Alpinista

Juanito Oiarzabal: «K2 eta Himalaiako beste hainbat mendi suntsitu egin dituzte»

25 urte dira Juanito Oiarzabalek Annapurna gailurra jo eta hamalau zortzimilakoak bukatu zituela. Era berean, 30 urte joan dira K2ko «espedizio perfektu hartatik», eta hogei urte K2n bertan gailurretik behera izozteak izan zituenetik.

Juanito Oiarzabal. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Juanito Oiarzabal. ENDIKA PORTILLO / FOKU
ramon olasagasti
Gasteiz
2024ko maiatzaren 1a
05:00
Entzun

Mendia izan da beti Juanito Oiarzabalen bizitza eta pasioa. 2016an Dhaulagirin izan zuen biriketako enboliaren eta pandemia garaian erasan zion COVIDaren ondorioz, osasun arazoekin dabil aspaldian, baina mendian ibiltzen jarraitzen du. Elkarrizketaren bezperan, Moncayon izan zen, eta udan talde bat gidatzeko asmotan da Baltoroko trekkingean (Pakistan). Bere ibilbideari buruzko dokumental bat prestatzen ere badabil, Sebastian Alvaro lagunarekin batera.

25 urte igaro dira 1999ko apirilaren 29 hartan Annapurnara igo zinenetik eta hamalau zortzimilakoetara igo zinenetik. Atzera begiratu eta...

Konturatzen naiz egindakoa ikusgarria izan zela. Zorionekoak izan ginen, bigarren belaunaldi horretako lehenak izaten, Rosen, Lorente, Zabaleta, Landa eta hauen guztien ondorengoak. Haiek zabaldu ziguten bidea, eta guk aukera izan genuen aurrera egiteko. Harrigarria da gurea bezalako herri txiki batean, altueran hain apalak diren tontorrekin, mendirako halako tradizioa eta kultura izatea eta hainbeste jende atera izana. Historian oroituak izango gara, ez bakarrik Juanito, baita Iñurrategi anaiak, Edurne Pasaban, Adolfo Madinabeitia, Pou anaiak eta beste asko. 25 urteren buruan, oroitzapen onak eta saminak nahasten zaizkit. Ez ditut ahazten bidean geratu direnak: Atxo [Apellaniz], Zulu [Jose Luis Zuloaga], Felix Iñurrategi, [Antonio] Miranda, Mikel Ruiz de Apodaka, Alberto Zerain... Lagun-lagunak, nire ibilbidean sokakide izandakoak.

Bukatu zen zortzimilakoen aroa?

Dena eginda dago, kakotx artean, eta gaur egun askoz zailagoa da finantzaketa topatzea mendiko jarduerak egiteko. Gaur egun, barregarria litzateke inor udaletxe batera joatea Everestera joateko dirua eskatzera. Euskal Herrian daukagun mendiko kulturarekin trufa bat litzateke. Aldiz, gure gazteak ari dira seimilakoetan, zazpimilakoetan, Euskal Herriko eta Espainiako alpinista gazteen taldeetatik ateratakoak eta beste batzuk, guk egin ez genituen jarduerak egiten. Horiei eman behar zaie bultzada. Zortzimilakoak, neurri batean, alde batera utzi behar ditugu. Zortzimilakoek, bere egunean, asko saldu zuten, eta garai bikaina bizi izan genuen, artean ez zegoelako inor Euskal Herrian eta Espainian hamalau zortzimilakoak egin zituenik, eta guri egokitu zitzaigun aro hura bizitzea. Saltzen genuen produktua sanoa zen: oxigeno artifizialik ez, bidea norberak lantzea, soka finko ahalik eta gutxien... Nire bizitzako urterik onenak izan ziren. Gero, Al filo-rekin lanean hasi nintzenean, dena aldatu zen, filmaketak hala eskatzen zuelako, xerpak, soka finkoak, eta abar erabiltzen hasi ginen, baina nire lehen aroan, 1985etik 1999ra, guk lantzen genuen bidea, eta zailtasun handiko hainbat bidetan egin genuen ahalegina: bi aldiz Kangchenjungako iparrean, Makaluko Mendebaldeko Pilarean, Everesteko hego-mendebaldeko horman...

