Duela 5.000 urte Siberiatik Artikora heldu ziren inuitak (haientzat iraingarria den eskimal hitzez ezagutzen ditugunak). Bost mila urtean, bizimodu nomadaz naturarekin estuki loturik bizi izan dira, ehizan eta arrantzan, izotzezko lurraldeetan familiak aurrera ateratzen. Ez zuten alkohola ezagutzen. Duela 80 urte arte.
Haien antzinako kultura nomada bortizki aldatu da, ordea, izotza urtzearen ondorioz eta aurrerapen modernoen eta estatuek ezarritako mugen ondorioz.
Hilabeteak irauten duten gauetan bizimodu aldaketa bortitz horrek alkoholismoa, depresioa eta suizidioa ekarri dizkie. Gaur egun, inuitek alkoholean eta janari zikinean gastatzen dute gobernuetatik jasotzen dituzten diru laguntzak. Alkoholismoa eta suizidioa; gaitz horiek dira haien arazoak. Natura basatitik mozkorraldi ilunera.
Duela 74 urte arte Nepal mundutik aparte bizi izan da, Himalaiatik isuritako ibai handiek sortutako geografia bikainean. Oraindik, asko naturaren abaroan bizi dira. Inuitak ez bezala, alkohola ezagutzen zuten, Nepaleko etnia guztiek edari alkoholikoak egin izan dituzte, arrozaz, artatxikiaz, garagarraz... Bi gai ez zituzten ezagutzen: plastikoa eta makinak. Egun, goi mendiko kanpalekuetan, bide bazterretan, basoetan, plastiko hondarrak aurki litezke.
Makinek, motorrak eta automobilak mendean hartu dituzte nepaldar asko. Katmandu edo Boudnatheko kale estuetan motozikletak harat-honat dabiltza, bizkarrean mendeko pertsonak garraiatzen, jendeen artean ziztu bizian.
Naturarekin oreka perfektuan bizi izan diren kultura bi, balizko etorkizuneko bizimodu paradigma berriaren ereduak, alkoholak, plastikoak eta makinek hondaturik. Pertsona izatetik kontsumitzaileak izatera kondenaturik. Bizitza modernoaren ajeak.
Gaintza
2024ko azaroaren 25a