Iraupen eskiko Espainiako Txapelketak jokatu ziren aurreko asteburuan, ostiraletik igandera, Larra-Belaguako eski estazioan; Contienda gunean, zehazki. Ostiralean, teknika libreko edo skating-eko probak jokatu ziren, eguraldi makurrarekin: haizea, euria, kazkabarra, elurra, denetarik izan zuten eskiatzaileek, eta, ondorioz, bertan behera utzi zituzten 14 urtez azpiko kategoria guztietako probak. Maila nagusian, Irati Cuadrado Irrintzi taldeko eskiatzaile burlatarrak (Nafarroa) beste behin erakutsi zuen koska pare bat gorago dagoela, eta ia lau minuturen aldea atera zien Monica Saez aragoiarrari eta Naia Gonzalez kataluniarrari.
Gizonezkoetan, Peio Añarbe gasteiztarra hirugarren izan zen maila nagusian, Bernat Cadena eta Pablo Moreno kataluniarren atzetik, eta Lander Martin beorburutarra (Nafarroa), berriz, bosgarren.
Gazteen artean, eguraldi txarra zela eta, 16 urtez azpikoak baino ez ziren lehiatu ostiralean, teknika libreko probetan. Nesketan, June Aranburu Uzturre taldeko tolosarra (Gipuzkoa) izan zen txapeldun, eta mutiletan, Izei Irigoien erronkariarra (Nafarroa) hirugarren.

Larunbatean, berriz, teknika klasikoko probak jokatu ziren, eta klasikoan ere eskiatzaile bertsuak nagusitu ziren maila bakoitzean. Nagusietan, Irati Cuadrado oso erraz gailendu zen klasikoan ere. Irrintzi taldeko burlatarrak bi minutu baino gehiagoren aldea atera zien Naia Gonzalez eta Nuria Ruiz kataluniarrei. Gizonezkoetan, baina, kataluniarrak izan ziren jaun eta jabe: Bernat Cadena, Pau Molins eta Aniol Borrell hurrenkera horretan igo ziren podiumera. Nabarmentzekoa da Lander Martin beorburutarrak (Nafarroa) bosgarren postua lortu izana. Klasikoko proban, Peio Añarbe erori egin zen, eta, sorbalda minduta, utzi egin behar izan zuen proba. U20 kategorian, Hodei Juaristi, Uzturre taldeko eskiatzailea, bigarren izan zen.
Gazteen artean, 16 urtez azpikoetan, June Aranburu Uzturre taldeko tolosarra (Gipuzkoa) izan zen berriro ere txapeldun. Mutiletan, berriz, Roger Sanchez kataluniarra. Mutiletan, lehen euskal herritarra Izei Irigoien izan zen, Erronkari taldekoa: bosgarren izan zen. 14 urtez azpikoetan, Iradi Elvira nafarra izan zen txapeldun, eta Libe Curras gipuzkoarra bigarren. Azkenik, 10 urtez azpiko mutiletan, Erronkari taldeko Voytek eta Maciek Aldaz anaiak izan ziren bi aurrenekoak klasikoko proba horretan.

Igandean, azkenik, Team Sprint edo taldekako modalitateko probak jokatu ziren, eta Irrintzi taldeko Lander Martin eta Ibai Letona nafarrak izan ziren onenak gizonezkoetan. Emakumezkoetan, maila nagusian, Irati Cuadrado eta Cynthia Martinez laugarren izan ziren, Irrintzikoak hauek ere. Gaztetxoen artean, berriz, Uzturre taldeko Libe Currasek eta June Aranburuk osatutako bikoa izan zen txapeldun. Aranburuk, beraz, hiru txapel lortu zituen guztira. Mutiletan, Adur Redrado eta Izei Irigoien hirugarren izan ziren.
Sailkapen guztiak, Elurretako Kirolen Espainiako Federazioaren esteka honetan.
Imanol Rojo, 37.a Lahtin (Finlandia)
Aurreko asteburuan jokatu zen Munduko Kopako azken proba Finlandiako Lahti herrian, eta Imanol Rojo tolosarrak 50 kilometroko lasterketan parte hartu zuen igandean. Mononukleosia zela eta, denboraldia ez zuen nahi bezain ondo hasi Rojok, baina Trondheimeko Munduko Txapelketan argia ikusi zuen azkenik, eta Lahtin ere, oso atzetik atera ondoren, 37. postuan bukatu zuen azkenean.