Iazko urte galdua ahaztu, eta berriro ere lehiaketetan aritzeko asmoa daukate aurten eskaladako euskal selekzioko neska-mutilek. Eskaladak ere sufritu zuen pandemiak 2020an kirolean eragindako geldialdia, eta bertan behera gelditu ziren, esaterako, azaroan Berriobeitin (Nafarroa) jokatzekoak ziren Espainiako Txapelketak. Urte garrantzitsua behar zuen iazkoak eskaladan: lehenbizikoz Olinpiar Jokoen historian, kirol olinpikoa izatekoa zen Tokion. Urtebetez atzeratu da, baina gaur egun eskaladan jokoan jartzen diren hiru modalitateak ikusteko aukera izango da uztailaren 23tik aurrera, jokoetan.
Aurtengorako prestatua zegoen nazioarteko egutegiak aldaketa asko izan ditu, nolanahi ere. Urte hasierarako programatutako lehen lehiaketak atzeratu egin ziren, eta berriro ere denboraldia bertan behera gelditzeko susmoak zabaldu ziren. Baina COVID-19aren datuek hobera egin zuten, eta Europako hainbat federaziok txapelketak berrabiarazi zituzten; besteak beste, Espainiako Mendi Federazioak.
Lehena, egutegiari hasiera emango diona, Zailtasuneko Espainiako Koparen lehen proba izango da, ekainaren 19an eta 20an, Madrilen. Hiru proba izango ditu zailtasuneko modalitateak. Beste bi probak irailean eta urrian jokatuko dira, Bartzelonan eta Zaragozan. Baina ez da zailtasunekoa izango jokoan jarriko den Espainiako Kopa bakarra. Blokekoa ere lehiatzeko aukera izango dute eskalatzaileek azaroan, eta hiru astez jarraian jokatu beharko dute Plasencian (Extremadura, Espainia), Salamancan (Gaztela eta Leon, Espainia) eta Lugon (Galizia). Espainiako kopez gain, Espainiako Txapelketak jokatzeko datak ere argitaratu ditu federazioak: urriaren 29tik azaroaren 1era jokatuko dira berriro ere Berriobeitin. Abiadurako txapelketa kitzikagarria ere jokoan izango da han bertan.
Txapelketa horietan guztietan izango dira euskal selekzioko kideak, aurtengoan ere. Selekzioko hautatzaile Sergio Delgadok (Gasteiz, 1995) laugarren urtea izango du karguan. Oso gazte zela hasi zen hautatzaile, Irati Andaren eskutik. Iazko atsedenaldi behartua eta gero, txapelketetan azken urteetan lortutako emaitzei jarraipena emateko asmoarekin azaldu da 2021erako. «Oso urte arraroa izango da aurtengoa. COVID-19a dela eta, txapelketa guztiak oso denbora gutxian jokatu beharko direlako. Oso motibatuta eta indartsu ikusten ditut gazteak, eta, aldi berean, ilusioz begiratzen diot nik ere denboraldi berri honi».
Hasteko, hiru hilabeteko epean jokatu beharko dituzte lehen txapelketak, bai Euskal Herrian, baita Espainian ere. Denboraldi laburra izango dela jakitun da Delgado hautatzailea. «Intentsitate handiarekin lehiatu beharko dira eskalatzaile guztiak. Euskal selekziotik parte hartzaile asko izango ditugu lehian. Gazteekin oso pozik nago, eta asko gustatuko litzaidake txapelketetan euren maila erakusteko aukera izatea».
Azken urteetan euskal selekzioak martxan izan duen teknifikazio taldea ere hizketagai izan du Delgadok txapelketen atarian. «Teknifikazio taldean aritu ziren batzuk ikusiko ditugu lehiatzen txapelketetan. Haiekin lanean hasi ginenean, hori zen helburu nagusia: gutxinaka, Euskal Herrian daukagun harrobiaz probestea. Azken urteetan gaztetxoekin egindako lana ikusten hasiko gara urte gutxian». Baina hutsuneak ere izango dira euskal selekzioko eskalatzaileen artean, eta ez nolanahikoak. «Aurtengo denboraldian oso zaila izango da, esaterako, Mikel Linazisoro, Eneko Carretero edo Bittor eta Joanes Esparta anaiak gurekin lehiatzen ibiltzea. Espainiako selekzioarekin arituko dira urtean zehar lehiatzen, munduko txapelketatan». Hutsuneak hutsune, gazteengan dauka jarrita fedea. Hauek dira belaunaldi berri horretako ordezkarietako batzuk:
1. Zenbatgarren aldiz izango zara EspainiakoKopan?
2. Zer modalitatetanhartuko duzuparte Espainiako Kopan?
3. Kopaz harago, zer txapelketa gehiago jokatuko dituzu aurtengo denboraldian?
4. Zer asmo dituzuaurtengo denboraldirako?
5. Zerekinkonformatuko zinateke?
IRATI ZABALA (Oiartzun, Gipuzkoa, 1999)
«Ahal dudan guztia ematen saiatuko naiz Espainiako Kopan»
1. «Laugarren urtez arituko naiz Espainiako Kopan».
2. «Bi modalitate jokatuko ditut: blokekoa eta zailtasunekoa,boulderrean».
3. «Printzipioz, lau txapelketa jokatuko ditut orotara aurtengo denboraldian: Espainiako Kopako blokekoa eta zailtasunekoa, eta Espainiako Txapelketetako blokekoa eta zailtasunekoa».
4. «Oso motibatuta nago entrenatu eta hobetzeko, boulderrean batez ere. Arrokari gehiago eskaini nahi diot. Proiektu asko ditut buruan: boulderreko 8a-ren bat probatu...».
5. «Lehiaketei begira ez dut emaitza zehatzik buruan. Nire onena ematen eta ahal dudan guztia ikasten saiatuko naiz. Arrokari dagokionean, proiektuak aurrera ateratzea izango da helburu nagusia, eta boulderreko 7c+ graduan asentatzea».
MARTIN URRUTIA (Elorrio, Bizkaia, 1999)
«Pandemiaren aurretik nituen sentsazioak berreskuratu nahi ditut»
1. «2014. urtean izan nintzen lehen aldiz Espainiako Kopako proba batean. Urte horretan, bi proba besterik ez nituen jokatu, baina hortik aurrera, oker ez banabil behintzat, proba guztietan parte hartu izan dut, zailtasuneko modalitatean behintzat. Zazpigarren urtea dela esan daiteke, 2020koa kontuan izan gabe, pandemiaren ondorioz bertan behera gelditu baitzen».
2. «Zailtasuneko probatan hartuko dut parte, printzipioz behintzat; hau da, nire espezialitatean. Posible da Espainiako Txapelketan blokeko modalitatean ere lehiatzea, baina ez da ziurra oraindik».
3. «Oraingoz, behintzat, Espainiako Kopako zailtasun probetan lehiatzeko prest egotea espero dut, proba batean jokatzen den txapelketa baita».
4. «Lehenik, pandemia aurretik lehiatzerakoan izaten nituen sentzazio onak mantentzea, finaletara sartzea eta horietan ondo moldatzea. Berriro podiumera igotzeak ilusio handia egingo lidake».
5. «Finaletara pasatzearekin. Denbora asko daramat lehiatu gabe, eta ez dut uste itzulera batere erraza izango denik. Hala ere, harkaitzan emaitza onak lortzen nabil, eta espero dut txapelketetan ere ondo moldatzea».
GORKA RUIZ IBARROLA (Bilbo, 1997)
«Maila ona eman ahal izatearekin konformatuko nintzateke ia»
1. «Uste dut oraingo hau hamargarren aldia izango dela Espainiako Kopan».
2. «Gehienbat zailtasunean eta blokean. Orain artean zailtasunean aritu naiz gehiago Espainiako Kopan, batik bat jubenil mailan blokeko txapelketak ez zirelako jokatzen. Ahal dudan guztietan saiatu naiz parte hartzen. Abiaduraren modalitatea berria da ia guztiontzat».
3. «Aurten indar eta gogo handiz hartu nahi nituen txapelketak, baina pandemiaren kontua zela eta, lehiaketak atzeratu egin ziren, eta ikasketetan gehiago aritu nintzen. Azken hilabete honetara arte entrenatzen aritu naiz, eta lehiaketei buruzko berriak izatearen zain, buru-belarri nabil ikasketekin eta aurten gradua amaitzeko asmoarekin. Horretaz gain, izan dugun denboraldiarekin, murrizketekin eta gainerakoekin, eta uda agerian izanda, harkaitzera irtetea pentsatzen dut gehiago. Uda gozatu nahi dut, eta ahal den guztia eskalatu nahi dut. Egutegi berriaren arabera, lehen lehiaketa ekainean jokatuko dugu, eta ekainaren 1ean azterketak amaitu eta gero, lehiaketa horretan jarriko dut azterketen osteko lehen helburu nagusia».
4. «Denboraldi honetarako ez daukat helburu garbirik; ikasketak dira lehenengo, eta gero lehiaketak. Irailean hasiko dut masterra, eta oraindik ez dakit nola diren ordutegiak eta bestelakoak, baina, esan didatenez, oso xelebrea da, eta horrek bi gauzak uztartzeko zailtasuna dakar. Beraz, oraindik ez dut aurtengo denboraldia asko zehaztu».
5. «Azken urteetan lehiaketetara joateko izan ditudan zailtasunekin, ia konformatuko nintzateke denboraldi honetako guztietan maila onarekin parte hartu ahal izatearekin».
HAIZEA OSES(Arrasate, Gipuzkoa, 2004)
«Txapelketetan lasai eskalatu nahi dut»
1. «Laugarren aldiz izango naiz Espainiako Kopan; 2017an lehiatu nintzen lehenengo aldiz, eta geroztik, urtero aritu naiz bertan lehiatzen, aurreko urtean izan ezik, COVID-19aren ondorioz ia txapelketa guztiak bertan behera geratu baitziren. Espero dut aurten txapelketa guztiak jokatzeko aukera izatea».
2. «Gehienbat, zailtasun probetan parte hartuko dut, baina blokea eta abiadura ere egingo ditut denboraldi honetan, Espainiako super txapelketan hiru modalitateen batez bestekoa hartuko baita kontuan aurten sailkapenetarako».
3. «Aurtengo denboraldian, Espainiako Kopan, zailtasuneko txapelketetan eta Espainiako Txapelketetan hartuko dut parte. Europako Kopako zailtasuneko bi probatara ere joango naiz, Bulgariara eta Eslovakiara».
4. «Aurten nire helburu nagusia txapelketetan lasai eskalatzea da; horrela, nire onena eman ahal izateko. Datozen txapelketetan, presiorik gabe eta gustura eskalatzea oso pozgarria izango litzateke niretzat».
5. «Espainiako zailtasun kopan podiumean egotea gustatuko litzaidake, eta Europako txapelketetan ondo aritzea. Baina, dena dela ere, ez ditut helburuak asko finkatu nahi; nahiago dut lehiatzean psikologikoki sortzen zaizkidan beldurrak gainditzen ikastea».
BORJA BERNALTE (Elorrio, Bizkaia, 2004)
«Senior mailako blokeko txapelketan emaitza ona lortzearekin amesten dut»
1. «Zazpigarren aldiz izango naiz Espainiako Kopa batean parte hartzen. 2017 hasi nintzen, eta oraindik hemen jarraitzen dugu».
2. «Aurtengo denboraldian, blokean, zailtasunean eta abiaduraren modalitateetan parte hartuko dut».
3. «Espainiako jubenil mailako hiru probetan parte hartuko dut. Horretaz gain, Espainiako txapelketetako hiru modalitatetan, alegia, blokean, abiaduran eta zailtasunean parte hartuko dut. Denboraldia amaitzeko, Espainiako bloke txapelketan lehiatuko naiz, baina seniorrekin. Euskal Herriko zailtasun, bloke eta abiadura txapelketan ere egoteko asmoa daukat».
4. «Oso zaila bada ere, Espainiako bloke txapelketako senior mailan finalera pasatzea asko gustatuko litzaidake, niri gustatzen zaidan modalitatea delako gehienbat. Bestalde, zailtasuneko txapelketetan ere emaitza onak lortzea gustatuko litzaidake, eta haietan ere, eta posible bada, finalen batean sartzea ere bai. Euskadiko txapelketan, berriz, podiumera igotzea gustatuko litzaidake».
5. «Zailtasun probetako finalen batera pasatzearekin konformatuko nintzateke, eta blokeko senior mailako txapelketan emaitza ona lortzearekin ere oso pozik egongo nintzateke».
Eskalada
Jauzia egin nahi dute
Eskalada lehiaketek abiada hartuko dute ekainetik aurrera. Sergio Delgado euskal selekzioko hautatzaileak azaldu du urte «arraroa» izango dela, baina eskalatzaile gazteak «oso motibatuta eta indartsu» daudela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu