Kirol eskalada

Kirol eskalada, bidegurutzean?

Eskaladako azpiegiturak asko ugaritu eta hobetu dira azken urteotan, eta kirolak bilakaera nabarmena izan du. Batzuek harkaitza eta panela uztartzen dituzte, eta beste batzuek rokodromoetan soilik eskalatzen dute. Teknikak aldatu dira, filosofia ere bai.

Ainhize Belar, Baltzolako 'Iñi Ameriketan' bidean (9a+). Harkaitzean eta rokodromoan eskalatzen du Belarrek, baina arrokaren aldeko apustua egin du azkenaldian. HYPERAITZ
Ainhize Belar, Baltzolako 'Iñi Ameriketan' bidean (9a+). Harkaitzean eta rokodromoan eskalatzen du Belarrek, baina arrokaren aldeko apustua egin du azkenaldian. HYPERAITZ
2025eko martxoaren 5a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Eskalada praktikatzeko eta ulertzeko modua asko aldatu da azken urteetan. Kirolaren eboluzioa bereziki azpiegituretan ari da nabarmentzen: gaur egun, belaunaldi gazteetako eskalatzaile asko rokodromoan hasten eta trebatzen dira. Haietako askoren sokalagunak, berriz, rokodromorik ez zegoen garaian harkaitzean eskalatzen ikasi zuten belaunaldiko eskalatzaileak dira.

Azken hamarkadan agerikoa izan da kirol eskalada praktikatzeko azpiegituren garapena; Euskal Herrian, beste hainbat lekutan bezala, rokodromo berri asko zabaldu dira. Kopuruaz gain, asko aldatu dira dituzten egitura eta baliabide ekonomikoak, ikuspegi soziala, filosofia, baldintzak… Horrek guztiak eragina izan du eskalada praktikatzen duten kirolzaleen kopuruan eta jarduteko moduan. Historikoki, mendian ziharduten eskalatzaileek trebatzeko erabiltzen zituzten azpiegiturak izan dira rokodromoak; kirolzaleen topaleku izateaz gain, haitzean eskalatzeko dohain fisikoak prestatzeko leku izan dira. Egun, berriz, eskalatzaile asko soilik rokodromoetan aritzen dira: bertan aritzea lehenesten dute, eta rokodromoetan aritzea jarduera propiotzat hartu.

Mikel Zabalza alpinista
Mikel Zabalza alpinista, eta, atzean, Etxauriko haitzak. IDOIA ZABALETA / FOKU

«Rokodromoan eskalatzea haitzean jardutea bezain zilegi da. Orain jende asko dago rokodromora bakarrik joaten dena, gimnasiora giharrak indartzera joaten dena bezala»

MIKEL ZABALZAAlpinista

Mikel Zabalza iruindarra, goi mailako alpinista izateaz gain, Alpinista Gazteen Espainiako taldearen zuzendaria izan da hamahiru urtez. Berriki utzi du ardura hori, eta, gaiari buruz galdetuta, eskalada betidanik harkaitzari loturik egon dela nabarmendu du: «Lehen, rokodromoak harkaitzerako entrenatzeko lekuak ziren, baina hori aldatzen ari da; gaur egun, rokodromoan bakarrik eskalatzen duen jendea ere bada». Zabalzaren irudiko, betiko eskalatzaileen artean ohikoagoa da haitzean kirol eskaladaz gozatzea, mendirako edo alpinismorako prestatu eta sasoiko egoteko asmoz.

Zabalzaren esanetan, rokodromoan eskalatzea haitzean jardutea «bezain zilegi da», eta bide hori hartzen ari da eskalada: «Orain jende asko dago arrokara atera ere ez dena egiten kirol eskalada egitera, rokodromora bakarrik joaten dena, gimnasiora giharrak indartzera joaten dena bezala». Alde batera, dio, «ia hobeto», horrela lasaiago baitaude mendian. Gaineratu du azken urteetan joera areagotzen ari dela: eguraldi txarra egin edo ona egin, rokodromoak beteta egon ohi direla. Aitzitik, azpimarratu du eskola zaharreko gehienek eguraldi ona bada mendira jotzen dutela, eta mendian eskalatzea lehenetsi.

Maddi Agirre eskalatzailea
Maddi Agirre eskalatzailea. ALBERTO GARAIZABAL / INDOORWALL CLIMBING

«Hainbat rokodromotan aritzea eta entrenatzea aberasgarria da hobetzeko, baina Euskal Herrian gabezia handiak ditugu maila egokian entrenatzeko»

MADDI AGIRREEskalatzailea

Maddi Agirre ordiziarrak hamasei urte ditu, eta, nazioarteko mailako txapelketetan aritzeaz gain, haitzean ere eskalatzen du. Eskalatzailearen hitzetan, azken urteetan rokodromoek izandako garapenak eragina izan du gaur egungo eskaladan, bereziki blokeko modalitatean. Horretarako zenbait arrazoi daudela uste du. Esaterako, hainbat rokodromo gertu izateak jende asko animatu du kirol horretan murgiltzera, eta azpiegituren erosotasunak eta bakarrik praktikatzeko aukera izateak ere eskalatzaileen kopurua handitzea sustatu du —blokea edo boulder deritzon modalitatea praktikatzeko ez da sokarik behar, eta, beraz, ezta sokalagunik ere—. Adierazi du argi ikusten dela jende gehiago aritzen dela blokea egiten zailtasuneko bideak egiten baino. Alabaina, gabeziak ere aipatu ditu: «Hainbat rokodromotan aritzea eta entrenatzea aberasgarria da hobetzeko, baina Euskal Herrian gabezia handiak ditugu maila egokian entrenatzeko».

Haitzean, beste aldagai batzuk

Eneko Carretero zumaiarra ere txapelketetan aritu da txiki-txikitatik; nazioarteko txapelketetan eskarmentu handia du. Enekok, haitzean goi mailan aritzeaz gain, rokodromoetan ekipatzen ere jarduten du —eskalada bideak eta blokeak diseinatzeari deritzo ekipatzea—, eta gaur egun lanbide bilakatu du. Txiki-txikitatik bizi izan du eskalada munduaren garapena: etxetik datorkio kirol horretan aritzeko grina. Zumaiarraren ustez, gero eta jende gehiago aritzen da rokodromoetan, eta, garapen nabarmenena rokodromoetan eta txapelketetan izan den arren, egungo eskaladaren eboluzioa oso egokia izan daiteke haitzean aritzeko ere: «Zenbat eta azpiegitura hobeagoak izan eta jende gehiago hasi eskalatzen, orduan eta kirolari hobeak sortuko dira. Rokodromoetan eskalatzea eta haitzean eskalatzea oso ezberdina dela esan genezake; harrian aurkitzen ditugun erronkak eta rokodromoetakoak ezberdinak dira. Halere, batean aritzeak asko lagundu dezake bestean, eta guztiz bateragarriak dira».

Itxaso Garcia-Villaraco eskalatzailea
Itxaso Garcia-Villaraco eskalatzailea.

«Haitzean norbere burua kudeatzeko gaitasuna oso garrantzitsua da, eta beste zenbait trebetasun sartzen dira jokoan: beldurra kudeatzen jakitea, erresistentzia...»

ITXASO GARCIA-VILLARACOEskalatzailea

Itxaso Garcia-Villaraco leioarrak 32 urte ditu, eta duela bederatzi bat urte hasi zen eskalatzen. Egun, kirol eskaladan guztiz murgilduta dago. Dioenez, duen denbora libre guztia haitzean eskalatzeko erabiltzen du: «Egiten ditudan jardueretatik, honek asebetetzen nau gehien, dudarik gabe. Duela lau edo bost urte hasi nintzen entrenatzen; astero bizpahiru bider rokodromora joaten naiz eskalatzera, eta asteburuan harkaitzean eskalatzen dut». Haren esanetan, gaur egungo azpiegiturak gero eta erakargarriagoak dira eskalada munduan bete-betean murgildurik ez dagoen jendearentzat, eta horrek eragina dauka eskaladaren garapenean, inongo zalantzarik gabe.

Ander Gorostitzu, Klimb Zarautz rokodromoaren arduraduna
Ander Gorostitzu, Klimb Zarautz rokodromoaren arduraduna. JON URBE / FOKU

«Gazteei betiko eskalatzaile eta mendizaleen balioak erakutsi behar zaizkie, eta hori neurri batean rokodromoen jabeen lana ere bada»

ANDER GOROSTITZUKlimb Zarautz rokodromoaren arduraduna

Rokodromoak mendiarekin alderatuz oso erosoak direla dio Garcia-Villaracok, eta horrek jende asko erakartzen duela; azpiegitura berriek kirol honen garapenean eragin handia izan dutela azpimarratu du. Dena den, Carreteroren hari beretik, harkaitzean eskalatzea eta rokodromoan aritzea kirol ezberdinak direla dio, eta rokodromoan aritzen diren kirolzale asko ez direla mendira eskalatzera joaten: «Rokodromoan, teknikak eta indarrak garrantzi handia dute, baina haitzean beste aldagai asko landu beharra dago; haitzean eskalatzeak bestelako trebetasunak eskatzen ditu. Norbere burua kudeatzeko gaitasuna oso garrantzitsua da, eta beste zenbait trebetasun sartzen dira jokoan: beldurra kudeatzen jakitea, erresistentzia, bideetako atsedenaldien kudeaketa… Mendian eskalatzeko ezinbestekoa da psikologikoki trebatuta egotea, eta horrek beste abilezia mota batzuk eskatzen ditu». Itxaso ados dago Enekok aipatutakoarekin: biak ala biak guztiz bateragarriak direla dio, eta egun eskalatzaile asko aritzen direla haitzean eta rokodromoan.

Ander Gorostitzu Klimb Zarautz rokodromoko arduradunaren iritziz, ostera, Euskal Herrian ez da hainbestekoa izan azpiegitura berrien eragina, inguruko beste leku batzuekin alderatuz. Gorostitzuk uste du izatekotan blokeko modalitatean sumatu dela eragina, haitzean blokea egiten aritzen direnen mailan. Gorostitzuren iritziz, rokodromo berrietan aritzeak teknika gehiago lantzeko modua ematen die eskalatzaileei, baina haitzeko teknika jakin batzuk landu gabe. Teknikaz gain, haitzean eskalatzeak egokitze prozesu bat ere eskatzen duela uste du Gorostizuk.

Eneko Carretero eskalatzailea
Eneko Carretero, boulderreko Espainiako Kopako azken proban, iaz, Jakan. ALBERTO GARAIZABAL / INDOORWALL CLIMBING

«Harrian aurkitzen ditugun erronkak eta rokodromoetakoak ezberdinak dira. Halere, batean aritzeak asko lagundu dezake bestean, eta guztiz bateragarriak dira»

ENEKO CARRETEROEskalatzailea

Prestakuntzari buruz, Gorostitzu bat dator Carretero eta Garcia-Villaracorekin. Dioenez, rokodromoan teknikoki ondo prestatuz gero, aukera gehiago dago haitzean maila ona lortzeko. Bestalde, gaineratu du askotan haitzean asko trebatu izan diren eskalatzaile batzuek balioa kentzen dietela rokodromoan aritzeari eta eskalatzaile berriei: «Badirudi batzuen ustez rokodromoan eskalatzeak meritu gutxiago duela haitzean aritzeak baino».

Azken urteetako joera orokorrean positiboa dela dio, baina, aldi berean, faltan sumatzen du ohitura garrantzitsuenetariko batzuen transmisioa: «Gazteei betiko eskalatzaile eta mendizaleen balioak erakutsi behar zaizkie, eta hori neurri batean rokodromoen jabeen lana ere bada; eskalada kirol hutsa baino gehiago dela sinesten dugunok gazteei transmititu beharko genieke eskalada ulertzeko modu hori».

«Orain, arrokarako entrenatzeko soilik erabili beharrean, kirola egiteko eta aisialdian ondo pasatzeko erabiltzen ditu jendeak rokodromoak»

AINHIZE BELAREskalatzailea

Ainhize Belar atxondarra nazioarteko eskalatzaile indartsuenetariko bat da gaur egun. Hemezortzi urte dituela, nazioartean sonatuak diren goi mailako zenbait bide kateatzea erdietsi du. Rokodromoetan aritzen da entrenatzen, eta, haren hitzetan, argi dago azpiegituren azken urteetako garapenak erabateko eragina izan duela eskaladan. Ainhizek dio eskalada kirol olinpiko gisa onartu izanak eragin zuzena izan duela azpiegituren garapenean.

Belarren ustez, gero eta jende gehiagok praktikatzen du eskalada, eta orain urte batzuk baina ohikoagoa da eskalatzaileak kirolaritzat hartzea gizartean. Hala azpimarratu du: «Aldaketa nabarmenena rokodromoetan gertatu dela esango nuke; jendeak, arrokarako entrenatzeko soilik erabili beharrean, kirola egiteko eta aisialdian ondo pasatzeko beste modu bat bezala ulertzen du eskalada. Gaur egun, jendetza izugarria ibiltzen da rokodromo komertzialetan».

Zabalzak esandakoarekin bat dator Belar, eta adierazi du duela hamarkada batzuk haitzean egiten zituztela hastapenak eskalatzaileek, eta horrek esperientzia eta hainbat teknika ziurtatzen zituela, bereziki arlo psikologikoa landuz. Egun, berriz, haren hitzetan, rokodromoetan hastea da ohikoena, gehienbat alderdi fisikoa trebatzeko, eta, ondorioz, «eskalatzaileen profila ezberdina» da. Hala ere, haren iritziz, prestakuntza fisiko hori haitzean landuz gero, etorkizuneko eskalatzaileek errendimendu hobea izango lukete, Enekok eta Itxasok azaldu bezala. Ainhizeren aburuz, kirol eskalada zenbait adarretan banatzen ari da, baina orokorrean bi joera nagusitzen ari direla uste du: txapelketetan aritzea eta haitzean eskalatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.