Kirol legezko keinu eder bat Ibarrako Piperra mendi duatloiaren XIV. aldian

Ibai Ormaetxea eta Iker Eskisabel batera helmugaratu ziren gizonezkoetan, eta Maite Urteaga gailendu zen nesketan. Larunbatean jokatuko da azken proba, Adunan, eta, hain justu, sailkapen nagusia asko estutu da gizonezkoetan.

Ibai Ormaetxea eta Iker Eskibel helmugaratu ziren lehen postuan, biak batera. IMANOL GARCIA LANDA / ATARIA
Ibai Ormaetxea eta Iker Eskibel helmugaratu ziren lehen postuan, biak batera. IMANOL GARCIA LANDA / ATARIA
ramon olasagasti
2024ko azaroaren 19a
12:30
Entzun

Kirol lehiarako tartea emateaz gainera, naturarekin harreman sano bat sortzea eta balio batzuk transmititzea da Euskal Herriko Mendi Duatloien Zirkuituaren helburu nagusia, eta kirol legea islatzen duen keinu eder baten lekuko izan ziren, hain zuzen, Ibarrako Piperra mendi duatloiaren XIV. ekitaldian. Izan ere, lasterketa eder bat osatu ostean, elkarrekin sartu ziren helmugara Iker Eskisabel eskoriatzarra eta Ibai Ormaetxea arrasatearra, irabazteko lehiatu gabe. 1.19.31ko denbora behar izan zuten biek duatloia osatzeko. Proba amaituta, biek adierazi zuten garaile sentitzen zirela. Txipak Ormaetxeari eman zion garaipena, baina hori zen gutxienekoa. Emakumezkoetan, berriz, Maite Urteaga zumaiarrak irabazi zuen.

Zirkuituko sailkapen nagusiari dagokionez, Ibarran hirugarren postua lortuta, Eneko Gurrutxagak asko txikitu du Josu Urrestarazurekin zuen aldea –Ibarran bosgarren izan zen–; hala, idiazabaldarrak 11 punturen aldea baino ez du izango bere alde Adunako azken proban. Emakumezkoetan, Nekane Pradera gasteiztarrak lidergoa sendotu zuen Ibarran hirugarren geldituta, eta oso bideratua du sailkapen nagusiko lehia, hirurogei punturen aldea ateratzen baitio Ainhoa Markinezi —Ibarran atzetik izan zuen—.

Eguraldiak eta ibilbideak lagunduta, lasterketa bizkorra izan zen Ibarrakoa. Hamalaugarren ekitaldia zuen aurten duatloiak: hasieratik eusten dioten proba bakarretakoa da. Mutiletan, korrikako lehen sektoretik jarri zen Ormaetxea lehiaketaren buruan. 4,3 kilometroko tarte horretan, 26 segundoren aldea atera zion Eskisabeli, baina eskoriatzarrak harrapatu egin zuen bizikletako 16,3 kilometroko tartean, eta, hala, elkarrekin egin zituzten azken 2,4 kilometroak. Korrika gehiago zen bat, eta bizikletan, bestea. Hala, hitzen ia beharrik gabe, begiratu hutsarekin, adostu zuten helmugara biak batera iristea.

Gurrutxaga amasarrak atzetik aurrerako lasterketa egin zuen: korrikako lehen sektorea hamargarren postuan amaitu ondoren, bizikletan postu asko aurreratu zituen, ohi duen moduan, eta duatloia hirugarren postuan amaitu zuen azkenean, 1.20.38ko denborarekin. Hirugarren eginda batutako puntuak oso baliagarriak izango zaizkio Gurrutxagari azken proban, modua emango baitiote sailkapen nagusiko lehian borrokatzeko.

Ibarrako Piparra Mendi Duatloiko lehen hiru neskak
Emakumezkoen arteko hiru aurrenekoak: Maddi Olaetxea bigarrena, Maite Urteaga irabazlea eta Nekane Pradera hirugarrena. IMANOL GARCIA LANDA / ATARIA

Emakumezkoetan, Maite Urteaga zumaiarrari gurpila zulatu zitzaion bizikletako azken zatian, baina sustoa baino ez zen izan, eta aurretik pilatua zuen aldeak balio izan zion lehen postuari eusteko (1.42.12). Minutu baten aldearekin gailendu zitzaion helmugan bigarren izan zenari, Maddi Olaetxeari (1.43.12). Zirkuituko liderrak osatu zuen podiuma, Nekane Pradera gasteiztarrak (1.49.36).

Erreleboetan, Andoni Guridi eta Aitor Urizar oñatiarrak izan ziren garaile (1.19.14); Liher Unzueta eta Iker Barandiaran arrasatearrak gelditu ziren bigarren (1.20.01), eta Mikel Olalde eta Pablo Zubia oñatiarrak hirugarren. Debagoieneko kirolariak, beraz, nagusi izan ziren erreleboen proba horretan.

Duatloian, gaztetxoak kirol horretara erakartzeko saiakera ere egin zuten: haien ahalmenera moldatutako mendi duatloi bat ere izan zen, sailkapenik gabea, denen gozagarri.

Bost proba ederren ostean, datorren astean ebatziko da Euskal Herriko Mendi Duatloien Zirkuituko lehia, Adunan, eta gauzak gori-gori daude, batez ere gizonezkoetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.