Patxi Usobiaga. Eskalatzailea

«Jendea entrenatzen hasi nintzen, eta jende ona etortzen hasi zitzaidan»

Euskal Herriko eskaladaren erreferentzia izan zen, Josune Bereziarturekin eta Pou anaiekin batera. Nazioartean lehiatu eta irabazi ere egin zuen. Ikasitakoa erakusten die orain mundu osoko eskalatzaileei, goi mailakoei zein maila apalagokoei.

MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Unai Ugartemendia.
Bilbo
2015eko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Patxi Usobiaga (Eibar, 1980) ez da geldirik egotekoa. Hitzordua jartzeko ere non eta zein ordutan libre duen begiratu behar izaten duen horietakoa da. Tartetxo bat egin du Mikel Linazisoro eta Itziar Zabala ikasle aurreratuak trebatzen dituen bitartean, Bilboko Zorrozaurre auzoan eraiki berri duten Piu Gaz rokodromo dotorean. Usobiagaren lorpenak desagertu ziren komunikabideetako lerroburuetatik: Munduko Kopako txapeldun 2006an eta 2007an, munduko txapeldun 2009an, txapeldunorde hainbat aldiz, World Gameseko txapeldun 2005ean, zailtasun handiko bide ugari kateatu ditu —horietako asko bistan—... Disko hernia baten ondorioz utzi zuen eskalada, eta orduan surfak eman zion arnasa. 2012an bueltatu zen eskaladara, eskalatzaileak prestatzeko, Adam Ondra iazko munduko txapelduna tartean.

Noiz eta nolatan hasi zinen eskalada munduan?

Txiki-txikitan hasi nintzen eskalatzen, telebistan ikusi nuelako. Gurasoekin 5 urte nituenetik joaten nintzen mendira, baina eskalatzeko gogoa behin telebistan Mirian Garcia Etxaurin eskalatzen ikusi nuenean sortu zitzaidan. Ikusi nuen Etxaurin eskalatzen. Uste dut 9 urterekin hasi nintzela. Geroztik ez naiz gelditu.

Nor izan zen zure lehen maisua eskalada munduan?

Gurasoek ere asko lagundu zidaten. Haiek, mendira asko joaten ziren arren, ez zuten eskalatzen, eta aitak ere hutsetik hasi behar izan zuen. Eskaladaren mundu hori guztia ere ezagutu behar izan zuen. Gero, 14 urterekin, Bergarako Marañoiek hartu ninduten, eta bertan Joxean Mulas, Miguel Mulas, Aitor Pairos, Martin Ramirez, Javi Mujika eta beste batzuek ederki babestu ninduten. Haiekin Euskal Herriko eskola ezberdinetara joaten nintzen.

Hasi berritan, Espainiako txapeldunorde izan zinen. Nola gogoratzen dituzu urte haiek?

Bergaran hasi nintzen, eta orduan, eskalatu baino gehiago, jolastu egiten genuen. Urte hartan, Madrilera joan nintzen lehiatzera, nahiz eta ordurako Euskal Herrian txapelketa batzuk eginak nituen. Garai hartan, nire idoloa David Carretero donostiarra zen. Espainian oso emaitza onak lortutakoa zen, proba asko irabazitakoa. Txapelketa hura Davidek irabazi zuen nagusietan, eta nik bigarren egin nuen gazteetan. Nik uste hor hasi zela dena. Gerora, Leipzigeko [Alemania] gazteen Munduko Txapelketarako hautatu ninduten. Orduko hautatzaile Pere Lloverasek konfiantza handia eman zidan, eta asko bultzatzen ninduen atzerrian jokatzen ziren txapelketetara eta munduko txapelketetara joatera.

14 urterekin 8a zailtasuna kateatzea lortu zenuen. Zenbat ordu pasatzen zenituen entrenatzen?

Asko hunkitu nintzen, eta oso ondo egon zen, gehienbat oso urruti ikusten nuelako horrelakoren bat hain goiz lortzea. Ordu asko igarotzen genituen, bai.

17 urterekin 8c zailtasuna lortu eta gero (Honki Tonki eta White Zombie, Araotz), profesional izan zintezkeela pentsatzen zenuen?

