ni ere asko kritikatu naute. Azkena, Tolo Calafat hil zenean. Gogoan ditut batzuen hitzak.

Arazo asko izan al dituzu?

Nire izaerarengatik, oso polemikoa izan naiz beti. Baina bakoitzaren izaeraren zati bat da hau ere. Agian, izaera hau izan ez banu, baliteke orain bizirik ez izatea. Lagun asko galdu ditut bidean, eta hori oso gogorra da. Nik zorte handia izan dut, ikaragarria.

Nolakoa da Juanito Oiarzabalen egun arrunt bat Gasteizen dagoenean?

Betiko gauzak egiten ditut. Goizero entrenatzen naiz: batzuetan eskaladako horman, besteetan bizikletan edota mendian. Egunero. Gero, egunero, bazkaldu ostean lagunekin kartetan jokatzera joaten naiz. 17:00 inguruan, egin beharreko gauza guztiak egin, eta kalean ibiltzen naiz, edozein pertsonaren moduan.

Urte askotan ikusi zaitugu telebistan. Zer-nolako esperientzia izan da?

Eskerrak utzi dudan! Leku askotan egon naiz eta, atzera begiratuta, esperientzia ona izan da. Bestetik, reality show-ekgauza zail asko dituzte. Oso ondo pasatu izan dut bertan, baina aldi gogorrak ere igaro ditugu. Lagun asko egin dut, eta horrek ere asko balio du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.