Gotzon Idirin. Gorbeia Suzieneko zuzendari teknikoa

«Jendeak bere buruari jartzen dion presioa ez da normala»

Mendian korrika egiten zuen bitartean sortu zitzaion ideia eta hainbat laguntzailerekin gorpuztu zuen: Gorbeia Suzien. Lau urtean erreferentzia bihurtu da Euskal Herrian, ibilbideagatik eta antolakuntzagatik. Hazten segitu nahi dute, oinak lurrean.

Unai Ugartemendia.
2015eko irailaren 22a
00:00
Entzun
Ez da izaten ohiko irudia lasterketa bateko zuzendari teknikoa sasiak garbitzeko makina eskuetan duela ibilbidearen zatiak garbitzen ikustea. Ezta ere, herriko udaltzainarekin kudeatzea korrikalariek lasterketaren ondoren oinetakoak non garbituko dituzten. Hala ere, Gotzon Idirin (Zeanuri, 1977) ordenagailuaren aurrean baino erosoago sentitzen da horrelako lanetan. Orain lau urte Gorbeia Suzien martxan jarri zenetik, denetik egitea tokatu zaio. Dena lotuta utzi nahi du irailaren 27an, igandean, Zeanurin (Bizkaia) izango den festa handirako.

Jada laugarren aldia izango da aurtengoa. Hastapenetara jo dezagun. Nori bururatu zitzaion Gorbeian barrena lasterketa bat antolatzea?

Orain sei urte mendian lasterka egiten hasi nintzen. Ordura arte mendiko kirolak egiten nituen, baina Amets alaba jaio zenetik denbora gutxiago neukan. Orduan ordu pare bat egiten nituen korrika eta mendian oinez, Gorbeian barrena. Halako batean, bertan lasterketa bat egiteko aukera irudikatzen hasi nintzen, bertan genuen altxorra baliatuz. Neure buruari galdetzen nion: «Eta zergatik ez Gorbeian, daukagun paisaiarekin?». Horrela, herriko batzuei komentatu, eta lasterketa gorpuzten hasi ginen. Jendeak gustura hartu zuen ideia, eta ordutik ia sei urte pasatu dira.

Noiz hasten zarete urteroko lasterketa antolatzen?

Orain arte lasterketa urrian izaten zen; azaroan kontuak ixten genituen, eta balorazio orokorra egiten; eta, abenduan, berriz, atseden hartzen genuen. Urte hasierako jada martxan jartzen gara, eta ia hamar hilabete joaten zaizkigu orotara. Gustura ibiltzen garen arren, energia asko kentzen duen gauza bat da.

Aurtengoan ere dortsalak 27 ordutan amaitu dira. Zein uste duzu dela horren arrazoia?

Egia esan, ez dakit zergatik den, eta ez dakit hori ona den. Urte hauetan zorte handia izan dugu lasterketarekin, eta uste dut parte hartzaileen artean ezaguna eta estimatua bihurtu dela. Gu ez gara inoiz izango Zegama Aizkorriren parekoa, baina Euskal Herrian jendea oroitzen da gutaz, eta hori ere eskertzekoa da.

Ia urtero babesle nagusiaren izena ematen diozue lasterketari. Zergatik? Babesa eskertze aldera?

Egia esan, lan asko egin dugun arren, zorte pixka bat ere izan dugu alde horretatik. Bestalde, Gorbeia mendia bera mendi esanguratsua izan da euskaldunontzat betidanik. Guztia aintzat hartuta, jendeak konfiantza asko jarri du gugan. Esaterako, lehen urtean, inork ezagutzen ez gintuenean, Eguzkilore enpresak asko lagundu zigun. Herriko familia bat da, eta aurreneko urtean oso ondo atera zen. Bigarren urtean ez genuen babesle handirik aurkitu. Hirugarrenean Banco Mediolaniumen laguntza izan genuen, eta aurtengoan, berriz, Ternuarena. Beti izan dugu bertako enpresak sartzeko nahia, eta, egia esan, aurten ere, harrera ezin hobea egin digute.

Euskal Herrian batzuek Zegama txikia deitzen diote Gorbeia Suzieni. Zer iruditzen zaizu?

Herriko jendearekin ahaztu gabe, guk ere kanpora atera nahi izan dugu lasterketa, eta kanpoko jendea ekartzeko apustua ere egin dugu. Lasterketa modu iraunkor batean egiteko apustua da gurea, baina beti eman nahi izan diogu nazioarteko lasterketa baten itxura. Gero, Gipuzkoan Aizkorri den bezala, Bizkaian Gorbeia da mendirik aipatuena, eta horrek ere zerikusi handia du.

Aurtengo berrikuntza handiena, lasterketa herrikoiarena izango da —22 kilometrokoa—. Beharra ikusten zenuten ala jendeak eskatutakoa izan da?

Zerbaiten beharra ikusten genuen, bai. Hemen, Arratia aldean, mendi martxetarako joera handia dago, eta aurreko urteetan biak egiten genituen, lasterketa eta mendi martxa. Martxa oso herrikoia izaten zen, eta jendea lasterketa labur baten eskean hasi zitzaigun. Gu ere konturatu ginen zerbait herrikoiagoa falta zela, presiorik gabe korritzeko moduko zerbait. Jendea mendian korrika hasteko bultzadatxo bat izan daiteke. Oinez egin nahi duenarentzat ere ibilbide berbera izango da, eta horretarako zazpi ordu izango dituzte. Presarik gabe egiteko modukoa da.

Euskal Herritik kanpo korrika ibilitakoa zara zu zeu ere. Beste lasterketa batzuekin alderatuta, gabeziarik ikusten diozu Gorbeia Suzieni?

