Izar askeak Groenlandian

FEDME Espainiako Federazioaren Alpinismoko Emakumeen Taldeko kideek —besteak beste, Maialen Rojo, Uxue Loizu eta Amaia Segurola euskal herritarrek— goi mailako jarduera osatu dute Mythic Cirque mendiguneko eta inguruko dorreetan, eta zortzi bide zabaldu dituzte.

Izar askea eta Gure gidari bideen krokisa, Uxue Loizuk marraztua. UXUE LOIZU.
ramon olasagasti
2023ko urriaren 31
00:00
Entzun

Gazteak dira oso, alpinistak dira, goitik beherakoak, eta gogoa eta grina darie alde guztietatik. Espainiako Alpinismoko Emakumeen Taldeko kideak dira Maialen Rojo (Gasteiz, 1997), Amaia Segurola (Zangoza, Nafarroa, 1997), Uxue Loizu (Iruñea, 1995). Ruth Fornos (Barruera, Herrialde Katalanak, 1999), Julia Casanovas (Herrialde Katalanak, 1997) eta Angela Altaba (Teruel, Espainia, 1990). Hiru urteko teknifikazioa egiten ari dira taldean; halaxe egin ohi du promozio bakoitzak, eta amaitu berri dute bigarren ikasturtea. Nola amaitu ere. Groenlandian izan dira, eta ez bat eta ez bi, goi mailako zortzi bide berri zabaldu dituzte. Gehienentzat, lehen big wall edo horma handiak ere izan dira, eta horien tamainakoa izan da Groenlandiako ikasketa: galanta.

Aurreko ikasturtearen amaieran, Jordaniako Wadi Rum basamortuko hormetan eta Saudi Arabian izan ziren taldekideak. Abriendo camino (Bidea urratzen) proiektuko lehen urratsa izan zen iazkoa, eta basamortuko hareharrian ere dozena bat bide ireki zituzten. Bidea urratzearena, beraz, ez da metafora hutsa. Iberdrolak emandako beka baten babesarekin eta FEDMEren Emakumea eta Mendia sekzioaren laguntzarekin ari dira proiektua gauzatzen. «Zorte handia izan dugu. Beka horri esker egin ahal izango ditugu promozioko hiru urteak eta ikasturte amaierako espedizioak», dio Uxue Loizuk.

Taldekideak: Angela Altaba, Julia Casanovas, Uxue Loizu, Ruth Fornos, Maialen Rojo, Miriam Marco zuzendaria eta Amaia Segurola. FEDME

Miriam Marco taldearen zuzendariak urtearen hasieran erabaki zuen Groenlandiara joatea. Ekialdeko kostaldean, Kangertitviatsaq eta Sangmilik fiordoen artean goratzen den Mythic Cirque mendiguneko dorreetara, zehazki. Hasieran, Kulusuk herritik zirkura belaontzian joatea zen asmoa, eta belaontzia bera izatea kanpaleku nagusia eskaladako sartu-irteeretatik bueltan. Abiatzeko hiru hilabete falta zirela, ordea, ontziko kapitainak esan zien ezin zela joan, hernia bat zela medio, eta, ondorioz, antolaketa osoa berregin behar izan zuten. «Hilabete osoan autosufiziente izatea erabaki genuen; janaria, kanpaleku nagusia, han mugitzeko packraft-ak [kayak puzgarriak], beharrezko guzti-guztia guk eramatea».

Taldeko sei kideak, Marco zuzendaria, Ruben Sanmartin gidaria eta Juan Miguel Ponce kamera abuztuko lehen astean heldu ziren Mythic Cirqueren oinarrira, txalupetan. Heldu orduko, bihotza uzkurtzeko modukoa iruditu zitzaien ikuspegia: berealdiko dorretzarrak begitandu zitzaizkien gainean zituztenak. Big wall estilokoak, hamakekin sartu eta hainbat egunez eskalatzekoak. Artean ez zuten ezagutzen Groenlandiako arroka, jaitsierak ere ez zekiten nolakoak ziren, eta taldekide batzuek erabaki zuten packraft edo kayak puzgarriak hartu eta beste fiordo batean barneratzea, beste horma batzuk esploratzeko. Tarte horretan, abuztuaren 7an zehazki, Casanovasek, Fornosek, Altabak eta Sanmartinek El espolón de las zorras (1.000 m, V+) bidea zabaldu zuten Aurora dorrean (1.451 m), eta, ondoren, Tortures Traverse zeharkaldiarekin lotu —M. Bunn australiarrak eta M. Royer estatubatuarrak 2012an zabaldua— .

Handik egun batzuetara, esplorazio barneraldian aurkitutako beste horma batzuetara jo zuten taldekideek, Hidden Tower orratzaren hego aurpegira. Han, Rojok, Loizuk eta Sanmartinek Fumantxus bidea (400 m, 7a, S3) zabaldu zuten, eta Segurolak, Altabak eta Marcok Assambling Tupilak (450 m, 5.10) berriro egin, hori ere Bunn eta Royerrek zabaldutakoa. Inguru berean, Casanovas, Sanmartin eta Fornosek glaziarrean aurrera jarraitu zuten, eta pilare txikiago batean Lady Garsa (325 m, 7a) ireki.

Prest ziren Mythic Cirqueko horma handiei heltzeko. Hamaka bakarra eraman zutenez, bi txandatan banatu ziren. Lehenbizikoan, Rojok, Fornosek eta Altabak Fathers Tower edo Ataatap dorrera (1.350 m) jo zuten, eta La Jubi bidea (600 m, 7a) zabaldu zuten hiru egunean. Egun horietan, Loizuk, Segurolak, Casanovasek eta Sanmartinek packfraftak hartu, eta beste aldeko fiordo batera jo zuten, Borsh Soup Tower dorrera. «Han, 600 bat metroko beste bi bide ireki genituen, egun osoko jardunean. Groenlandian udan ia ez duenez iluntzen, goizeko ordu txikietan jaiki, eta eskalatzeari ekiten genion». Segurolak eta Sanmartinek Gure gidari (600 m, 6c) zabaldu zuten, eta Loizuk eta Casanovasek, berriz, Izar askea (600, 6c).

‘Izar askea' eta 'Gure gidari' bideen krokisa, Uxue Loizuk marraztua. Uxue Loizu

Izar askea, Gure gidari, La Jubi... Groenlandian zabaldutako bide guztietan pertsona beraren arnasa sumatzen da. Pertsona bera da izar askea, gidaria eta La Jubi. Amaia Agirre urnietarra (Gipuzkoa), aurtengo urtarrilean Patagoniako Fitz Roy mendian zendua. Emakumeen Taldeko kidea hura ere. «Oso gogoan daukagu Amaia beti. Askotan hitz egiten dugu hari buruz, eta Groenlandian, gehiago. Denbora guztian ari ginen: 'Amaia hemen izango balitz, hau eta bestea egingo luke...' Amaia Agirre medikua zen, baina mendian zebilen beti. Gainera, helduena zen. Orduan, jubilatua esaten genion beti, La Jubi». Amaiaz gain, oso gogoan izan zuten Iker Bilbao durangarra ere (Bizkaia), istripu berean hila.

«Sekulako ikasketa»

Fathers Tower edo Ataatap dorreko eskalada, La Jubi bidea, lehen horma handia izan zen taldekideentzat. Hamakak muntatu, 60 kiloko zorro pisutsuak igo... Ikasketa handia izan zen. «Lehen txandakoek, Maialenek, Ruthek eta Angelak, hormaren erdi parean jarri zuten hamaka, eta, hortik gora, beste estilo batean eskalatu, lotara hamakara jaitsita», azaldu du Loizuk. Lerro «dotorea» atera zen, eskalatzaile nafarraren hitzetan, arrakala sistema zuzen eta luze bati jarraituz.

Bigarren txandakoak sartu ziren gero Fathers Towerren: Loizu bera, Casanovas eta Sanmartin. «Eskuinerago begiz jota geneukan beste lerro batetik sartu ginen gu, baina berehala jabetu ginen bilgune batzuk zeudela muntatuta, eta gerora jakin genuen lerro hori izan zela dorrean zabaldutako lehen bidea, frantses batzuena. Haiek estilo artifizialean ireki zuten, oso gogorra baitzen. Guk lehen luzeak era askean egin genituen, baina toki batetik gora ezin zen eskalada ondo babestu, eta guk ere La Jubi bidetik segitzea erabaki genuen. Gero, beste lerro bati jarraitu genion tontorreraino». Guztira 1.000 metroko eskalada osatu zuten, lau egunean, hamakan hiru gau lo eginda. «Gailurrean, builaka hasi nintzen, emozioz. Hasieran izugarri handia iruditu zitzaigun hori lortu genuen. Ilusio handia piztu zigun», dio Loizuk.

Uxue Loizu 'La Jubi' bidea eskalatzen. FEDME

Eguraldi txarreko bolada baten ondoren, beste bi bide zabaltzeko denbora ere izan zuten. Altabak, Fornosek eta Sanmartinek Rostoll verbenero bidea (750 m, 6c+, R3) zabaldu zuten, Fathers Towerren bertan. Segurolak eta Loizuk, berriz, bide laburrago bat ireki zuten Damocles orratzean: Azken aukera (200 m, 6b).

Sekulako ikasketa izan da Groenlandiakoa guztientzat. «Logistikari buruz,horma handiak eskalatzeari buruz... Paretak non dauden esploratu, nola antolatu, zer lerrori jarraitu... asko ikasi dugu. Gainera, ez dugu sukaldaririk eta laguntzailerik izan. Bakarrik egon gara hilabete osoa, eta horretan ere asko ikasi dugu. Adibidez, janari gehiago eraman behar dugula [barrez]», esan du Loizuk.

Foehn haize bortitzak iritsi baino lehen, Kulusukera itzuli ziren. Hilabeteko bakartze eta deskonexio «gozagarriaren» ondoren, talka handia izan zen aireportura iristea, errealitatera itzultzea, bat-batean sartutako whatsapp guztien burrunba... «Zer itolarria», oroitu du Loizuk. Izan ere, fiordo haien artean inon baino askeago sentitu ziren, eta izarrak inon baino distiratsuago begiztatu zitzaketen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.