Tokio 2020. ESKALADA

Itziar Zabala: «Ikusgarria izango da presioa nola kudeatzen duten ikustea»

2021eko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Olinpiar Jokoek zer emango duten ikusteko irrikan dago Itziar Zabala eskalatzailea (Dima, Bizkaia, 1994). Jokoak aipatu bezain pronto, azkar bota du iritzia: «Alde positiboa besterik ez diot ikusten eskalada olinpiar kirol izateari. Berria izango da, eta munduko onenak elkarren artean lehiatzen ikustea izugarria izango da. Esan dezakegu onenak bakarrik lehiatuko direla. Ikusgarria izango da presioa nola kudeatzen duten ikustea».

Zabalak jokatu zuen azken lehiaketan 2019an, Vailen (AEB) osatu behar zuten Jokoetarako lehen 40 eskalatzaileen taldea. Egun hartaz ederki gogoratzen da: «Nahiko indartsu nengoen, eta jakitun nintzen eta naiz ia ezinezkoa zela talde horretan egotea. Lesionatu egin nintzen eta, ordutik, ez dut aukera horretan pentsatu ere egin». Hantxe amaitu ziren Tokion egoteko aukerak hainbatetan Espainiako txapeldun izan denarentzat.

Baina horrek ez dio kendu lorik. Hausnartzeko beta ere hartu du. «Horrelakoetan, lehenik ikusi egin behar da fisikoki eta psikologikoki prestatuta gauden, eta, azkenean, dena balantza batean jarri behar da. Nire kasuan, olinpiar kirola izango zela aurreratu zutenean, erreta nengoen. Agian, beste nolabait harrapatu banindu, saiatuko nintzen. Inoiz ez naiz joan horren bila, eta ez naiz damutzen».

Adi-adi egongo da telebista aurrean, lehia ikusten. Kiniela ere egin du emakumezkoez mailan: «Janja Garnbret esloveniarra da faborito argia. Oso zorte txarra izan beharko luke ez irabazteko. Beste guztiak baino koska bat gorago dago. Ez dut espero ezustekorik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.