Mendia. Mendiko eskia

Ireki dute 2012ko Altitoy-Ternua mendi eskiko proban izena emateko epea

Urtarrilaren 28 eta 29an jokatuko da lasterketa, Pirinioetan; 500 parte hartzaileren muga jarri dute antolatzaileek

2011ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Ireki dute 2012ko Altitoy-Ternua mendiko eskiko lasterketan izena emateko epea. Urtarrilaren 28an eta 29an jokatuko da Pirinioetako probarik jendetsuena, eta oraingoan 500 eskiatzailetan jarri dute muga antolatzaileek. Azken urteetan bezala, Donostiako Vasco de Camping elkarteak eta Luz St. Sauverko Altitoyk antolatu dute elkarlanean. Izena emateko modua da berrikuntzetako bat: www.kirolprobak.com webgunean eman behar da. 50 euro ordaindu behar da, eta Ternua etxearen eskularru parea jasoko dute oparitan —probaren babeslea izango da Ternua datozen hiru urteetan—.

Ohikoa dutenez, bi ibilbide prestatuko dituzte. A ibilbidea lehiaketakoa izango da. Larunbatean Midi de Bigorre mendiari bira emango diote, eta igandean Pic Ardiden mendiari. Ibilbide tekniko eta gogorrak dira. B ibilbidea, berriz, sailkapenik ez duen probarentzat prestatuko dute. Larunbatean Pouterre de l'Hommen ibiliko dira, eta igandean Pic de la Bonida eta D'Oncet lepoan. Binakako taldetan parte hartu beharko dute eskiatzaileek.

Ikastaro bat, abendurako

Altitoy irekiaren harira, Donostiako Vasco de Campingen mendi eskiko sailak ikastaro bat antolatu du abenduaren 17 eta 18rako. Antolatzaileek argitu dutenez, ez da hastapen ikastaro bat izango, eskian gutxieneko eskarmentua duen jendearentzat baizik. Lasterketatan hobetzeko eta trebatzeko aholkuak emango dituzte, baita segurtasunez eskiatzeko gomendioak eta teknika hobetzekoak ere.

Luz Ardidengo eski estazioan bilduko dira, 09:30ean. Parte hartzaile bakoitzak eskiak, makilak, botak, fokak, arva eta pala eraman behar ditu. Izen-ematea Vasco de Camping elkarteak Gros auzoko Iparragirre kalean duen egoitzan egin behar da, edo 943-27 18 66 telefonora deituta. Abenduaren 12a izango da azken eguna. Les Cascades ostatuan pentsio erdia hartzeko modua jarri dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.