Jarduera handiak mendi 'txikietan'

Zortzimilakoetan ez, altueraz apalagoak diren mendi zailetan igoera nabarmenak egin dituzte aurten euskal mendizaleek, besteak beste Paineko Dorreetan (Patagonia), Kharut II mendian (Karakorum), Amaiur Peak-en (Ladakh), Phurbi Chiachun (Nepal)...

Phurbi Chhyachu mendiaren igoera
Phurbi Chyachu mendiaren (6.637 m) ertzean. MIKEL ZABALZA
Ramon Olasagasti - Unai Ugartemendia
2023ko abenduaren 20a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Alpinismoaren eta eskaladaren funtsa eta egia, zortzimilakoetako bide maiztu eta sokaz jositakoetan baino gehiago, mendi txikiagoetan dago aspaldiko urteotan: Himalaiako, Karamorumeko, Andeetako seimilakoetan, zazpimilakoetan, mendi zail eta bide berrietan egindako jardueretan. Eta horren erakusle izan dira 2023an euskal alpinistek eta eskalatzaileek eginiko hainbat igoera.

Urtea hasi orduko, ordea, zortzimilako batetik heldu zen albistea: urtarrilaren 6an Manasluko gailurrera (8.163 metro) iritsi zen Alex Txikon, neguan. Hirugarren saiakera zuen mendizale lemoarrak Manaslun, eta Pasang Nurbu Xerpa, Chhapel Xerpa, Gelu Xerpa, Maila Xerpa, Mantere Lama Xerpa eta Gamje Babu Xerpa nepaldarrak lagun, lortu zuen azkenean bere helburua. Urtearen bukaeran, igoera horri buruzko liburu bat argitaratu du Txikonek, «barru-barrutik idatzia».

Alex Txikon, Manasluko beheko kanpalekuan. PHELIPE EIZAGIRRE.
Alex Txikon, Manasluko beheko kanpalekuan. PHELIPE EIZAGIRRE

Urtarrilean, berealdiko jarduera egin zuen Imanol Amundarain atalluarrak (Nafarroa) Txileko Patagonian: Paineko Erdiko Dorreko Hegoafrikako bidea (A4/5.10) eskalatu zuen era askean, Cedar Christensen eta Tyler Karow estatubatuarrekin batera. Lerro hori Michael Scott eta Richard Smithers hegoafrikarrek zabaldu zuten, 1974an, eta orain arte igoera bakarra zuen era askean: Sean Villanueva eta Nico Favrese belgikarrek 2009an egindakoa. Amundarainena eta bi estatubatuarrena ardoz blaitutako eskalada izan zen.

Dolomitak, Lofoten, Kharut 2...

Otsailean, Iosu Merino, Ander Zabalza eta Adrian Legarra euskaldunek eta David Lopez Troner errioxarrak izotz eta mistoko bide gogor ugari eskalatu zituzten Dolomitetan, besteak beste Iluminati izotz jauzi entzutetsua. Hain urrutira joan gabe, etxean bertan, Joseba Iztueta, Unai Cobos, Ioseba Eskudero eta Mikel Mongelos alpinista eta eskalatzaile goierritar gazteek bi bide berri zabaldu zituzten Aizkorriko ipar hormako korridoreetan: Akertegi (160 metro, M5) eta Hire amak baleki (330 metro, M6).

Otsailean Dolomitetan izan ziren taldekideetako batek, Ander Zabalza nafarrak, bete-beteko urtea izan du 2023a, eta Xabier Ormazabal mendi bekara aurkeztu zuen proiektua burutu du. Zabalzak, beste eskalatzaile batzuekin batera, hainbat bide zabaldu eta errepikatu ditu Lofoten uharteetan (Norvegia) eta Eskoziako Foula uhartean, eskalada tradizionalaren aldarria eginez, eta eskalatutako horma eta bide guztietan iltze bakar bat ere sartu gabe.

Kharut 2 mendiaren ikuspegia eta zabaldutako bidea. KOLDO ZUBIMENDI
Kharut 2 mendiaren ikuspegia eta zabaldutako bidea. KOLDO ZUBIMENDI

Koldo Zubimendi eta Vicente Barcena alpinista erandioztarrek (Bizkaia) erakutsi dute oraindik ere posible dela inork igo gabeko mendi eta bideetan ibiltzea. Udan, Karakorum mendiguneko (Pakistan) Kharut 2 (6.703 m) mendi birjinara igo zen Zubimendi bide berri batetik, estilo erabat alpinoan. Via Pollos izena jarri zioten bideari (1200 m/65°/M4), halabeharrez etxean geratu behar izan zuen Unai Pollos taldekidearen omenez. Jarduera gogoangarria izan zen.

Amaiur Peak, Trango, Ranrapalca, Groenlandia...

Nabarmentzekoa izan da Nafarroako eta Gipuzkoako hainbat eskalatzaile gaztek aurtengo udan Ladakhen (Indiako Himalaia) eginiko jarduera. Ekaitz Maiz (Etxauri, Nafarroa, 1979), Urko Zabala (Izkue, Nafarroa, 2003), Ibon Mendia (Iruñea, 2002), Mikel Ezkurdia (Arazuri, Nafarroa, 1999) eta Joseba Iztueta (Gabiria, Gipuzkoa, 1991) eskalatzaileek ez bat eta ez bi, hamazazpi bide zabaldu zituzten Ladakheko Shafat ibarrean. «Egin izan ditudan espedizioetan gehien eskalatu dudana aurtengoa izan da», adierazi zuen Ekaitz Maizek, taldekideetako batek, eta Maizek hori esatea asko esatea da. Amaiur Peak (5.760 m) orratzaren lehen eskalada izan zen jarduerarik azpimarragarriena.

Mendia: Ladakheko bidea
Amaiur Peak mendia. EKAITZ MAIZ

Pou anaiak ere ez dira geldirik egon 2023an. Udan, Lau elementu proiektua burutu zuten Karakorumen: zehazki, bide berri bat zabaldu zuten Trango II Dorrean (6.320 m), Fay Manners ingelesarekin batera, Waa Shakir (6b/M5/70⁰/2.200 m). Hori izan zen jarduera nagusia, baina horrez gain, beste bost bide berri ere zabaldu zituzten Trangoko orratz txikiagoetan. Alpinismoaren kintesentzia zein den argi erakutsi zuten poutarrek Trangon. Pakistandik bueltatu eta ia zuzenean Peruko Andeetara jo zuten bi anaiek, eta Micher Quito huaraztarrarekin batera Ya pe' cholo bidea zabaldu zuten (1.200 m, 6b, 80º) Mendilerro Zuriko Ranrapalca mendiaren (6.162 m) ipar-mendebaldeko horman, isuri horretako lehena. Andeetan egin duten «jarduerarik zailenetakoa» izan dela azpimarratu zuten bi andinista gasteiztarrek.

FEDMEko emakumezko alpinisten taldea Groenlandian
Uxue Loizu Izar askea bidea zabaltzen, Groenlandian. FEDME

Goraipatzekoa FEDME Espainiako Federazioaren Alpinismoko Emakumeen Taldeko kideek —besteak beste, Maialen Rojo, Uxue Loizu eta Amaia Segurola euskal herritarrek— Groenlandiako Mythic Cirque mendiguneko eta inguruko dorreetan eginiko jarduera: taldekideek zortzi bide zabaldu zituzten fiordo haietako dorretzarretan. Groenlandiako espedizioan, une oro gogoan izan zuten Amaia Agirre taldekidea, aurtengo urtarrilean Iker Bilbao lagunarekin batera Patagoniako Fitz Royn zendua.

Bhagirathi III, Phurbi Chyachu

Badira mundu zabaleko alpinistek miraz begiratzen dituzten mendiak. Horietako bat da Bhagirathi III (6.454 m), Indiako Garhwal mendigunean. Udazkenean, Mikel Saez de Urabain ordiziarrak, Jose Mari Txemari Andresek, Ruben Perez Ino-k eta Alex Kammerlanderrek horma puska hori eskalatu zuten, alemaniarren eta eskoziarren bideak uztartuz. Azken ekinaldian, 43 ordu egin zituzten gelditu gabe.

Mikel Saez de Urabain, bere bota zaharrekin, Bhagirathi III-tik jaitsi berritan. Mikel Saez de Urabain
Mikel Saez de Urabain, bere bota zaharrekin, Bhagirathi III-tik jaitsi berritan. MIKEL SAEZ DE URABAIN

Alpinismoaren esentziaren erakusle da Mikel Zabalzak, Juan Vallejok eta Iker Madozek Phurbi Chyachu mendian (6.637 m), Nepalgo Jugal Himal mendigunean eginiko eskalada ere, mendi horren bigarren igoera. Hego-ekialdeko ertzetik egin zuten eskalada, eta gailurretik 50 metrora geratu ziren desnibelean. Jak gaztaren zapore hori utzi zien jarduerak.

 

MENDIKO LASTERKETAK

Zegama-Aizkorri mendi maratoia ikusgarria izan zen, beste behin. Lokatz artean, Manuel Merillas espainiarra eta Daniela Oemus alemaniarra gailendu ziren, eta Aritz Egea (19) eta Oihana Kortazar (7) izan ziren lehen euskal herritarrak. Iaz hirugarren izan eta gero, askoren ahotan zegoen Manuel Merillasen izena, eta are gehiago jakin zenean Jornetek ez zuela parte hartuko. Espainiarrak ez zuen aukera alferrik galdu. Zazpigarren ahaleginean lortu zuen irabaztea. Emakumezkoetan, berriz, ezustean irabazi zuen Daniela Oemus alemaniarrak, bere lehen parte hartzean.

MANUEL MERILLAS
Manuel Merillas izan zen garaile Zegama-Aizkorrin. IDOIA ZABALETA / FOKU

Aurtengo Gorbeia Suzien oso azkarra izan zen. Bi garaileek, Clementine Geoffray frantziarrak eta Alain Santamaria espainiarrak, hobetu egin zituzten orain arteko markak: Geoffrayk hiru ordu, 34 minutu eta 25 segundo behar izan zituen probaren 32 kilometroak eta 2.400 metroko desnibela osatzeko. Santamariak bi ordu, 57 minutu eta zortzi segundoan geratu zuen kronoa helmugan. Euskaldunen artean, Onditz Iturbe laugarren izan zen nesketan, eta Markel Urigoitia zortzigarren mutiletan.

Ehunmiliak lasterketan (168 km, 11.000 m+), Uxue Fraile donostiarra eta Jesus Bailo espainiarra gailendu ziren. Frailek 29.19.43ko denbora egin zuen, eta bi ordu eta erdiren aldea atera zion Joanna Pawelczak poloniarrari. Bailok 24 ordu pasatxo (24.24.50) behar izan zituen proba osatzeko. Igon Mantzisidor izan zen bigarren, hogei minuturen buruan. Goierriko Bi Handiak proban, berriz, Ioseba Eskudero idiazabaldarra eta Oihana Azkorbebeitia abadiñarra nagusitu ziren. Eskuderok 10.12.32ko marka egin zuen, eta Azkorbebeitiak, 12.40.43koa. Jakes Goikoetxeak bere parte hartzearen barne bidaia idatzi zuen.

Ehunmiliak lasterketaren laburpena. GOIERRIKO HITZA

Julen Martinez de Estibariz eta Ane Zabala gailendu ziren Hiru Handiak proban. Gizonezkoetan, korrikalari gasteiztarrak 10 ordu, 44 minutu eta 48 segundo behar izan zituen Gorbeia, Anboto eta Aizkorri gailurretara igo eta 101 kilometroak osatzeko, duela bi urte irabazi zuenean baino ia ordu erdi gutxiago. Emakumezkoetan, lasterkari arrasatearrak 14 ordu eta erdian osatu zuen proba.

UTMB, Skyrunner World Series...

Nazioartean, Mont Blanceko UTMB proban (171 km, 9.963 m+), Maite Maiora bosgarren izan zen, atzetik aurrera lasterketa bikaina eginda. Sara Alonsok, lesiotik osaturik, garaipena lortu zuen UTMBko ETC proba laburrean. UTMBko proba nagusian, emakumezkoetan, Courtney Dauwalter estatubatuarra gailendu zen, faborito nagusia (23.19.14), eta gizonezkoetan, Jim Walmsley estatubatuarra. 2003an proba sortu zenetik, 20 urteren buruan, aurten lehen aldiz nagusitu da estatubatuar bat gizonezkoen kategorian.

Handia egin zuen Sara Alonsok Limone Xtreme SkyMasters proban, Skyrunner World Series zirkuituko hamahirugarren eta azken proban. Denboraldi osoa lesiotik osatzen egin eta gero, garaipena eskuratu zuen korrikalari donostiarrak Limonen. Ainara Urrutia eta Oihana Azkorbebeitia hamar aurrenekoen artean sailkatu ziren Skyrunner World Series zirkuitu horretako sailkapen nagusian, bederatzigarren eta hamargarren, hurrenez hurren. Clementine Geoffray frantziarra eta Antonio Martinez espainiarra izan ziren zirkuituko onenak.

Golden Trails Series zirkuituan, berriz. Malen Osa oñatiarra laugarren izan zen azken sailkapenean. Sophia Laukli estatubatuarra gailendu zen zirkuituan, eta mutiletan, Remmi Bonet suitzarra.

Malen Osa Dolomyths Skyrace proban
Malen Osa, Dolomyths Skyrace proban. MARTINA VALMASSOI

Gurera etorrita, 2023ko Euskal Herriko Kopan zortzi proba izan dira: martxoan Kolazino lasterketarekin hasi zen zirkuitua, eta ondoren etorri ziren Kilimon Trail, Berako XVII. Mendi Maratoi Erdia, Kanpezukoa, Irati Trail, X. Amurrio Trail Lasterketa eta Baztandarrak Traila. Zortzi proben ondoren, emaitza guztiak kontuan hartuta, Beñat Katarain zegamarra (Gipuzkoa) eta Oihana Zubillaga anoetarra (Gipuzkoa) izan dira nagusi Euskal Herriko Kopan. Ultren zirkuituko Euskal Herriko Kopan, berriz, Oihana Azkorbebeitia eta Iban Agirrezabala nagusitu dira.

Hainbat mendizale, eskalatzaile, korrikalari eta eskiatzaile elkarrizkatu ditu BERRIAk mendiko orriotan: besteak beste, Ainhoa Sanz, Pedro Garcia, Juan del Campo, Arrieta Rodriguez, Alaia Juaristi, Sergio Delgado, Elena Calvillo, Ainara Vera, Jon Ander Aranburu, Nerea Amilibia, Gonzalo Bartolome Tierra 'Yhabril Moro', Beñat Marmissolle, Javi Dominguez, June Garitano, Ghulam Murtaza, Ioritz Gonzalez Lertxundi, Luis Arrieta eta Xabier Zarranz, Edurne Pasaban, Gontzal Murgoitio...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.