Izaskun Zubizarreta mendizalea hil da

Mendiko eskiatzaile eta korrikalari oiartzuarra bart zendu da, gaixotasun baten ondorioz. Mendiko eskiko eta korrikako hainbat proba irabazi zituen, eta mundu mailan ere hainbat podium lortu. Lehiaren gainetik, mendia «osotasunean» zuen maite.

IZASKUN ZUBIZARRETA
Izaskun Zubizarreta, 2008ko Suitzako Munduko Txapelketan.
ramon olasagasti
2024ko abuztuaren 6a
11:25
Entzun

Izaskun Zubizarreta mendiko eskiatzailea, korrikalaria eta mendizalea (Oiartzun, Gipuzkoa, 1970) hil da, gaixotasun baten ondorioz. Emaitzei erreparatuz gero, Euskal Herrian inoiz izan den mendiko eskiatzaile onena izan da, baina, lehiaren gainetik, mendia bizitza zen harentzat. «Osotasunean» maite zuen mendia, izan eskiekin, botekin, kranpoiekin, mendiko bizikletarekin edo korrika egiteko zapatilekin. «Mendizalea naiz ni», esan ohi zuen. Gozatu mendiko diziplina guztietan gozatzen bazuen ere, «plazer gehien» mendiko eskiak eman zion: elurrak «zerbait berezia, erakargarria» zuen beretzat, eta kirol horretan lortu zituen emaitzarik onenak.

Mendiko eskian urteak eraman arren, «berandu samar» hasi zen lehiatzen, 35 urterekin. Aurrez, urteak eta urteak egin zituzten Fermin Illarregi bikotekideak, Carlos Imirizaldu Karolo lagun minak eta hirurek, hainbatetan beste lagun batzuekin batera, furgoneta hartu eta Pirinioetan, Alpeetan, Norvegian, nonahi, mendiko eskiaz gozatzen. Mendiaz eta lagunarteaz gozatzen. Espedizioak ere egin zituen: 2003an Lenin mendia igo zuen, Pamir mendikatean, eta hurrengo urtean G8, Karakorumen (Pakistan).

Aitor Otxoa, Izaskun Zubizarreta, Aitor Murua, Harkaitz Letamendi, Joseba Ormazabal eta Xabi Urkizu Austriako Dachtein xtreme proban.
Aitor Otxoa, Izaskun Zubizarreta, Aitor Murua, Harkaitz Letamendi, Joseba Ormazabal eta Xabi Urkizu euskal selekzioarekin Austriako Dachtein xtreme proban. AITOR OTXOA

Karolok berak hauspotu zion berezkoa zuen sen lehiakor hori, eta, dortsala jantzita, barruan zuen indar hori erakutsi zuen geroko urteetan. BERRIAri emandako elkarrizketa batean, hala gogoratu zuen lehen proba hura: «La Graven (Frantzia) geundela, lasterketa batera joateko proposamena egin zidaten. Larunbatean eskiatzen aritu ginen, eta igandean lasterketan parte hartu genuen. Bigarren amaitu nuen, Leire Ezpeletaren atzetik. Oso gustura geratu nintzen. Hurrengo urtean, Espainiako Txapelketako kronoigoeran parte hartu nuen, Cerlerren [Aragoi, Espainia]. Hirugarren amaitu nuen, eta Espainiako selekziotik deitu zidaten. Dena oso azkar joan zen».

Geroztik, hainbatetan irabazi zituen Euskal Herriko eta gertuko probak: Bandres-Karolo Memoriala, Altitoy... Espainiako txapelketa eta Espainiako Kopa ere ezin konta ahala aldiz irabazi zituen, eta mundu mailako probetan ere emaitza ikusgarriak lortu zituen. 2006an, Tina Bes eta biak 8. izan ziren Munduko Txapelketan, Italiako Cuneo herrian. 2007an Mezzalama proba entzutetsua osatu zuen Fermin Illarregi eta Carlos Imirizaldu Karolo lagunekin hirukotea osatuta.

2008an izan zuen, emaitzei erreparatuta bederen, urterik onena. Munduko Kopako hainbat probatan lehiatu zen, eta hainbatean igo zen podiumera. Cima d’Asta Skialp proban (Italia) bigarren izan ziren Sophie Dusutoir andorratarra eta biak; Andorrako Font Blancako proban hirugarren izan ziren; Tris Rotondoko proban, laugarren... Banaka, Dolomiti de Brentako proban (Italia) bosgarren izan zen, Aran ibarreko lasterketan zortzigarren... Urte berean, Munduko Txapelketan ere zazpigarren izan zen, bai banaka eta bai binaka, Emma Roca kataluniarrarekin batera.

Izaskun Zubizarreta, hainbat lagunekin Lenin mendian
Izaskun Zubizarreta hainbat lagunekin Pamirko Lenin mendian (7.134 m). IÑAKI MARIÑO

2009an ere emaitza bikainak lortu zituen mundu mailako probetan: hamar aurrenekoen artean sailkatu zen pare bat lasterketatan, eta Europako Txapelketan laugarren izan zen Mireia Mirorekin. 2011. urtean Pierra Menta lasterketan lehiatu zen, eta seigarren izan ziren Marta Riba eta biak.

Urte haiek «ederrak» izan zirela aitortu izan zuen, baina, esan zuenez, «hura jada ez zen mendia; dena lehiara bideratuta» zegoen: «Probatu nuen, eta ondo dago, baina urte haietan ez nuen mendia egiten». Eta berak mendia zuen maite.

Mendian korrika egitea ere «ikaragarri» gustuko zuen, «eguraldi txarrarekin ere hasierako nagi hori gainditu, zirimiriak blai eginda korrika egin, askotan bakarrik, eta asko gozatzen dut». Eta korrika ere emaitza bikainak lortutakoa da: txapeldun izana da Leitzako Euskal Herria mendi erronkan, bosgarren Zegama-Aizkorri maratoian, eta ezin konta ahala txapel eta proba irabazitakoa proba txikiagoetan. Mendiko eskiko eta korrikako euskal selekzioetan, bietan, egondako bakanetakoa izango da.

Izaskun Zubizarreta 2018ko Bandres-Karolo Memorialean.
2018ko Bandres-Karolo Memorialean. RAMON OLASAGASTI

Dortsalarekin edo gabe, mendiak eman zizkion bizitzako unerik gozagarrienak, mendiak eman zizkion lagunak, eta berak ere asko eman zion mendiari. 2018ko BERRIAko elkarrizketa hartan, Altitoy proban parte hartu eta gero isuritako malkoei buruz galdetuta, hala erantzun zuen: «Lasterketa mota hauek abian jarri zituztenak datozkit burura. Niretzat oso gertukoa izan da Andoni Areizaga, eta zer esanik ez Karolo. Nik hiru urte hauetan ia egunero sumatu dut Karoloren falta. Eta Andoniri buruz, zer esan, jende askori mendiko eskia zainetan sartu zien gizona izan zen. Ezin da ahaztu Antxon Bandres ere. Jarri didaten azken txapela hark jarri zidan, Camille Extremen». Haiek bezala, mendiko eskian eta mendiko korrikako probetan, mendian, arrasto handia utzi du Zubizarretak; bide bat urratu du, eta ispilu bat eskaini die ondoren etorri diren askori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.