–Dindilindin, dindilindin,...
Txintxarri baten hots leunak goitik baten bat datorrela ohartarazi digu. Hartz asko omen daude, eta hartzei txintxarriz ohartarazten diete pertsonak igarotzen ari direla. Zurezko eskailera pikoaren hasieratik gora begiratu, eta han ikusi ditugu bi lagun, bazterretik guri begira, eta zain. Motxila astun samarra bizkarrean, eta mailatik mailara tarte handia izateagatik, poliki igo gara.
Goian:
–Konichiwa, arigato gozaimas !! (Egun on, eskerrik asko, barka ezazue!)
Horra hor japoniar mendizaleen ezaugarria; mendian gurutzatuz gero agur beroak irribarrez bustita egingo dizkizute. Beste ezaugarria: datorrenari bidea ematea. Ez dute inolako nagikeriarik bide bazterrean gelditu, eta igarotzen uzteko, sekula santan «animo!, gutxi falta zaizue!» gorrotogarria bota gabe.
Atzo, Hirogawara 1.520 m parkingetik abiatu, eta Shirane-oike-koya 2.236 m aterperako norabidea hartu genuen. Bideak baso ederretik ekarri gintuen. Zuhaitzen erroek bidea besarkatu egiten zuten; halakoetan, erroi helduz, igarotzen genituen leku pikoak. Astigar, urki, akazia, eta zedro erraldoiak. Baita japoniar zuhaitzak ere: sawara, asunaro, eta kouyamaki konifero motak.
Shirane-oike-koya aterpean igaro dugu gaua: garbia, lasaia, janari ona, komunak garbiak baino garbiagoak.
05:30ean abiaturik, 3.30 ordu behar izan ditugu Kita-dake mendiaren hego lepora iristeko. Beste 1.30 ordu Japoniako bigarren gailurrean esertzeko, eta inguruko paisaiaz gozatzeko.
Gailurretik ordu erdi batean jaitsi gara Kita-dake Kata-no-koya aterpe txukunera (2.843 m). Hemen lo egiteko asmoa dugu. Ez dugu, tamalez, hartzik ikusi. Bai gailurretik, Fuji san mendiaren irudi aratza.
Han da Fuji san!
Irudi aratzekoa
Soila garbi urrundik
Matsumoto (Japonia)
2024ko irailaren 15a