«25 urte bete dira hamalau zortzimilakoetara igo nintzenetik, eta batzuetan irudipena dut egindakoaren aitortza ez dela behar bestekoa izan, egin genuen hura guztia ahaztu egin dela, galdu egin dela»

Hasiera haietan, gailurrari ez ezik bideari ere garrantzia ematen zenioten.

Erronka haietako batzuk gure ahalmenaren gainetik zeuden garai hartan, baina Makaluko mendebaldeko pilarean, adibidez, Seigneur murrua gainditu eta gailurretik 80 metro eskasera geratu ginen, material faltagatik. Garai hartan, batez ere Zuluk eta Kike de Pablok, bestelako proiektuak zituzten buruan. Euskal Herrian, garaiari aurre hartu zioten, eta horrelako asmoetara bultzatu gintuzten. Jarduerari dagokionez, 1988tik 1992ra bitarteko haiek izan ziren nire urterik onenak, nahiz eta gailurrik ez lortu.

Aurten, Annapurnako igoeraren 25. urteurrenaz gain, 30 urte bete dira K2ko zure lehen igoera egin zenuenetik. Beti esan izan duzu «espedizio perfektua»izan zela hura.

Gogoan iltzatuta daukat, bai. Felix eta Alberto Iñurrategi, Kike de Pablo eta laurok ginen. Bi urte ziren inork ez zuela K2 igo. Gaur egun, pentsaezina da halakorik gertatzea. K2 bera ere suntsitu egin dute espedizio komertzialek. Felixek eta Albertok beste ikuspegi bat zuten nire aldean: gazteen ikuspegia, gehiago arriskatzekoa. Eta Kike ere aurreratu bat izan da beti. Artean osatu gabe zegoen Cesen bidea burutu genuen, ia alpetar erara, xerpen eta altuerako zama-eramaileen laguntzarik gabe. Kanpaleku nagusian 22 egun eskas egin ondoren lortu genuen gailurra. Oso oroitzapen gozoa daukat K2ko espedizio hartaz.

Duela hogei urteko K2ko igoera hartaz, aldiz, ez duzu hain oroitzapen gozorik izango, ezta?

Ez, 2004ko K2 hura, hamar urte geroago, justu kontrakoa izan zen. K2ko lehen igoeraren 50. urteurrena zen, talde asko elkartu ginen mendian, elur asko egin zuen urte hartan eta gailurreko egunean ordu asko egon ginen arriskuan. Ni ohartzen nintzen izozten ari zitzaizkidala behatzak, biriketako edema baten hasiera nuela, kontziente nintzen, baina hala ere, gora egin nuen. Mendiak erakarri, harrapatu egiten zaitu; gailurretik gertu zaudenean, zaila da atzera egitea. Gailurrera berandu iritsi ondoren, jaitsiera hil ala bizikoa izan zen, Edurne eta biok izozteekin, ni edema hasiera batekin, korneak ere izoztuta... K2ko jaitsiera hartan, Edurnek eta biok asko zor diogu Juan Vallejori.

Juanito Oiarzabal Annapurna tontorrean (8.091 m).
Juanito Oiarzabal Annapurna tontorrean (8.091 m), 1999ko apirilaren 29an.
Gero etorri zen 2x14x8000 proiektua.

2009an, Edurnerekin Kangchenjungara igo ondoren, hiru altuenetara [Everest, K2 eta Kangchenjunga] bi aldiz igo nintzen, orduan ekin nion hamalau zortzimilakoak bi aldiz igotzeko proiektuari. Lauren faltan geratu nintzen. Beti esan izan dut profeta sentitu izan naizela nire herrian, baina batzuetan iruditzen zait egindakoaren aitortza ez dela behar bestekoa izan. Oraintxe zerbeza bat hartzen ari den txaparro hau da munduan oxigenorik gabe zortzimilako gehien igo dituen mendizalea, Denis Urubkorekin batera. 25 urte bete dira hamalau zortzimilakoetara igo nintzenetik, eta irudipena dut hura guztia ahaztu egin dela, mendiko hainbat diziplinatan —horma handietan, eskaladan, zortzimilakoetan...— egin genuen hori galdu egin dela. Mundu mailako mendiko zinemaldi bat dugu, jende asko saritu duena, baina nik, adibidez, ez dut Mendi Film jaialdiaren aitortzarik jaso inoiz. Orain, erretiroa hartzen ari naizen honetan, nire ibilbideari buruzko film bat prestatzen ari gara Sebastian Alvaroren eta haren semaren ekoiztetxearekin. Datorren urtean aurkeztea espero dugu.

