Ez Jokin Lizeagak, ez Iker Karrerak, ez Daniel Agirrek. Julen Martinez de Estibarizek irabazi zuen larunbatean Euskal Herria Mendi Erronka. Beraz, Julen Martinez de Estibariz da ultra distantziako Euskal Herriko txapelduna. Emakumeetan ez zen sorpresarik izan, eta Oihana Kortazarrek irabazi zuen, halako distantzietara ohituta ez badago ere (67 kilometro, +3.600 metro).
Julen Martinez de Estibariz bizkaitarra ez zegoen faboritoen zerrendan eta kinieletan. Azken astean, bi izen azaldu ziren irabazteko aukeretan, biak oso ezagunak: Iker Karrera eta Jokin Lizeaga. Karrerak aspaldiko lesio bati agur esateko asmoz jarri zuen dortsala; Lizeagak, berriz, zalantza asko zituen, duela bi aste Zegama-Aizkorrin izandako eroriko baten ondorioz geldirik egotea egokitu baitzitzaion bi astean. Bezperan abisua utzi zuen Leitzako zineman emandako ikus-entzunezkoan: «Ez dakit sei, hamazazpi, 40 edo 67 kilometro iraungo dudan, baina dena emango dut».
Baita eman ere. Lehen kilometroan jada alde egin zuen. Probako marka eskuetan izan zuen, 48. kilometroan orkatila bihurritu zuen arte. Handik aurrera, Karrerak hartu zuen lehen postua, Ireberreko gainean (56. kilometroa) Martinez de Estibarizekin topo egin zuen arte. Azken kilometroetan Karrerak ezin izan zion erritmoari eutsi, eta Martinez de Estibariz izan zen lehena (7.03.19). Karrera hamabost segundo eskasera iritsi zen. Ander Barrenetxea izan zen hirugarren.
Emakumeetan Oihana Kortazarrek hasieratik bukaerara arte kontrolatu zuen lasterketa. Bere burua urriko Munduko Txapelketarako prestatu nahi du. Kortazarrek marka jarri zuen: 7.55.02. Elena Calvillo izan zen bigarren (8.36.22), eta Leire Martinez hirugarren (8.48.33).
Julen Martinez de Estibarizen ezustekoa EHMEn
Martinez de Estibariz eta Oihana Kortazar dira Euskal Herriko ultra distantziako txapeldunak, Leitzan irabazi eta gero
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu