Kobaz Koba Trail, historiaurreko bideetan korrika

Otsailaren 9an izango da proba, Zestoan. Aurkezpenean, antolatzaileek nabarmendu dute aurten emakume gehiagok eman dutela izena. Ertxiña, Endoia eta Santa Engraziko gainak eta eskualdeko koba eta aztarnategi garrantzitsuenak lotuko dituzte ibilbidean.

2024ko Kobaz Koba Trail lasterketako podiumekoak
2024ko lasterketako podiumekoak: Sonia Lopez bigarrena, Oihana Zubillaga irabazlea eta Ainhoa Caporossi hirugarrena. KOBAZ KOBA TRAIL
ramon olasagasti
2025eko urtarrilaren 31
15:00
Entzun

Kobaz Koba Trail lasterketaren bederatzigarren ekitaldia aurkeztu zuten atzoko Zestoako Udalean. Otsailaren 9an egingo da urterik urte gero eta entzute handiagoa lortzen ari den lasterketa hori. Horren seinale, ireki orduko amaitu ziren dortsalak, antolatzaileek jakinarazi zutenez. Hala, otsailaren 9an, «lehen gizakia ibili izan zen bideetan barrena iragana bizitzeko esperientzia paregabea» izango dute zazpiehun korrikalarik. Arazi IKT eta Agiro mendi kluba dira antolatzaileak, Zestoako Udalaren laguntzarekin.

Aurten 695 dortsal banatuko dituzte guztira, eta horietatik 160 emakumezkoentzat izango dira, 2024an baino 23 gehiago. «Zenbaki hori oso garrantzitsua da guretzat, urtez urte goraka doalako emakumezkoen kopurua, eta horrek pozez betetzen gaitu», nabarmendu dute antolatzaileek. Partaide gehien-gehienak euskal herritarrak dira, Urola eskualdekoak asko eta asko, baina badira Kataluniatik datozenak ere. «Pena handiz, muga jarri behar izan dugu beste behin, eta nahi baino korrikalari gehiago geratu dira parte hartu nahi eta ezinean, baina datorren urtean geurean nahi zaituztegu!», egin diete gonbidapena irten ezinik geratu direnei.

Kobaz koba Trail lasterketaren aurkezpena
Kobaz Koba Trail lasterketaren aurkezpena. KOBAZ KOBA TRAIL

Mendi lasterkariek bi ibilbide izango dituzte aukeran: Artzei (15 km) eta Zaldei (26km). Aurreko urteetakoaren oso antzekoa izango da ibilbidea, eta «horixe da lasterketaren harribitxia», antolatzaileen esanetan. «Historiaurreko koba, aldapa eta bidezidorretan barrena gozatu ahal izango dute partaideek. Ertxiña, Endoia eta Santa Engraziko gainek emango diote gogortasuna ibilbideari. Eta, ohiko moduan, historiaurreko ondare eta aztarnategien lurraldean gaudenez, hainbat koba lotuko dituzte: Ekain, Danbolinzulo, Astigarraga, Amalda, Praileaitz, Astuigaña, Erraila, Urtiaga, Ermitia eta Erlaitz, baita Irikaitzeko aztarnategia eta Arluze monolitoa ere», azaldu dute.

Behin proba amaituta, sari banaketa Zestoako plazan egingo da: korrikalariak toriletako balkoira igoko dira, eta, txapeldun handien moduan, merezitako txalo zaparradak jasoko dituzte. Aurretik, korrikalariek hamaiketako ederra dastatu ahalko dute kiroldegiaren gunean. Era berean, partaide, senide eta lagunei Zestoa herria eta bere inguruak ezagutzeko eta bisitatzeko gonbidapena egin diete antolatzaileek. «Besteak beste, hortxe ditugu Ekainberri eta Lili Jauregia, herriko kaleak, plazak eta tabernak eta beste hainbat ibilbide eder. Zestoako turismo bulegoan gustu handiz emango diote informazioa joaten den orori».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.