Mendiko lasterketen munduan ezezaguna zen Leire Agirrezabala (Ibarra, 1987). Aurten hasi da lehiatzen, eta hankaz gora jarri ditu Euskal Herriko eta atzerriko gailur asko. Maldak igotzeko daukan erraztasunak egin du ezagun, eta hamaika garaipen lortzeaz gain, munduko korrikalari onenekin lehian aritu da jada.
Noiz hasi zinen korrika?
9-10 bat urte neuzkanean hasi nintzen korrika. Tolosako estadiora joaten ginen orduan. 400 metroko serieak, 800 metrokoak eta 1.500 metrokoak egiten genituen, baina niri saio luzeak gustatzen zitzaizkidan gehien.
Asfaltoan hasi zinen, eta gero pasatu zara mendira. Zergatik?
Azken bost urteetan asfaltoan egin dut korrika, baina oso sarri joaten nintzen mendira oinez. Lehengo urtean aurrenekoz, herriko mendi batera korrika igotzea bururatu zitzaidan udaberrian. Hiru bat aldiz igo nintzen, gustura gainera. Osasun arazoengatik, ordea, utzi egin behar izan nuen. Denboratxo bat igaro, eta aurten berriz ere mendian korrika egiteko gogoa sortu zitzaidan; baita lasterketaren bat egitekoa ere. Mendia politagoa da, baina esfortzu handixeagoa eskatzen du; asfaltoan korrika egitea monotonoagoa da, baina, aldi berean, baita erosoagoa ere, eta niri, behintzat, ez dit eskatzen mendian bezain kontzentratuta joatea.
Nola entrenatzen zara?
Asko gustatzen zait korrika egitea, eta saio luzeak egiten ditut, mendia eta asfaltoa tartekatuta. Horrez gain, spinning ere egiten dut, eta batzuetan igeri ere bai.
Nolakoa da zure egun arrunt bat?
Ordutegiaren eta lantokiaren arabera, baina normalean lanetik atera ostean, nahiko goiz joaten naiz korri egitera, neguan batez ere. Ondoren, spinning egitera joaten naiz batzuetan.
EHME irabazi zenuenetik denboraldi bikaina egiten ari zara. Zein izan da lasterketarik gogorrena?
Zumaiko Flysch lasterketa egin zitzaidan gogorrena, baina egia esan ez dakit zehazki zergatik: beroarengatik, lasterketan erritmoa hartu ezinik joan nintzelako, egarriarengatik... Gauza batengatik edo bestearengatik, baina hori da okerren amaitu dudana.
Eta lasterketarik politena?
Horrenbeste lasterketaren artean zaila da bat aukeratzea, baina Italiakoa [Limonekoa], esaterako, izugarri gustatu zitzaidan, eta asko gozatu nuen. Vilallerrekoa [Herrialde Katalanak] ere oso polita zen, baina jaitsieretan gaizki pasatu nuen.
Nola sartu zara Euskal Selekzioan eta zer eman dizu horrek?
Euskal Herriko Mendi Erronka irabazi ostean, Euskal Selekzioko hautatzaileak, Eneko Allendek, Espainiako Txapelketan parte hartzeko gonbita egin zidan. Selekzioarekin lasterketa hartan hartu behar nuen parte lehenengoz, baina korrikalari bat falta zutela eta, astebete lehenago estreinatu nintzen Lanzaroten [Espainia]. Selekzioak jende oso jatorra ezagutzeko aukera eman dit, lagunak ekarri dizkit, eta hori da niretzat esperientzia honen alderik onena. Horrez gain, azken hilabeteetan ezagutu izan dudan guztia ere selekzioari lotuta egon da.
Denboraldia amaitzen ari da. Zer egingo duzu urtea amaitu bitarte?
Igandean, Goierri Garaia mendiko lasterketa egingo dut, eta azaroan, Donostiako maratoia, segur asko. Gero martxora arte ez dut lasterketarik egingo. Korrika egiteaz ez naiz nekatzen, baina lasterketetan parte hartzeaz bai.
Aurten hasi zara lehiatzen eta munduko lasterkari onenekin egon zara hainbat lasterketatan. Nolako esperientzia izan da?
Niretzat arraroa eta berezia izan da. Esperientzia berri bat.
Etxean eta ingurukoek zer esaten dizute horren goian ikusten zaituztenean?
Egia esan, ni bezain harrituta daude, beti ikusi naute-eta korrika. Orain dela sei hilabete ez nuen sinetsi ere egingo aurten egin ditudan lasterketen erdietan ere parte hartuko nuenik. Are gutxiago selekzioko partaide izango nintzenik eta garaipenen bat lortuko nuenik.
2014rako zer helburu dituzu?
Helburu dezente ditut datorren urterako: ultratrail bat egin nahiko nuke, eta horrez gain, Munduko Kopa, Espainiako txapelketa, Euskal Herrikoa eta, posible bada, mundukoan parte hartzea ere gustatuko litzaidake.
Ba al daukazu ametsik lasterketen edo kirolen munduan?
Nire ametsa hurrengo urtean lasterketa horietan parte hartu ahal izatea da, eta azken lasterketetan adina gozatzea.
26 urte dituzu orain; gaztea zara oraindik, eta munduko korrikalari onenak estu hartu dituzu zenbait lasterketatan. Noraino iritsi nahiko zenuke?
Ez dakit, oraingoz hurrengo urteaz gozatu nahi dut. Ez daukat emaitzei begira inolako helbururik, inoiz imajina nezakeen baino urrunago iritsi naiz jada, eta oraindik sinetsi ezinik nabil. Hala ere, korrika ahalik eta ondoena egiten saiatuko naiz, orain arte bezala.
Mendia. Mendiko lasterketak. Leire Agirrezabala. Mendiko korrikalaria
«Jada, inoiz imajina nezakeen baino urrunago iritsi naiz»
Lanetik irten eta burua argitzeko ateratzen omen zen korrika egitera, maiatz amaieran Euskal Herria Mendi Erronka lasterketan parte hartu zuen arte. Buru-belarri dabil orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu