Ostiral eguerdia da Besabin (Urnieta, Gipuzkoa). Jokin Lizeagaren (Urnieta, 1979) gustuko lekuan da hitzordua, Adarra mendiaren magalean. Jende askorentzat, Euskal Herriak inoiz izan duen lasterkari onenen artean dago; beste askorentzat onena da. Orduak azkar pasatzen dira Lizeagarekin mendi lasterketei buruz hizketan jarrita. Mendi lasterketei buruzko ahots zentzudunenetakoa du.
Azken urte hauetan ez duzu zorte handirik Zegama-Aizkorrirekin. 2014an hasi zinen zorte txarrarekin.
Irtetea bera ere nahiko korapilatsua suertatu zait urte hauetan. Ziklo txar honen hasiera 2014ko lasterketaren bezperan izan zen. Etxean nintzela, barrabiletan kozkor bat topatu nuen, eta asko larritu nintzen. Ospitalera joan nintzen, tumore txiki bat izango zen beldurrez. Inoiz egin dudan negar saiorik handiena egin nuen. Medikuek hernia txiki bat zela esan zidaten, eta Zegama-Aizkorrin ez ateratzeko agindu.
Hala ere, ez zenien kasurik egin.
03:00etan etxera bidali ninduten, iztai hernia bat zela esanez, geldirik egoteko aginduta eta ebakuntza egiteko hitzorduaren zain. Nik, ordea, hainbeste denbora lasterketa hura prestatzen pasatu ostean, irtetea erabaki nuen. Nire bizitzako aste bukaerarik gogorrenetakoa izan zen hura.
Irten bakarrik ez, inoiz euskaldun batek egin duen denborarik onena egin zenuen: 3.59.11.
Uf, irteera oso gogorra egin zitzaidan. Malkoak irteten zitzaizkidan. Lasterketa aurrera zihoan neurrian ondo sentitzen hasi nintzen eta, azken metroetan, egin nuen denbora ikusita, dena nahastu zitzaidan. Historiara pasatuko den denbora izan zen orduan, baina oraindik oso une gogor gisa gogoratzen dut.
Nola kudeatu zenituen bizipen horiek guztiek lasterketan?
Otzaurteraino izterrari helduta joan nintzen, edozein unetan hernia hura noiz irtengo zain. Behin Aratz igaro ondoren, denbora ona egiten ari nintzela ikusita, helmugaraino oso kontzentratuta joatea lortu nuen. Azken bi kilometroetan, berriro ere bezperan igarotako uneak gogoratzean, berriro ere negarra eta poza elkartu zitzaizkidan. Hala ere, tristura handiagoa zen poztasuna baino. Esan dezaket egun hartatik ez dudala guztiz burua altxatzerik lortu.
Ez al duzu uste aurten, Kilian Jornet eta Luis Alberto Hernando gabe, irabazteko aukera ona zenuela, martxoan denboraldia nola hasi zenuen ikusita?
Gu baino maila handiagoa duten lasterkariak faltan izateak lasterketa inoiz baino irekiago uzten du, eta litekeena da gure mailako baten batek lasterketa irabaztea. Zalantza beti hor egongo da.
Nor ikusten duzu irabazteko aukera handienarekin?
Kanpotik nor datorren ez dakit oraindik ziur: ezagutzen ditudanetatik, Pere Rullan, Alfredo Gil, Zaid Ait Malek, Ismael Razga... Hala ere, horien guztien gainetik, Aritz Egea ikusten dut irabazteko aukera handienarekin.
Jada hamar urte daramatzazu korrika mendian. Euskal selekzioa nork osatzen zenuten garai hartan?
Batzuetan selekziotik kanpo egon naizen arren, konturatzerako pasatu dira hamar urte. Izen handiekin ibilitakoa naiz: Fernando Etxegarai, Zuhaitz Ezpeleta, Jose Felipe Larrazabal, Txus Romon, Alizia Olazabal, Alizia Romero... Gazteena nintzen, eta asko gozatu nuen haien itzalean.
Munduko Kopan bi lasterketa ere irabazi zenituen, 2009an eta 2012an.
2009an, Chabertonen [Italia] irabazteko aukera izan nuen. Ezusteko handia izan zen hura, urte hartan Zegaman lehen eta bigarren postuan sartu ziren Ricky Lightfooti eta Paulo Largerri irabazi bainien. Niretzat izugarrizko aurrerapausoa izan zen, eta handik hiru urtera beste lasterketa bat irabazi nuen. Azken urteetan, lehen hamarren artean egon izan naiz, eta horrekin gelditzen naiz, garaipenak asko izan ez badira ere.