Aurtengo apusturik handiena ibilbidearekin egin dugu. Ez dugu ibilbidea behartu nahi izan. Lehen aldiak politak izan ziren arren, zerbait falta zuten. Italiako lasterketak eredu izan daitezke horretarako, teknikotasun handikoak dira gehienak, nik mendiko lasterketa bat ulertzen dudan modukoak. Horretarako aukera ikusi genuen iaz, Lekanda sartuta. Aurten, berriz, Lekandako tontorra kendu dugu, baina lasterketa askoz ere teknikoagoa izango da. Horrek proba gogortuko du, eta oso gustura gelditu gara, batez ere guk nahi dugun mendi lasterketaren irudi horretara gerturatzen ari garelako.

Aurtengoan Ternuaren laguntza izango duzue. Nolakoa izan da harremana?

Gure nahia beti izan da kirol munduko enpresa baten babesa izatea. Mundu honetan ezaguna izateko marketina ere garrantzitsua da. Orain artean oso erantzun eskasak jaso izan ditugu arlo horretan. Horrek harritu gintuen gehien Ternuarekin. Hasieratik erraztasun handiak eman dizkigute, nahiz eta beste lasterketa batzuetan ere babesle nagusiak diren. Gure filosofiagatik agian, baina salbuespen bat egin dute, eta hori eskertzekoa da. Gurea beti izan da kalitatearen aldeko apustua. Oso erraza da Interneten euro bateko kamiseta erosi eta oparitzea. Guk ere badakigu hori egiten, baina ez da gure estiloa. Guk kalitatea nahi dugu, eta beraien filosofiarekin bat gatoz. Esfortzu handia egin dute, eta eskertzekoa da benetan. Neurrian erantzutea espero dugu.

Ibilbide berriak aldaketa batzuk ekarri ditu. Jendea gustura geratu al da egindako bi ikuskapenetan?

Bai, oso gustura. Uda baino lehen dena prest genuen. Uztailean atzera bota ziguten, aurretik hitz eman eta gero. Abuztuan traba handiak izan ditugu, eta irailaren 3an jaso genuen aurrera egiteko baimena. Oso denbora gutxian egin behar izan dugu dena. Jende gehienak antzeko iritzia dauka: oso polita dela baina asko gogortu dela. Irabazleak zaila izango du hiru ordutik jaistea.

Lasterketa guztien nahia izaten da ahalik eta lasterkari onenak bertan egotea. Kirol honetako izar nagusia Kilian Jornet kataluniarra da. Gonbidatu al duzue?

Urtero-urtero ahalegindu gara hura ekartzen. Haren ordezkariarekin hitz egin dugu, baina ezin izan dugu inoiz ekarri. Oso berezia da, munduko korrikalaririk onena. Irizpide propioak ditu, eta lasterketak aukeratzeko orduan berdin zaio Munduko Kopakoproba batera edo beste lasterketa xumeago batetara joatea. Azken urteetan lasterketa gutxiago egiten ari da, eta gehienak berriak dira, gainera. Agian egunen batean etorriko da, baina oso zaila da. Hala ere, askotan egiten diot galdera neure buruari: «Ona al da Kilian etortzea?». Hura etortzeak Gorbeian 5.000 lagun sartzea eragiten badu, agian ez da ona. Kirol arlotik begiratuta, dudarik ez dago; baina mendiaren jasangarritasunari begiratuz gero, ez dakit alde horretatik ona izango litzatekeen. Hausnarketarako gaia da Kilianena.

Munduko Kopan sartzea da antolatzaile guztien nahia. Aukerarik bazenute, zer egingo zenukete?

Gogoa badugu, noski. Futbolarekin alderatuko bagenu, Zegama-Aizkorri Bartzelona edo Real Madril izango litzake, eta gu, berriz, Eibar. Hala ere, aukera edukiko bagenu, ez genioke ezetz esango. Baina zaila da, gehienbat ondoan daukagulako orain bi urte munduko lasterketa onena aukeratu zuten Zegama-Aizkorri ondoan dugulako. Gure nahia ez da hain urrutira iristea. Garrantzitsuena urtetik urtera gertuko jendearen eta boluntarioen ilusioari eustea da. Hori daukagun bitartean gauza berriak egiten saiatuko gara. Horretan, gauzak berritu zaleak gara. Horrek erne egotera behartzen zaitu.

Antolatzaile zaren aldetik, nola ikusten ari zara mendi lasterketen gorakada nabarmena?

Askotan hitz egin izan dugu gai horretaz. Ni kanpoan egon naizenean, gauzak beste filosofia batekin egiten dituztela konturatu naiz. Esango nuke Euskal Herrian mendi lasterketak futbolaren antzeko dimentsioa hartzen ari direla. Ondo dago kirola egitea, baina jendeak bere buruari jartzen dion presioa ez da normala. Gaur egun, sare sozialekin eta Internetekin iparra galtzen ari da. Lasterketei dagokienez, berriz, gaur egun sona handia dutenek ere lan handia egin beharko dute erreferentzia izaten jarraitzeko.

Nola irudikatzen du Gotzon Idirinek hemendik hamar urtera Gorbeia Suzien?

Ez nuke hain urrutira joan nahi. Garrantzitsuena urtetik urtera ilusioa berritzea da. Erreminta polita da gure herri txiki hau ezagutzera emateko, gure parkea ezagutarazteko… Oraingoz lanean ari gara aurtengorako, buruko min handiekin, kar, kar. Zaila da mundu honek zer ekarriko digun aurreikustea. Orain olatuaren gainean gaude, eta hori baliatu behar dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.