16 eta 17 urterekin, jada Europako Kopako txapelduna nintzen gazteen mailan, 18 urtez azpiko mailan, eta orduan, egia esan, ez nuen pentsatzen profesional izatera iritsiko nintzenik. Gaztea nintzen, eta ondo zegoen; baina orduan ez geunden prestatuta, ez Euskal Herrian, ez Espainian, zeuden azpiegitura eta taldeekin, kirolari bat elitera bideratzeko.

Orduan Zutikan teknifikazio zentroa zegoen Gasteizen, eta bertan geunden Joseba Saiz, Gaizka San Pedro, Iker Pou, Andoni Perez eta Iban Larrion. Bertako jendeak asko bultzatzen gintuen kanpora lehiatzera joatera. Ez genuen gaur egun eskaladari buruz dagoen ezagutza eta laguntzarik. Eskalada ez zen eliteko kirol gisa hartzen, Austrian egiten zen moduan, esaterako. Gaur egun txapelketetan jende asko izaten da, teknifikazio zentro asko dago eta azpiegitura hobeak daude. Horrek eskalatzaile trebatuagoak ekarriko ditu.

22 urterekin eskaladaz bizitzen hasi zinen, ikasketak amaitu eta gero. Nola sortu zitzaizun aukera hori?

17 urterekin Mala vida [8c zailtasuna] igotzea lortu nuen. Orduan ez nuen pentsatzen profesional izatera iritsiko nintzenik. Emaitza onak lortzen ari nintzen, askotan irabazten nuen, bigarren izaten nintzen, hirugarren... 18-19 urterekin erraztasun asko nituen. Autoko gidabaimena eta eskalatzeko askatasuna neuzkan. Garai hartan 8c+ eta 9a ere egin nituen, eta urtebete lanean aritu nintzen ikasketak amaitu eta gero.

Konturatu nintzen, hala ere, asko hobetu nezakeela, entrenamenduei beste aukera bat emanda. Aurrena Zutikan-en aritu nintzen entrenatzen; ondoren, 19 urterekin, Eneko Garcia lagunarekin; eta, gero, denbora batean ez nintzen entrenatu. Momentu batean, ordea, adinarengatik edo ez dakit zergatik, entrenatzeko gogoa sentitzen hasi nintzen. Orduan, Jon Iriberri Eusko Jaurlaritzako kirol teknikariarekin topo egin nuen, eta nire proposamenak azaldu nizkion. Hark oso gutxi zekien eskaladari buruz, baina, oso kirolaria zenez, bazekien lehian hasiko nintzela. Hiru hilabetean bi bide oso zail kateatzea lortu nuen: Il Domani eta Iñi Ameriketan. Handik gutxira, nahiz eta ez ninduten selekziorako hautatu, Chamonixko Munduko Txapelketara joan nintzen, eta bigarren postua lortu nuen. Aldaketa ikusgarria izan zen: ordura arte laguntza gutxi nuen, eta laguntza handia jasotzen hasi nintzen; horrek profesionalen bizimoduan sartzera eraman ninduen, eliteko eskalatzaile gisa.

2006an eta 2007an Munduko Kopako txapeldun izan zinen. Zer ekarri zizun horrek?

Niretzat Munduko Kopa bat irabaztea konpromiso handiko gauza bat zen, eta, nahiz eta munduko proba bat irabazi, ez nuen neure burua Munduko Kopa irabazten imajinatzen. 2006an, Munduko Koparen egutegiaren erdian geundela, neure burua lehen postuan ikusi nuen. Neure buruari energia asko bidaltzea lortu nuen, eta Munduko Kopa irabaz nezakeela sinesten hasi nintzen. Azkenean irabazi nuen. 2007an berriro ere txapeldun izatea lortu nuen, eta poztasun handiko egunak izan ziren biak ere.

2006an Euskal Herriko kirolari onenaren saria jaso zenuen. Zer garrantzi eman zenion bere momentuan?

