Juan del Campo. Eskiatzailea

«Kirola eta emaitzak asko erlatibizatzen ikasi dut»

Inoizko denboraldirik onena osatzen ari da aurten Del Campo. Azken bi urteetako zorigaitza alde batera utzi, eta harengan jarrita zeuden aurreikuspenak betetzen ari da. Baina oinak lurrean ditu, badakielako zer den kirolaren alde iluna.

GUILLAUME HORCAJUELO / EFE.
Unai Ugartemendia.
2023ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Urte gogorrak izan dira azken biak Juan del Campo eskiatzailearentzat (Mungia, Bizkaia, 1994). 2021ean peronea hautsi zuen, eta, lesio horren erruz, Olinpiar Jokoetatik kanpo geratu zen ia. Ez zuen, ordea, amore eman. Lesiotik osatu, psikologikoki lan handia egin, eta eskiak ere aldatu zituen. Orain ari da horren emaitzak jasotzen. 21. izan da asteburuan eslalom proban, Courchevelen (Frantzia) jokatutako Munduko Txapelketan. Inoiz lortu duen posturik onena da.

Urtea hasi denetik izugarrizko denboraldia egiten ari zara. Gustura egongo zara, ezta?

Bai, oso. Gauzak ondo ateratzen ari zaizkit, eta emaitzak ere aldekoak izaten ari dira. Espero bezain progresioa izaten ari naiz, gainera. Orain arte, behintzat, maila badudala erakutsi dut. Halere, erakusten ari naizen sasoirako, emaitzak ez dira hain onak izaten ari.

Nola joan dira azken lasterketak?

Urtarrila nahiko korapilatsua izan da, beroagatik, eta lasterketetan aurrekoek baino esfortzu handiagoa egin behar izaten genuen. Elurra ez zegoen bere onenean, eta horrek gauzak asko zailtzen ditu. Baina hurrengo lasterketetan erakutsi nuen non egon naitekeen. Taldean ere aipatu didate garapen egokia izaten ari naizela. Hori da garrantzitsuena.

Sasoi betean zaudela ageriko da. Zu ere hala sentitzen zara?

Bai, bai, sasoiko nago. Inguruan talde bikaina daukat, eta Quim Salarichen erreferentzia ere hor daukat. Hori guztia kontuan hartuta, normala da emaitza onak izatea. Udaz geroztik bikain ari gara lanean, dinamika onean, eta helburu zehatz batzuekin, bai teknikoki, baita materialarekin ere. Lan handia egin dugu jaitsierekin, eta arlo psikologikoa ere asko landu dugu. Lan horren guztiaren fruitua jasotzen ari gara orain.

Munduko Kopako proba batean 22. postuan amaitzea ez da egunero lortzen.

Izugarria izan zen! Oso leku berezian lortu nuen, gainera, Schladmingen [Austria]. 2019an bigarren txandara igarotzea lortu nuen zirkuitu berean izan zen. Beti izan ditut oroitzapen onak.Lasterketarik garrantzitsuena da, eta eskiaren lurraldean jokatzen da, eta 45.000 pertsona zeuden proba ikusten. Sinestezina izan zen, eromena! Inoizko posturik onena lortu nuen, eta lehen txandan denbora hobexeago bat egin izan banu, gorago amaitzeko aukera izango nuen. Sentsazio izugarriak izan izan nituen jaitsiera guztietan. Oso-oso pozik nago.

Proba amaitzean, laino batean bezala sentitzen zinela adierazi zenuen.

Bai. Denbora asko neraman horren atzetik, eta ez nuen lortzen. Baina azken lasterketetan jada gorputzaldi hobea nabaritu nuen. Ikusten nuen momenturen batean lortuko nuela, eta oso lasai nengoen. Baina kirol honetan, elurraren egoerak ere asko baldintzatzen du edozein jaitsiera. Halako batean lortu nuen, eta lekurik egokienean, gainera.

Azken urteetako zorigaitzen ondoren, aurtengorako gogotsuago zeunden?

