Julia Font eta Luca del Pero garaile XI. Gorbeia Suzien proban

Valentziarrak azken kilometroan hartu dio aurrea Daniela Oemus alemaniarrari. Italiarrak, berriz, Manu Merillasekin buruz buruko polita izan ostean, minutu pasatxoko aldea atera dio azkenean, eta probako denbora onenetan bosgarrena egin du.

2024ko Gorbeia Suzien probako lehen hiru emakumezkoak
Lehen hiru emakumezkoak: Daniela Oemus bigarrena, Julia Font garailea eta Onditz Iturbe hirugarrena. SAIOA ZELAIETA
ramon olasagasti
2024ko irailaren 28a
16:45
Entzun

Julia Font valentziarra (Herrialde Katalanak) eta Luca del Pero italiarra nagusitu dira gaur, irailak 28, 2024ko Gorbeia Suzien Merrell lasterketan. Aurtengoa International Skyrunner World Series Munduko Kopako proba izan da. Mundu osoko 800 korrikalarik hartu dute parte bi distantzietan —32 kilometrokoa bata eta 21ekoa bestea—, eta, aurreko egunetako euriaren ondorioz, lokaztuta eta inoiz baino teknikoago izan dute ibilbidea.

Emakumezkoetan, Daniela Oemus alemaniarrak lasterketaren buruan egin du proba gehiena, baina Julia Font valentziarrak ere proba ikusgarria osatu du atzetik aurrera, eta azken kilometroan, asfaltoan jada, aurrea hartu dio Oemusi. Fontek 3 ordu, 45 minutu eta 39 segundo behar izan ditu 32 kilometroko ibilbidea (2.400 m+) osatzeko. Zazpi segundo eskasera heldu da alemaniarra. Hirugarren, berriz, Onditz Iturbe igorreztarra (Bizkaia) izan da (3.49:37), lasterketa ikusgarria eginda Domusa Teknik Lana taldeko korrikalaria ere.

Julia Font, azken esprinteko adrenalina oraindik borborka, pozez gainezka zegoen helmugan: «Nire lehen garaipena da zirkuituan. Urte osoan ibili naiz bila, eta azkenik iritsi da. Azken kilometroa eromena izan da Danielarekin: ezin nuen sinetsi garaipena lor nezakeenik, eta dena eman dut. Lasterketa hau harrigarria da, eta korrikalari guztiak animatzen ditut etortzera; egiaz esperientzia paregabea da».

2024ko Gorbeia Suzien probako lehen hiru gizonezkoak
Lehen hiru gizonezkoak: Manu Merillas bigarrena, Luca del Pero garailea eta Lorenzo Rota hirugarrena. SAIOA ZELAIETA

Gizonezkoetan, Omi Ryunosuke japoniarrak erritmo bizia ezarri du hasieran, eta 19. kilometroraino bizkarra erakutsi die beste guztiei. Pare horretan, ordea, Manu Merillasek hartu dio aurrea, eta bukaerara arte lehia polita izan dute Merillasek berak eta Luca del Pero italiarrak. Azkenean, Team Scarpa taldeko 26 urteko korrikalariak aurrera egin du, eta 3 ordu eta 25 segundoan gurutzatu du helmugako lerroa. Zegama-Aizkorri maratoian bere mailaren berri eman zuen italiarrak: han hirugarren egin zuen, eta gaur, Gorbeian, probaren historiako denbora onenetan bosgarrena egin du. Lasterketa osoan buruz buruko polita izan eta gero, minutu pasatxoko aldea atera dio azkenean Manu Merillas leondarrari (3.01:28). Hirugarren beste italiar bat izan da, Lorenzo Rota (3.03:19). Gizonezkoetan lehen euskalduna Aitor Ajuria otxandiarra (Bizkaia) izan da, seigarren.

Luca del Pero pozik zen Zeanuriko helmugan: «Nire lehen garaipena da Merrell Skyrunner World Series zirkuituan, Calamorro Skyrace proban eta Perun podiuma egin ondoren. Maila ikaragarria da; Merillas eta Antonio Martinez tartean direnean oso zaila da garaipena lortzea, eta, beraz, oso pozik nago. Eguraldia ezin hobea izan da niretzat, eta hasieratik bukaerara gozatzen joan naiz».

Lasterketa laburrean (21k), Roger Comellas kataluniarra (2.00.44) eta Dalia Alonso alacantarra (2.34.29) izan dira irabazleak. Gizonezkoetan, Hodei Lujanbio goizuetarra (Nafarroa) izan da bigarren (2.10.05), eta Iker Astoreka bizkaitarra hirugarren (2.11.42). Emakumezkoetan, berriz, Leire Uribe otxandiarra (Bizkaia) izan da bigarren (2.36.54), eta Itsasne Urkiaga galdakoztarra (Bizkaia) hirugarren (2.38.48).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.