Kilian Jornetek marka jarri du Everesten: 26 orduan ipar aurpegitik

Erredakzioa
2017ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Nahi zuen marka lortu gabe, baina beste bat jarrita bukatu du Kilian Jornet korrikalari kataluniarrak Everesteko (8.848 metro) proiektua: 26 orduan igo da beheko kanpalekutik (5.100 metro), Rongbukeko monasteriotik, munduko mendirik garaienaren tontorrera. Ipar aurpegitik egin du, ohiko bidetik, bakarrik, oxigeno artifizialik eta soka finkorik erabili gabe, hasi eta buka. Jorneten asmoa beheko kanpalekuan hastea eta bukatzea zen, baina tripetan izandako arazoen eraginez,ahalegina bertan behera utzi zuen beheko kanpaleku aurreratuan(6.500 metro). 38 ordu zeramatzan bertara iritsi zenean.

Hans Kammerlander tiroldarra 16 ordu eta 45 minutuan igo zen beheko kanpalekutik Everestera ipar aurpegitik, 1996an. Jornetek, baina, jendea bizi den azken lekutik, Rongbukeko monasteriotik, hasi du erronka.

«7.700 metrora arte oso ondo sentitu naiz eta aurreikusi nuen moduan nihoan, baina ordutik aurrera gaizki sentitzen hasi naiz, urdaileko birus baten eraginez, pentsatzen dut», azaldu du Jornetek, beheko kanpaleku aurreratutik. «Handik oso poliki egin dut aurrera. Gelditu egin behar izan dut une oro, botaka egiteko edo karranpengatik. Hala ere, ondo nengoen altueran, eta jarraitzea erabaki dut. Azkenean, gauerdian iritsi naiz tontorrera». Igande gauerdian izan da, Nepalgo ordutegian.

Berez, Norton edo Hornbein korridoreetatik igo behar zuen, baina bide horiek baztertu egin zituen, haietan pilatutako izotzak eragindako arriskuagatik.

Proiektu baten amaiera

Jornetek, beste hainbat alpinistaren moduan —duela gutxi hildako Ueli Steckek, esaterako—, mendiak igotzeko estilo alpinoa, azkarra eta arina, baliatu nahi izan du Himalaian ere.

Everesteko igoera 2012an abiatutako Summits of my life (Nire bizitzako tontorrak) proiektuko azken erronka izan da. Jornetek abiadura markak jarri ditu munduko hainbat mendi ezagunetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.