Egia esan, ez nion garrantzi handirik eman. Kirolari on asko daude tartean, eta asko baloratzen da bakoitzarenmugimendu mediatikoa nolakoa den. Ez da alde askorik izaten, ni edo beste bat munduko txapeldun izatea. Azkenean, norbaiti eman beharreko saria izaten da, eta urte batean bati eta hurrengoan beste bai tokatuko zaio. Nik uste hor goian ibiltzen diren guztiei eman beharko litzaiekeela sari bat.

2009an, berriz, Munduko Txapeldun izan zinen Xiningen (Txina). Espero zenuen?

Egutegian beti izaten dira irabazi nahi diren probak. Munduko Kopak, Munduko Txapelketak, Europakoak, masterreko probaren bat, World Gamesak… Munduko Txapelketa horrekin irabazi nahi nuen guztia irabaztea lortu nuen. Hori zen nire helburua erretiratu baino lehen. 2003an, 2005ean eta 2007an bigarren egin ondoren azken aukera gisa ikusten nuen, eta Xiningeko irudi haiek guztia esaten dute. Lan asko egin nuen, eta ikaragarrizko ilusioa egin zidan.

Eskaladatik ondo bizitzeko aukera izan zenuen ala apustu arriskutsu bat izan zen hura?

Ez zen apustu arriskutsua izan. Ni kontziente nintzen hori amaitzen zenean berriro ere hutsetik hasi beharko nuela. Lortutako irudi guztiarekin, baina hutsetik. 2011n erretiratu nintzenean babesle ekonomiko guztiak galdu nituen; ondoan nituen guztiak desagertu egin ziren. Banekien hori horrela izango zela, baina ikusi arte ez duzu sinesten. Urte haietako guztietako lana azkar batean ahazten da. Gogorra izan zen, bai, gehienbat nik uste nuelako harkaitzetan egiteko nituen asmo guztietan beraien babesa izango nuela. Gero, lesioak ez zidan ondo entrenatzen uzten, eta eskalada albo batean uztea erabaki nuen bi urtez.

Eskaladaren falta sumatu zenuen geldirik egon zinen denboran?

Ez nuen asko sufritu, egia esan. Surfa ezagutu nuen, eta surfarekin batera jende asko eta pertsona bikainak. Bi urte igaro ditut ia egunero surf egiten munduan zehar. Gaur egun surfa egiten jarraitzen dut, nahiz eta azken bost hilabete hauetan ez dudan asko egin. Aurkikuntza oso polita izan zen surfa, eta zoriontsu bizitzeko aukera eman dit bi urte hauetan.

Gaur egun zure enpresa propioa duzu. Zertan datza?

Urte bat geldirik neramala, zerbait egin behar nuela pentsatu nuen. Jendea entrenatzen hastea erabaki nuen. Pixkanaka, jendea entrenatzen hasi eta jende ona etortzen hasi zitzaidan. Tartean Adam Ondrak deitu zidan, munduko txapelketak prestatzeko. Urte berean, munduko boulder eta zailtasun txapelketak irabazi zituen. Horrek izen handia eman dit. Horrez gain, Ondraren mailarekin zerikusik ez duen jendea ere prestatzen dut. Oso motibatuta dagoen jendea da. Denei tratu bera ematen saiatzen naiz. Oso gustura nabil honetan, eta produktu berriak ateratzen ari naiz, Puc Series esaterako.

Euskal Herria beti izan da eskalatzaileen lurraldea. Josune Bereziartu, Pou anaiak, David Carretero, Irati Anda eta zu zeu. Zein da hainbeste eskalatzaile egotearen arrazoia?

Izen batzuk aipatu gabe utzi dituzu, eta ezin dira ahaztu Leire Arregi, Rikardo Otegi, Gorka Karapeto, Mikel Linazisoro.... Bere garaian mendi zaletasuna oso normala zen, eta horrek eskalada ere barneratzea ekarri zuen. Lehen, jende gutxi ibiltzen ginen, eta gaur egun asko dabiltza. Gure garaietako eskalatzaile asko guraso izan dira, eta afizioa belaunaldiz belaunaldi pasatuko dela esango nuke. Nahiz eta kasu askotan ez den horrela, gaur nirekin ditudan Mikel Linazisoro eta Itziar Zabala, kasurako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.