Askok selekziotik erretiratu nahi zaituztete zu, Iban Letamendi, Hassan Ait Xau...
Agian arrazoi puntu bat izango dute, baina egia da etorkizuna ere ez dagoela hain argi, alegia, ez dagoela oinarririk. Gaur egun badirudi ez dela eboluziorik egon errendimenduan. Baliteke, bai Hassan edo Iban, edo ni neu, urteetan aurrera joatea, baina, bestalde, atzetik datozenak oraindik nahiko urruti daude. Poztekoa izango litzateke gazteei lekua uztea, eta hautatzaileek ere horretan ari dira. Errendimendua aintzat hartuta, iaz Hassanek Munduko Kopako proba bat irabazi zuen, ni Zegaman lehen euskalduna izan nintzen... Azken bost urte hauetan eboluzio falta handia nabaritu dut gazteen errendimenduan.
Ultrak ez omen dituzu asko maite.
Ez nuke esango gustuko ez ditudanik. Ultrak prestatzeak gauza asko eskatzen ditu. Oso gogorra da, diziplina handia behar da, eta denbora gehiegi eskatzen du. Horixe ez dut gustuko. 60 edo 80 kilometroko lanei edo 10-12 orduko iraupenari zentzutasun puntu bat ikusten diet; baina ez dut uste 24 orduko edo bi eguneko lasterketek asko beteko ninduketenik. Are gutxiago horiek prestatzeak. 2015ean Andorran eta iaz Leitzan probatu nituen, eta ez dut baztertzen egunen batean besteren batean irtetea, baina baztertu egiten dut horiek serio prestatzea.
Noiz galtzen du zentzua lasterketa batek?
Ez nuke esango ultrek edo distantziak zentzua galtzen dutenik, baizik eta bertan gabiltzan kideok galtzen dugula. Distantziaz haratago, zentzua galdu duten korrikalari asko topatu izan ditut, eta hori da penagarriena: gozatzeko den kirol batek mendekotasuna sortzea. Guztiz mendera erorita egotea eta besterik ez izatea, horrek kezkatzen nau gehien. Jendea profesionalen gisan entrenatzen da, dietak egiten ditu, arlo psikologikoan ere profesionalak dira, presioa ere berdin sentitzen dute, baina alde bakarra lortzen ez duten gainsaria da.
Gaur egun badirudi ultra lasterketa bat korritzen ez duenak ez duela ezer egiten.
Uste dut gaur egun askok nahi dutena zera dela: norberaren gogobetetzea lortu beharrean, ingurukoen gogobetetzea. Gaur egun badirudi ultrak amaitze hutsak hori lortzen duela. Nik, berriz, esan dezaket ia ultrarik ez dudala amaitu, baina baloratua sentitzen naizela. Lasterketa motzagoetan irabazteak asko laguntzen du, eta jendeak baloratzen du. Lasterketa motzak amaitzeak ez du inolako baliorik, ezta Zegama bera amaitzeak ere, baina badirudi Ehunmiliak edo halako proba bat amaitzeak zure herrian baloratua sentitzeko moduko esfortzua dakarrela.
Prestatzailea ere bazara. Ez al duzu uste korrikalari askok ez dutela ibilbide naturalik egiten, alegia, lasterketa motzak egin gabe ultra distantzietara salto egin dutela?
Jendeak zerbait arrakastatsua egin nahi du. Bada jendea inoiz mendira joan ez dena eta Ehunmiliak lasterketa egitera joan dena. Jende hori ez da inoiz joan, ez Txindokira, ezta Aizkorrira ere. Horrek agerian uzten du jende horren desoreka. Mendi horrek inoiz ez badio inongo ilusiorik piztu, zergatik pizten dio orain lasterketa horrek? Hori da hausnartu beharreko gaia. Jende askok, mendiaz gozatu baino, nahiago du ondokoen miresmena izan.
Batez ere zeri galdu zaio errespetua?
Distantziari, gehienbat. Gaur egun mendiko maratoi erdi bat huskeriatzat hartzen da, hiru orduko lana bada ere. Jendea ez da ohartzen bi orduko lana izugarrizko lana dela. Errepidean, esaterako, distantziarik luzeena, maratoia, orain gutxi ikusi dugu ia bi orduan egin dutela munduko onenek.