Esaera batek dio zailagoa dela alpinista zaharra izatea, alpinista ona izatea baino. Hainbatetan aipatu dituzu mendian galdutako lagunak. 47 espedizioren eta hainbat penaldiren ondoren, zuk bizirik iraun duzu.

Bai, bizirik iraun dut, eta ez da batere erraza mendi horietan bizirik irautea. Ez da erraza bi aldiz Annapura igotzea, bi aldiz K2ra igotzea... Estatistikei begiratuko bagenie, normalena, ni hilda egotea zatekeen. Gainera, ni ez naiz mugatu ohiko bideetara, bestelako bideak ere bilatu ditut. Everestera iparretik eta hegotik igo naiz, Shisha Pangmara gauza bera, K2ra Cesen bidetik eta Abruzzos ertzetik... Ni bizirik nago, zorte handia izan dudalako bizitzan. Gaur egun, berriz, zorionez edo zoritxarrez, mendian geratzeko arrisku hori pasatu da niretzat, jarraitzen dut mendira joaten, baina ez zortzimilakoetara, eta ez dut lehen adinako arriskurik hartzen.

«Jendearen oroitzapenean Juanito alpinistaren irudia geratzea nahiko nuke; 'El Conquis' eta hori guztia anekdota bat izan da, gehigarri bat»

Gaur egun jendea badabil alpinismoa egiten mendi txikiagoetan, badabil eskalatzen, Txikonek jarraitzen du zortzimilakoetan, baina orain mendiko lasterketak daude puri-purian. Zer iritzi duzu horiei buruz?

Niri mendiko lasterketen sukar hau ez zait gehiegi gustatzen. Mendian noala jendeak atzetik korrika pasatzeak ez dit onik egiten. Atletismo federazioak eta mendiko federazioak hor dabiltza borrokan, ea nork bereganatzen duen negozio hau. Ulertzen dut mendian era askotako jarduerak egotea, eta errespetatzen dut mendian korrika ibiltzea, baina izugarria da zer lehiakortasun mailara iritsi garen mendian, eta hori ez zait gustatzen. Ni mendira noanean, gozatzera joaten naiz, ez noa inori irabaztera edo ez dakit zer marka apurtzera. Ni mendizaletasun eta alpinismo klasikoagoaren aldekoa naiz.

Himalaian ere erabat aldatu dira gauzak. Zuk, 1985etik 1999ra, hamalau urte behar izan zenituen hamalau zortzimilakoetara igotzeko. Orain, urte bakar batean igo izan dira.

Himalaia hainbeste aldatu da! Eguraldi iragarpenek ia %40an murrizten dute zortzimilako batera igotzeak sortzen duen esposizioa, zehaztasun osoz eta bete-betean asmatzen dutelako. Materiala, ekipamendua, informazioa... hori dena askoz hobea da. Gaur egun zortzimilakoetara igotzea askoz errazagoa da gure garaian baino, eta ez dira hainbeste urte igaro. 1985ean Cho Oyura joan ginenean, burutik pasatu ere ez zitzaigun egiten oxigenoa erabiltzerik. Gaur egun, Cho Oyura igotzen den jendearen %95 oxigenoarekin igotzen dira. Eta soka finkoekin berdin: behetik goraino jartzen dira sokak zortzimilakoetan. Everesteko ilaren irudiak ikusten ditudanean, auzo lotsa sentitzen dut. Negozio hutsa bihurtu da Himalaia, eta betiko laurak ari dira aberasten, Nepalgo lauzpabost agentzia nagusiak. Nepal munduko hamar herrialde ustelenetako bat da.

«Ulertzen dut mendian era askotako jarduerak egotea, eta errespetatzen dut mendian korrika ibiltzea, baina izugarria da zer lehiakortasun mailara iritsi garen mendian, eta hori ez zait gustatzen»

Baina gaur egun ez da Everest bakarrik salerosten. Lehen pentsaezina zen K2 bera ere espedizio komertzialen gutizia bihurtu da.

Eta ez dakizu ondo zer min sortzen didan horrek. Tamalez, aurreko urteetan Nepalen gertatutakoa Pakistanera iritsi da: xerpa taldeak behetik goraino mendia ekipatzen, mendia soka finkoz josita, oxigenoaren erabilera guztiz zabaldua... Lehen, K2n, zuk landu zenezakeen bidea; modu etiko, estetiko eta garbiagoan egin zenezakeen igoera. Gaur egun, Pakistango denboraldia iristen denean, Nepalgo agentzia indartsuek, Seven Summit eta besteek, ehun xerpa eramaten dituzte Nepaldik Pakistanera, mendia goitik behera ekipatzen dute, eta kito, akabo alpinismoa. Gainera, denak doaz oxigenoarekin. K2 eta Himalaiako beste hainbat mendi suntsitu egin dituzte.

Belaunaldi gazteek, agian, gehiago ezagutuko zaituzte El Conquis saioagatik mendian eginiko ibilbideagatik baino. Zer esango zenieke reality-etatik ezagutzen zaituztenei?

Izozteen ondoren, medikuek esaten zidaten ur gaziko bainuak hartu behar nituela eta hondarretan ibili behar nuela. Eta, halako batean, Ekuadorko mendietan eta Aconcaguan sekulako jarduera egin ondoren tendinitis izugarri batekin etxera nentorrela, Supervivientes saiorako gonbidapena jaso nuen, hondartza haietako batera joateko reality batera. Karanbola bat izan zen dena, eta dirutza ordaintzen zuten. Baietz esan nien. Gero El Conquis-erako deitu zidaten, eta bederatzi urtez joan nintzen Patagoniara. Jende askok eta askok esan izan dit Korta eta biok egon ginenetik saioa ez dela inoiz berdina izan. Baina reality horiekin uztartuz, mendian jarraitu dut: 31 aldiz igo naiz Aconcaguara, hamar aldiz Kilimanjarora, hamabi bider Elbruzera... Eta belaunaldi gazteei esango nieke sareetara jotzeko, begiratzeko zer ibilbide egin duen Juanito Oiarzabalek. Jendearen oroitzapenean Juanito alpinistaren irudia geratzea nahiko nuke, bestea anekdota bat izan da, gehigarri bat.

MOTZEAN

Zer menditara itzuliko zinateke gustura?
Ama Dablamera gustura joango nintzateke berriro. Zortzimilakoetarako jada ez nago, baina Ama Dablamerako bai.

 

Zer menditara ez zinateke itzuliko?
Kangchenjunga etorri zait lehenbizi burura, baina Annapurna esango nuke. K2n izozteak izan nituen, Everestera igo nintzen bi aldietan ere zailtasunak izan nituen jaisteko, baina Annapurna mendi berezia da, arriskutsua eta konplexua.

 

Zer mendi ez duzu igo eta igo nahiko zenuke?
Mendi bat baino gehiago, horma bat esango dut: beti izan dut gogoa Yosemiteko El Capitan eskalatzeko. The Nose, Salathe edo horrelako bideren bat egin ez izanak pena ematen dit, baina, zortzimilakoekin erabat murgilduta nengoenez, azkenean alde batera utzi nuen Yosemite. Jendeak zortzimilakoengatik ezagutzen nau, baina gaztetan harkaitzean handiak egindakoa naiz.

Zer menditara jotzen duzu babes bila edo zure buruarekin gustura egoteko?

 Gorbeiara. Niretzat Gorbeia mendi berezia da, hor jartzen dut neure burua proban, badut bide bat ere, Juanito bidea, Arabako aldetik harmailaz harmaila doana. Gorbeian gustura sentitzen naiz. Aratz, Iturriotz, Kalbario, Aizkorri, Urbia eta buelta, bide hori ere sarritan egiten dut.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.