Laster dira lehenengo elurteak, gertu da mendia maindire zuriz estaliko den urte sasoia. Neguari begira, iraupen eskia ardatz duten jardunaldiak antolatu ditu Donostiako Vasco de Camping elkartearen iraupen eskiko sailak. Azaroaren 5ean hasiko dituzte, eta hilaren 12an bukatuko; ikastaro, hitzaldi, proiekzio eta tailerrek osatzen dute programa.
Jardunaldiak abiatzeko iraupen eskien prestakuntzari buruzko ikastaroa prestatu dute, azaroaren 5erako. Rafa Elorza eta Xabier del Val eskiatzaileak arduratuko dira azalpenak eta aholkuak emateaz. Elkarteak Donostiako Gros auzoan duen aretoan izango da ikastaroa, goiz eta arratsalde.
Belen Eguzkiza eta Poto Gorrotxategiren eskutik Baso txuriaren babesean filma ikusteko modua izango da, azaroaren 10ean. Anoeta estadioan kirol federazioek duten ekitaldi aretoan izango da emanaldia, 19:00etan. Hilaren 11n, berriz, iraupen eskiari buruzko mahai ingurua egingo dute, leku eta ordu berean. Haien bizipen eta lekukotzak emango dituzte Juan Laredok, Luis Ibergallartuk eta Josu Erkiziak.
Jardunaldiak borobiltzeko bihotz-biriketako suspertzeari buruzko tailerra emango dute Amaia Ramosek eta Marilis Gonzalezek. Azaroaren 12an izango da, elkartean, 09:30etik 14:00etara. Argibideak eta izen-emateak: 943-27 18 66 edo www.vascodecamping.org.
Mendia. Iraupen eskia
Iraupen eskia ardatz duten jardunaldiak, Donostian
Vasco de Camping elkarteak ikastaroak, proiekzioak, hitzaldiak eta tailerrak antolatu ditu, azarorako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu