Mendian gora ezinbesteko bidelagun dituzten soka, pioleta eta bestelakoak eski, lera eta kometekin ordezkatuko dituzte Zabalzak, Iñurrategik eta Vallejok Transantartika 2011 egitasmoan. Juan Vallejo da halako zeharkaldietan eskarmentua duen bakarra; 2000. urtean izan zen Groenlandian, Ramon Larramendi eta Juanito Oiarzabalekin.
Zergatik erabaki duzue ibilbidean aldaketa hau egitea?
Ez dut uste aldaketa bat denik, parentesi txiki bat baizik. Udaberrian eta udazkenean Groenlandian eta Antartikan zeharkaldi bana egingo dugu, baina bigarrenean alpinismoarekin uztartuko dugu, Maud Erreginaren Lurraldean eta Vinson mendigunean eskaladaren bat eginda.
Zer du erakargarritik horma tenteak eskalatzen zabiltzatenontzat halako zeharkaldi batek?
Zaila zait azaltzea. Zeharkaldi bat egitea sinplea eta gatzik gabea izango zela uste nuen nik ere, baina duela hamar urtetik, probatu nuenetik, banuen harra sartuta. Broad Peakeko beheko kanpalekuan Mike Horn hegoafrikarra ezagutu genuen. Halako zeharkaldi asko egin ditu, eta hark jarri zigun amua. Azken finean abentura eta erronka ezezagunek motibatu egiten dute, eta motibazio hori bilatu dugu.
Norvegian izan zarete berriki, zeharkaldia prestatzen. Zer landu duzue?
Zeharkaldi bat, berez, erraza da teknikoki; ibiltzen jakitea eta leratik tira egitea da, azken finean. Baina Antartikan eta Groenlandian egiten direnek badute bereizgarri bat: kometekin egin ohi dira. Kontuan izan behar da oso zeharkaldi luzeak direla: 2.300 kilometrokoa da Groenlandiakoa, eta ia 4.000 ditu Antartikakoak. Oinez egiteko, denbora asko beharko litzateke.
Eta zer behar da kometa horiek behar bezala erabiltzeko?
Indar handia edukitzea eta haizearen indarrarekin jokatzen jakitea dira gakoa. Norvegian ikastaro sakon bat egin dugu, eta ari gara pixkanaka trebatzen. Haizeak indar handiz jotzen du Groenlandian eta Antartikan, eta, gure gorputzari lotuta zama handia eramango dugunez, haizearen indar hori behar bezala baliatzen asmatu beharko dugu. Lau kometa desberdin eramango ditugu, 6 eta 14 metro koadro arteko neurria dute, eta, haizeak nondik eta nola jotzen duen ikusita, aukeraketa egokia egin beharko dugu. Kometa handiegia jarriz gero, hegan ateratzeko arriskua dago.
Pisua aipatu duzu. Zenbateko zama eramango duzue?
Groenlandiako zeharkaldirako ehun bat kilo gutako bakoitzak, baina Antartikan gutxienez 200 izango dira, autonomia osoa ziurtatu behar dugulako hiru bat hilabeterako. Lera mugitzeko indarra behar da, eta kometen laguntza.
Eguneko zenbat kilometro egin daitezke kometekin?
Ongi moldatzen direnek, 200 edo 300 kilometro egin ditzakete eguneko. Guk ehun bat kilometro egingo bagenitu, pozik geundeke, ez baikara espezialistak.
Groenlandian Ramon Larramendirekin izan zinen duela hamar urte. Larramendi izan al duzue erreferente?
Larramendik bide bat ireki zuen halako abenturetan. Ipar eta hego poloan egon da, Antartikara ere makina bat aldiz joan da, eta guk Groenlandian egin asmo dugun zeharkaldia duela hamar urte egin zuen, katamaran formako ontzietan. Hark egindakoa aintzat hartu dugu, baina Antartikan gure ukitua emango diogu, orratzen bat eskalatuta.
Erabaki al duzue zer eskalatu?
Oraindik ez. Mikel (Zabalza) egona da Antartikan eskalatzen, eta ezagutzen ditu hainbat eremu. Dena dela, ez dugu eskalatzeko denbora luzea hartzerikizango.
Groenlandiara joateko arma lizentzia atera behar izan duzu.
Baimena emateko, behartu egiten dute errifle bat eramatera; hartzei aurre egiteko. Beste aukerarik ez dago, eta niri egokitu zait lizentzia ateratzea, nahiz eta ez naizen zalea. Erriflea eta 20 bala zorro erosi ditugu, baina hartzak agertzen ez badira, askoz hobe.
Juan Vallejo. Mendizalea
«Kometa handiegia jarriz gero, hegan irteteko arriskua dago»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu