Mendia. Alpinismoa

Klasikoa eta modernoa

Bi garairen uztarketa irudikatu dute Herve Barmassek eta Iker eta Eneko Pou anaiek Mont Blancen irekitako bidearekin; Alpeetatik, gero, Rio de Janeirora egin dute jauzi.

Eneko Pou, Azukrezko Ogia mendigunean eskalatzen. POU ANAIAK.
2011ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Alpeetako izotzetik Brasilgo eguzkira. Mont Blanceko bakardadetik Rio de Janeiroko kale itogarrietara. Aste gutxiren buruan, antzekotasunik ez duten bi eremutan izan dira Iker eta Eneko Pou. Herve Barmasse alpinistaren gonbidapenari helduta izan ziren Mont Blancen; Hego Ameriketara kirol eskaladak eta horma handiek erakarrita joan dira.

Abuztuan Barmasserekin Mont Blanc mendian ireki zuten bideak gaurkotasuna hartu du Walter Bonatti alpinistaren heriotzaren harira. Izan ere, Herve Barmassek, Alpeetako hiru mendi garaienetako bakoitzean bide bat irekitzeko asmoa aurkeztu zuenean, Bonattiren izena eta izana goraipatu eta haren estiloari jarraitu nahi ziola nabarmendu zuen. Cervinon ireki zuen hiru bideetan aurrena Barmassek, bakarrik igota, sokalagunik gabe. Mont Blanc mendiaren hego aurpegian ireki asmo zuen biderako, berriz, Iker eta Eneko Pou anaiak izan zituen bidelagun.

«Bonattik 1959an Mont Blancen aldameneko monolitoak eskalatu zituenean erabilitako etikari eta filosofiari jarraitu nahi genien. Estilo hura klasikotzat eta modernotzat definituko nuke, aitzindariek zerabilten estiloa islatzen baitu; etxera itzultzeko Mont Blanceko tontorrera iritsi beharra zuten. Horregatik jarri diogu bideari La Clásica Moderna izena». Hala azaldu du eskaladaren funtsa Barmassek. Iker eta Eneko Pouk ere ahotan izan dute Bonatti: «Haren estiloa imitatzen saiatu ginen, haren tenorea edukitzen, haren tenplea eta odol hotza mantentzen, jakinda Bonatti bat eta bakarra zela».

Paraboltik erabili gabe, eskalatzaile aitzindarien bidetik eta tontorretik gertu bibak eginez igo ziren hiru mendizaleak, eta La Clásica Moderna izena jarri zioten bideari. Mont Blanc mendiaren hegoaldeko aurpegian ireki zuten bidea, Aosta ibarretik sartu eta Freneytik igota. Ezinbestekoa zutena bizkarreratu eta eskaladarako oinarrizko materiala hartuta abiatu ziren mendian gora.

Lehenengo egunean 11 luze ireki zituzten, harkaitzean. Eskalatzaileen iritzian, 6c mailako zailtasuna zuten luzerik zailenek. Bidean, Monzino aterpetxean egin zuten gauetako bat (2.590 m), eta Ecclesekoan beste bat (3.850 m). Tontorretik gertu zirela pasatu zuten azken gaua, 4.765 metrora, Courmayeur aurpegian. Jaitsiera mendiaren beste isurialde batetik egin zuten, Chamonixera jaisteko. Emaitzak erabat gogobete zituen poutarrak: «Esker hitzak baino ez ditugu Barmasserentzat. Harekin joateak geure kasa ezagutuko ez genituzkeen hainbat eremutan eskalatzeko aukera eman digu».

Cervinon eta Mont Blancen bide bana ireki ondoren, hirugarren urratsa Monte Rosan egin asmo du Barmassek. Azken horretan sokalagun berezia izango du aldamenean: Marco Barmasse aita. Egunotan dute saioa egiteko intentzioa.

Gullichen arrastoa

Alpeetatik itzuli, eta hilabete pasatxo egin dute Brasilen poutarrek. Otsailean ere han izan ziren, eta orduan ezagututako hainbat bide eskalatzera joan dira. Aurrenekoa Iker Pouk kateatu zuen: Wolfgang Gullichek 1987an ireki eta eskalatutako bat, Southern Confort edo La vía del Alemao. «Poz handia eman zidan, Gullichek irekitakoa delako eta haren bideek beti dituztelako berezitasunak. Itsasertzean dago eta hezetasun handiko bide bat da, motza eta intentsitate handikoa», azaldu du Iker Pouk.

Rio de Janeiroko egonaldia horma handietako bi bide eskalatuta borobildu dute: Azukrezko Ogia mendigunean dagoen bide bat, batetik (La vía del Totem), eta hiria zaintzen duen gurutze erraldoira ateratzen den bat, bestetik (Atalio del diablo). Biak dira bide dotoreak, eskalatzaileen hitzetan, eta eskaladarekin ez ezik, hiriaren ikusmira dotorearekin ere gozatzeko modua izan dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.