Klimb Open, irekia, zabala…

Zarauzko Klimb rokodromo berriak antolatutako lehen boulder txapelketa jokatuko da bihar. Euskal Herriko eta Espainiako eskalatzailerik onenak izango dira, eta arratsaldeko finala ETBk emango du zuzenean 'streaming' bidez ('eitb.eus') eta ETB4 katean.

KLIMB ZARAUTZ ROKODROMOA
Klimb Zarautz rokodromoaren hormetako bat. JON URBE / FOKU
ramon olasagasti
2024ko martxoaren 1a
05:00
Entzun

Open, irekia, zabala... esanahi bertsuko hitzak dira, baina bakoitzak badu bere ñabardura. Erabil litezke bihar Zarauzko Klimb rokodromoan izango den txapelketa nolakoa izango den azaltzeko: Klimb Open da probaren izena, Euskal Herriko eta Espainiako eskalatzaile onenetakoak bilduko dira, eta irekia ageri da lehia, baina, aldi berean, zabala da partaideen zerrenda eta soslaia ere. Eta erabil daitezke rokodromoa nolakoa den azaltzeko ere: irekia, eskalada maite duen ororentzat; zabala, rokodromoetako bloke eta eskalada molde berriak gustuko dituenarentzat nahiz arrokako eskola zaharreko bide motak gogoko dituenarentzat...

Urtebete da Ander Gorostitzuk (Ataun, Gipuzkoa, 1977) eta Gloria Urkolak (Tolosa, 1979) Zarautzen Klimb rokodromoa zabaldu zutela. «Hemen inguruko eta Espainiako rokodromo gehienak bisitatu genituen, Gorka Karapetorekin hitz egin genuen zehaztasun teknikoei buruz, eta hasieratik kalitatearen alde egin dugu apustu: diseinua, koltxonetak eta heldulekuak... den-dena Europako punta-puntako markekin egin dugu», azaldu dute Gorostitzuk eta Urkolak.

ANDER GOROSTITZU ZARAUZKO KLIMB ROKODROMOAREN ARDURADUNA
Ander Gorostitzu Klimb Zarautz rokodromoaren arduraduna. JON URBE / FOKU

Dena ez da, ordea, instalazio eta materialera mugatzen, zerbitzua ere ahalik eta hurbilekoena eta onena ematen saiatzen da Klimb, jendearekin egoten, aholkuak ematen, eskola zaharraren esentzia horri eusten.... «Soka batekin arrokara bakarrik joaten bazinen, beti aurkitzen zenuen norbait zu segurtatzeko. Rokodromoan ere lagun giro horri eutsi nahi diogu, eta filosofia horrekin ari gara lanean, The Klimb Society edo rokodromoko lagunarte bat sortzeko ahaleginean», dio Gorostitzuk. Alde horretatik, berez kirol indibiduala izan arren, eskaladaren alderdi soziala azpimarratu du Urkolak: «Jende asko bakarrik etortzen da, eta hasten da batekin edo bestearekin hizketan ‘nik bloke hau horrela egin dut’, ‘nik beste era horretara’... Topagune bat da. Horregatik, alderdi txikiak ere zaintzen saiatzen gara, musika adibidez, jendea gustura egon dadin».

«Rokodromoan ere [arrokako eta eskola zaharreko] lagun giro horri eutsi nahi diogu, eta filosofia horrekin ari gara lanean, The Klimb Society edo rokodromoko lagunarte bat sortzeko ahaleginean».

ANDER GOROSTITZUKlimb Zarautz rokodromoaren arduraduna

Bada beste xehetasun bat Klimb berezi egiten duena: magnesio hautsa erabil daiteke. «Uste dugu garrantzitsua dela, eta eskalatzaileek eskertzen dutela. Saiatzen ari gara heziketa pixka bat ere egiten. Kontua ez da debekatzea, erakustea baizik; magnesioa erortzen bazaizu, eskuko xurgagailu txikia hartu eta garbitu; norberaren gauzak sarreran utzi; rokoa zurea balitz bezala zaindu…», azaldu dute Gorostitzuk eta Urkolak.

Topagune izateko, lagun giro hori sustatzeko eta eskaladari berari bultzada emateko asmoarekin antolatu dute lehen Klimb Opena edo boulder txapelketa. Apustu handia egin dute, eta sariak ere duinak izatea nahi izan dute: bi txapeldunek 1.000 euro eskuratuko dituzte. Hala, guztira 150-160 partaide artean izango dira biharko lehian, Euskal Herriko eta Espainiako eskalatzailerik onenak tartean. «Horietako asko eta asko Espainiako txapeldun izandakoak, absolutuetan bost aurrenekoen artean ibilitakoak, 18 edo 16 urtez azpikoetan Europako aurrenekoen artean ibilitakoak edota Espainiako txapeldun izandakoak dira. Eta top horiez gain, 8c gradutik gorako asko eta asko».