Maila ezberdineko korrikalari asko entrenatzen dituzu, baina, orokorrean, zer eskatzen dizute? Norbaitek osasuntsu egon nahi duela eskatu al dizu?
Jendeak denetik eskatzen du. Sasoiko egon baino gehiago, jendeak hobekuntza azkarra eskatzen du, kosta ahala kosta. Berdin dio zenbat entrenatu, zenbat ordu galdu familiarekin, zer esfortzu eskatzen duen; helburua lortzea dago denaren gainetik. Jendeak printzipioak galdu ditu, eta paper batek mirariak egingo balitu bezala, fisioak, entrenatzaileak edo dietistak esaten duena eztabaidaezina da. Sasoiaren aurretik, gehienek helburua lortzea eskatzen dute.
Orain arte zeuden ultren entrenamenduak hankaz gora irauli omen dituzu zure bezeroekin, ordu gutxiago entrenatuta emaitza onak lortuta. Egia al da?
Argi dago geroz eta ordu gehiago entrenatzeak ez duela emaitza hoberik ziurtatzen. Horretan kalte nabarmena egin digu gaur egun gure ispilu bihurtu denak, Kilian Jornetek. Bera gai da egun batean zortzi orduz entrenatzeko, eta hurrengo egunean beste sei ere bai; baina gizarte honetako gehienok ez gara gai egun batean sei edo zortzi ordu libre izateko. Nire esku dauden kirolari guztiak, zorionez, langileak dira, lanbide bat dute, eta, orduan, argi dago gehiegi entrenatuz gero, gainkarga bat sortzeko aukera izaten dela. Daukaten denbora apurrean errendimendu pixka bat lortzen saiatzen naiz.
Bati baino gehiagori entzuna diot hemendik hamar urtera, prestatzaileak ez, psikologoak faltako direla mendikokorrikalarientzat. Iritzi berekoa al zara?
Agian bai. Badira lesio fisikoak, hausturak, gainkargak edo tendinitisak, eta, gero, badira lesio psikologikoak, presioak edo hobea izan nahiak sortzen dituenak: depresioak, esaterako. Bigarren mota horretako lesioak ugarituz joango dira, horiek sare sozialetan azaltzen ez badira ere. Gaur egun psikologikoki gaizki dagoen jende asko dago, eta lesio fisikoak dituen hainbat jende ere gaizki dago, ni barne. Nik, esaterako, hamar urtean lesio asko izan ditut, eta daramadan eboluzioa ikusita, badirudi ni ere gaixo nagoela, eta agian onartu beharko nuke. Agian ni ere oraindik ez naiz konturatu kirol hau ez dela niretzat egokiena, ez baitut lesioak gainditzeko gaitasunik. Arlo psikologikoan, ordea, uste dut nahiko argia naizela, eta presioa eta kirol honek emango didana argi daukat zer izango den.
Hamabost urte barru korrika ikusten al duzu zeure burua?
Bai. Mendia oso gustuko dut, eta sufritzea ere bai. Ezinean nabaritzeak bete egiten nau oraindik, eta badakit hemendik urte batzuetara oraindik mendian presaka ibiliko naizela [barreak].
Zein dira zure asmoak etorkizunerako?
Urte oso bat lesiorik gabe pasatzea gustatuko litzaidake lehenik. Askotan pentsatu izan dut errendimendua albo batera uztea eta mendian lasai lasterka ibiltzea, baina ez litzaidake batere gustatuko hautu hori lesio batek eraginda izatea. Lasterketei begira, ekainaren erdialdera korrika ikusi nahiko nuke neure burua, eta ziur azkar batean lehiatzen hasiko naizela. Munduko Kopako lasterketa batzuk egitea gustatuko litzaidake.
Jokin Lizeaga. Mendi korrikalaria eta prestatzailea
«Jendeak hobekuntza azkarra eskatzen du, kosta ahala kosta»
Ia bi hilabete dira korrika egiteko oinetakoak jantzi ez dituela, lesio batek mendi lasterketetatik at utzi baitu denbora baterako. Ez da urteko ekitaldi nagusiaren irteeran izango, Zegama-Aizkorrin, baina udan lehiara bueltatzeko asmoa du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu