Klimb Zarautz Mastersa: goi mailako lehia Jacky Godofeek ekipatutako blokeetan

Euskal Herriko eta Espainiako eskalatzaile onenetako batzuk bilduko dira otsailaren 15ean Zarauzko Klimb rokodromoko proban. Kirol eskaladaren aitzindari eta 'routesetter' entzutetsua ariko da blokeak ekipatzen. Oraindik bada izena emateko aukera.

2025eko Klimb Zarautz Mastersaren kartela
Jacky Godofee ekipatzailea, Masters proba iragartzeko kartelean.
ramon olasagasti
2025eko otsailaren 7a
05:00
Entzun

Lehen Klimb Zarautz Open txapelketa izan zen aurreko urtekoa, ekitaldi arrakastatsua: 150 eskalatzaile lehiatu ziren guztira, eta, azkenean, Rebeca Perez eta Enrique Beltran aragoiarrak izan ziren txapeldun. Aurtengoa bigarren ekitaldia izango da, baina hainbat berrikuntza datoz. Nagusiena: proba bakarra egin beharrean bi egingo dituztela. «Batetik, Masters proba, Euskal Herriko eta Espainiako eskalatzaile onenei zuzendua, otsailaren 15ean; ondoren, Open proba edo irekia, maila apalagoko eskalatzaileei zuzendua, martxoaren 8an», jakinarazi du Ander Gorostitzuk, rokodromoaren arduradunak.

Datorren larunbatean izango da, beraz, Klimb Zarautz Mastersa. Hor elkartuko dira Euskal Herriko eta Iberiar penintsulako espezialistarik onenetako batzuk. Izenak aipatzen hasita, Julia Benach eta Aida Torres dira faborito nagusietako bi, eta hor izango dira iaz finalera iritsi zen Paula Traverso eta Maria Paredes ere. Etxekoak ez dira atzera geratuko. Besteren artean, Zarautzen lehiatuko dira aurreko asteburuan Euskadiko txapelketako podiumera igo ziren hirurak: Maddi Agirre, Elur Arteaga eta Intza Elizalde. «Hemen entrenatzen dira gainera, Klimb Zarautzen», jakinarazi du Gorostitzuk.

Gizonetan, Guillermo Peinado etorriko da, «oraintxe bertan Espainiako onena, agian», Gorostitzuren esanetan, baina ez zaio lehiakiderik faltako. Eneko Carretero zumaiarra (Gipuzkoa), Andres Vila valentziar gaztea, Alejandro Crespo, iaz finalera iritsi zen Escalle Baptiste, Lluc Macia... eskalatzaile on asko izango dira Mastersean. «Espainiako Kopan oso indartsu dabiltzan 16-17 urteko gaztetxo mordoa ere badator. Mikel Linazisoro ere izena emanda dago, baina ez daki azkenean etortzeko moduan izango den ala ez. Maila aparta izango da», nabarmendu du Gorostitzuk.

Ander Gorostizu, Klimb Zarautz rokodromoaren arduraduna
Ander Gorostitzu, Klimb Zarautz rokodromoaren arduraduna. JON URBE / FOKU

Klimb Zarautz Mastersaren helburua da Europako jendea erakartzea pixkanaka. Beste era batera esanda: Europako txapelketa izatea. «Poliki-poliki joango gara bidea egiten, luzera begirako lana da hau», nabarmendu du Gorostitzuk. Hain zuzen, aurten egingo du lehen urratsa bide horretan: datorren larunbatean, Jacky Godofee eskalatzaile entzutetsuak (Melon, Frantzia, 1956) ekipatuko ditu blokeak. Munduko erreferentzia nagusietako bat da Godofee, kirol eskaladaren aitzindari bat, eta bideak ekipatzen edo routesetter lanetan ere munduko onenetakoa da. «Berak ekipatuko ditu sailkapeneko eta finaleko blokeak, Madrilgo Sputnik rokodromoko ekipatzaile Juan Antonio Jimenez Portillorekin (@boulderlab) eta Klimb Zarautzeko ekipatzaileokin batera. Ohore bat izango da guretzat», azpimarratu du Gorostitzuk.

«Aukera polita da Espainiako Kopan aurre-aurrean dabilen jendearekin lehiatzeko eta Jacky Godofeek ekipatutako blokeetan eskalatzeko»

ANDER GOROSTITZUKlimb Zarautz rokodromoaren arduraduna

Klimb Zarautz rokodromoaren arduradunak Godofee ekarri nahi zuen probako bideei eta blokeei Munduko Kopako eta nazioarteko probetako maila emateko, eta, hala, nazioarteko probetan parte hartzen duten eskalatzaileak erakartzeko. «Bi aukera genituen: sari mardulagoak banatu eta bideak guk ekipatu; edo munduko ekipatzaileei bide zailagoak diseinatzeko eskatu, eta eskalatzaileei aukera eman saio on bat egiteko, mundu mailako probetan izaten diren blokeetan. Bigarren horren alde egin dugu».

Edonola ere, sariak ez dira nolanahikoak: 1.000 euro bi irabazleentzat, 500 euro bigarrenentzat eta 300 euro hirugarrenentzat.

25 bloketatik hamabi onenak hartuko dira aintzat

Puntuazio sistema ere aldatu egingo dute iazkoarekin alderatuta. Eskalatzaileek gutxiago eskalatu beharko dute. Bloke gogorragoak izango dituzte, baina ez dituzte guztiak egin beharko. Guztira 25 bloke ekipatuko ditu Godofeek, eta bost zailtasun; hau da, zailtasun bakoitzeko bost bloke. Puntuazioetarako, berriz, gainditutako 12 bloke gogorrenak hartuko dira kontuan.

«Iaz dena ondo joan zen, baina eskalatzaileei galdetu genienean zer aldatuko zuketen, batzuek aipatu ziguten agian ondo legokeela bloke gutxiago eskalatu behar izatea. Azken batean, maila handiko eskalatzaileek ez dute bloke errazetan hatzetako azala urratu nahi, edo nekatuegi egon gero bloke gogorrei aurre egiteko. Horretan ere, Europako txapelketetan jokatzen den antzeko moduan jokatu nahi dugu», azaldu du Gorostitzuk.

Aurten ETB4 katean eta eitb.eus webgunean emango dute proba zuzenean, eta, otsailaren 23an, 10:45ean, ETB1 katean emango dute grabatutako emanaldia. «Oraindik ere irekita dago izena emateko epea. Etor dadila jendea parte hartzera eta ikustera. Aukera polita da Espainiako Kopan aurre-aurrean dabilen jendearekin lehiatzeko eta Jacky Godofeek ekipatutako blokeetan eskalatzeko», animatu nahi izan ditu eskalatzaileak Gorostitzuk.

Mastersaren ondoren, Klimb Zarautz Opena izango da martxoaren 8an, eta martxoaren 9an, berriz, eskalatzaile gaztetxoen topaketa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.