Azken bi urteak nahiko gogorrak izan dira. 2021ean peronea hautsi nuen, eta 2022an Olinpiar Jokoetatik kanpo gelditu nintzen. Kolpe gogorra izan zen. Asko arriskatu genuen, eta gaizki atera zen. 2021eko ekainean apurtu nuen peronea. Sei hilabete baino ez ziren falta Olinpiar Jokoetarako. Ebakuntza egin, eta plaka bat eta sei torloju jarri zizkidaten. Ondoren, bi aukera nituen; denboraldia amaitu bitarte haiekin jarraitu, eta Olinpiar Jokoen aldeko apustua egin; edo plaka eta torlojuekin bost hilabete egon, kendu, eta bi astean jokatzen ziren lasterketetan lortu Olinpiar Jokoetarako sailkapena. Lehenaren alde egin genuen, aukera gehiago ikusten genituelako. Baina oso zaila izan zen denboraldi osoa plakarekin eta torlojuekin lehiatzea.

Zer dela eta?

Uste baino min handiagoa egiten zidaten. Materiala ere aldatu egin nuen, azken urteetakoekin alderatuta. Gauza txar asko gertatu zitzaizkidan. Psikologikoki oso urte gogorra izan zen. Izan ere, Olinpiar Jokoak ez dira urtero jokatzen, eta bertan egoteko aukerak ez dira egunero izaten. Lau urteko lanaren isla izaten da bertan egotea. Ni bertan egoteko prest nengoen, adina ere bikaina neukan, mentalki ere ondo nengoen... Emaitzak ez ziren onak izan, eta ezin izan nuen Pekinera joan. Baina hori da kirola, ez dago besterik.

Ez zen samurra izango Olinpiar Jokoetan ez zinela egongo onartzea, ezta?

Ez, ez zen batere erraza izan. Ez nintzela egongo baieztatu zidatenean, presidenteak [Espainiako Eski Federaziokoak] deitu ninduen esanez sentitzen zuela, merezi nuela bertan egotea azken urteetan egindako lanarengatik... Nik argi esan nion: Olinpiar Jokoetan merezi dutenek egon behar dutela, kirola zela, eta onartzea besterik ez nuela. Kirola ere bizitzaren isla da. Hemen ere inork ez du ezer oparitzen, eta askok, gainera, oztopoak besterik ez dituzte jartzen.

Kirolaren alde iluna ezagutu zenuen iaz?

Bai, baina kirola besterik ez da! Zer esango dute Turkian senideren bat etxe baten azpian galdu dutenek? Eta Ukrainako gerran dabiltzanek, edo egunero kalean gosez hiltzen ari direnek? Hori da errealitatea, eta ez kirola. Goreneko kirola gogorra da, baina mundua ez da hor amaitzen. Emaitzak asko erlatibizatzen ikasi dut.

Gaur egun erabat osatuta zaude lesiotik?

Baietz esango nuke. Urte gogorra izan zen, baina dena bere lekuan dagoela dirudi. Mugikortasun apur bat galdu dudala ikusten dut, baina oso gutxi: %5 inguru. Egunero, goizean jaikitzerakoan, lehen bi hitzak beti berdinak ziren: «Plaka nazkagarria!». Gorputzean halako zerbait izatea ez da batere erosoa. Baina oso errehabilitazio ona egin nuen. Eskerrak ondo egin nuen, eskiatzaile batentzat oso lesio konplexua baita peronekoa.

Momentu txarrak pasatu zenituela aitortu duzu. Baina uneren batean pentsatu zenuen zure kirol ibilbidea amaitu egingo zela?

Bai, eta ez egun batean soilik. Horrelako egun asko izan nituen.Izan ere, kirola egiten jarraitzeko arazoak izateaz gain, ez nekien nola egongo nintzen ohiko bizimodu bat egiteko. Askotan pentsatzen nuen: «Gai izango al naiz berriro ere oina lurrean normaltasun osoz ipintzeko?». Denboraldi erdira arte, askotan pentsatu nuen beste zerbaitetan hasi beharko nuela. Onena zera izan zen:jada ezin nuela okerrago egon. Ez neukan ezer galtzeko. Zorionez, dena ondo atera zen.

Nola bideratu zenuen egoera hori?