Txapelketak halako maila, partaidetza eta sari hornidura izateko, babesleek eta laguntzaileek agertutako konplizitatea eskertu dute Klimb-eko kideek. Babesle nagusiak Aia Tailerrak, Crossfit Zarautz, Hito Holds, Muskers eta La Sportiva izan dira. Laguntzaileak, berriz, Punk Setter, Natural Progression, Wogu Climbing eta Desnivel.

Maila goreneko eskalatzaileak

Zarautzen izango dira, besteak beste, Mikel Linazisoro, Eneko Carretero, Alex Crespo, Esparta anaiak (hirurak), Enrique Beltran, Manex Guenetxea, Lizer Aznarez, Eloi eta Ibon Lorente anaiak, Eñaut Uson, Geila Macia, Rebeca Perez, Irati Zabala, Elur Arteaga, Maddi Agirre, Maria Feo, Garazi Gurrutxaga, Haizea Oses... Luze, oso luze joko luke goi mailako eskalatzaileen eta faboritoen zerrenda osatzeak. Bilduko diren eskalatzaile horietatik guztietatik sei baino ez dira igaroko finalera, eta Gorostitzuk iragarri du «oilarren bat kanpoan» geratuko dela.

MIKEL LINAZISORO ZARAUZKO KLIMB ROKODROMOAN
Mikel Linazisoro, Klimb Zarautz rokodromoan eskalatzen. Bera izango da faborito nagusietako bat biharko lehian. JON URBE/ FOKU

Mikel Linazisoro da hautagai nagusietako bat, Espainiako boulderreko iazko txapelduna (Bergara, Gipuzkoa, 1991). «Garaipena daukagu buruan. Lehia estua izango da, baina gu bete-betean etorriko gara», aurreratu du. Bergararra aldian-aldian joaten da Zarauzko Klimb-era, eta rokodromoaren ezaugarriak azpimarratu ditu: «Gaur egun, rokodromoetan mugimendu dinamikoak landu nahi izaten dira, saltoak, koordinazioa, helduleku handiak... eta horiek ondo daude eskalatzen ikasteko, baina mugimendu horietako asko arrokara ez dira oso ondo egokitzen. Arrokan, denak erregeleta txikitxoak edo bi hatzetako mugimenduak dira, eta Klimben akordatzen dira arrokan eskalatzea gustatzen zaigunokin, eta saiatzen dira arrokako ezaugarriak dituzten blokeak ere jartzen». Horrez gain, kilter esaten dioten horma ere harkaitzean sokarekin eskalatzeko oso egokia dela nabarmendu du Linazisorok. «Helduleku txikitxoak dira, hormako makurgunearen gradua molda dezakezu eta nahi duzun gradura jarri...».

«Euskal Herrian ez dago horrelako txapelketa asko, eta eskertzen da rokodromoek horrelakoak antolatzea. Guretzat ondo datoz entrenatzeko eta motibatuta egoteko».

MIKEL LINAZISORO Eskalatzailea

Linazisorok asko eskartzen ditu rokodromoen ekinaldi hauek. «Euskal Herrian ez dago horrelako txapelketa asko. Factoryn egiten dute bat, baina gainerakoan ez dago askorik, eta eskertzen da rokodromoen aldetik ekimena hartzea eta horrelakoak antolatzea. Guretzat ere ondo datoz entrenatzeko eta motibatuta egoteko».

Igandean, gaztetxoen topaketa

Biharko elite mailako txapelketaren ondoren, igandean 7 eta 15 urte bitarteko eskalatzaile gaztetxoen topaketa izango da Klimben. Hor ere 150 eskalatzaile inguru bilduko dira, kirol honen geroa, eskaladaz gozatzea beste helbururik gabe, ez baita izango ez lehiarik eta ez sailkapenik. «Batzuk izango dira inoiz eskalatu ez dutenak, eta beste batzuk ibilitakoak. Horregatik, larunbateko bloke batzuk mantendu egingo ditugu helduleku gehigarriren bat jarrita. Bakoitzari, dominaz gain, La Sportiva etxearen magnesiorako poltsatxo bat emango diogu opari, magnesio eta guzti, erabiltzeko prest».

EGITARAUa

  • Martxoak 2, larunbata.
    Lau txanda 35/40 eskalatzailerekin ikuslerik gabe. 09:00-11:00, ⁠11:00-13:00, ⁠13:00-15:00 eta ⁠15:00-17:00 tarteetan izango dira lau txandak.
    Finalak (ETB4 eta eitb.eus): Kanporaketen eta elkarrizketen bideoak emango dira, eta, ondoren, sei finalisten aurkezpena egingo da. Finalistek sei minutu izango dituzte blokeak aztertzeko, eta lau minutuko txandak (neska bat eta mutil bat batera) blokeak egiteko. Finalaren ondoren, sari banaketak, mailaz maila.
  • Martxoak 3, igandea.
    Lau txanda izango dira: 9:15-10:30, 10:30-11:45, 11:45-13:00, 13:00-14:15.
    Txanda bakoitzean 35 eskalatzaile ariko dira, eta eskalatzaile bakoitzeko heldu bat sartu ahal izango da.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.