Denboraldi amaieran, asko eginnuen behera rankingean, etaoso-oso erreta amaitu nuen. Plaka kendu eta biharamunean, nahiz eta puntuekin egon, lagun batekin enduroko motorra hartu, eta Marokora joan nintzen. Ez nuen ezer jakin nahi eskiaz eta jendeaz ekainera arte! Eskien marka ere aldatu egin nuen, eta hutsetik hastea erabaki nuen. Ordura arte neukan eski markak ez zidan batere kasurik egiten, eta alde horretatik ere oso erreta amaitu nuen. Atomic etxearen material berriarekin oso gustura hasi nintzen, eta hori ere izan daiteke aurtengo denboraldiko emaitza onen gakoetako bat.

Eta, orain, babestua sentitzen zara?

Oso eskertua nago Basque Team taldearekin. Izugarria da ematen diguten babesa. Oso gertuko sentitzen ditugu une oro. Denetik eskaintzen digute: medikua, nutrizionista, gimnasioa ere badugu Fadurako zentroan... Dena gure eskura daukagu, eta alde horretatik oso gustura nago. Agian, enpresa pribatuen laguntzaren falta sumatzen dugu. Are gehiago kontuan hartuta Espainiako selekzioaren ia % 40 euskal herritarrak garela. Hori da gehien harritzen nauena.

Emaitzetatik harago, gaur egun inoizko sasoirik onenean zaudela uste duzu?

Teknikoki, taktikoki eta fisikoki, inoiz ez bezala nago. Psikologikoki egindako lana izugarria izan da, eta konfiantza handia daukat neure buruarengan. Iruditzen zait datozen bi urteetan jauzi handia egin dezakedala, eta Cortina d'Ampezzon [Italia] jokatuko diren Olinpiar Jokoetan daukat jarrita itxaropena.

Orain sekulako emaitzak lortzen ari zara, baina lehen ere ez zinen horren gaizki aritu. Hala iruditzen zaizu zuri ere?

Nik lehen eta orain lanean jarraitu dut. Horretan ez naiz aldatu. Lehen ere oso saiatua nintzen. Halere, azken urte eta erdian gehien ikasi dudana zera da: nire lanarekin ez itsutzen. Lehen dena entrenamendua eta eskia ziren, ez nuen beste konturik. Orain, berriz, proba baten ostean parranda txiki bat egitea gustatzen zait [barrezka]. Kirola erlatibizatzen ikasi dut. Bizitzan, mila gauza daude kirola baino garrantzitsuagoak. Bizitza bakarra daukagu, eta bizitzen ikasi behar dugu. Entrenatzeko garaian ere lan karga jaisten ikasi dut. Orain garrantzitsuena kalitatea da, kantitatearen gainetik. Quim Salarichengatik asko ikasi dut hori. Esperientzia izateak ere asko lagundu dit horretan.

Aldaketa horiek egin ahal izateko kanpoko laguntza behar izan duzu?

Bai, eta izugarri lagundu dit. Iaz izandako ezbehar batek asko lagundu zidan begiak irekitzen. Niretzat arreba bat bezalakoa zen lehengusu bat galdu nuen. 28 urtebesterik ez zituen. Bizitza guztia zeukan aurretik, baina urdaileko minbizi gogor batek eraman zuen. Aldi berean, ni burua altxa ezinik nenbilen. Une haietan zera pentsatu nuen: «Baina zertan nabil ebakuntza bategatik erotu beharrean?». Azken finean, nahi dudan tokian nago, nahi dudana egiten. Ezin diot bizitzari gehiago eskatu.

Hasieran zer helburu zenituen aurten?

Lehenik, asteburuan Courchevelen [Frantzia] jokatu berri dudan Munduko Txapelketa. Helburu nagusia, halere, Munduko Kopako probetan hiruzpalau aldiz bigarren txandarako sailkatzea zen. Oraindik aukera dut. Europako Kopan, berriz, lehen hamarren edo hamabosten artean sailkatzea zen. Oraingoz, behin hamabosgarren, eta bitan hamargarren sailkatu naiz. Haietako batean, 30 ehunengatik ez nintzen podiumean sartu. Oraingoz helburuak betetzen ari naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.