Irati Cuadrado eta Lander Martin garaile iraupen eskiko Euskal Herriko txapelketan

Txapelketako bigarren txandako probak jokatu ziren aurreko asteburuan, Larra-Belaguako estazioan: larunbatean distantzia luzekoa, estilo klasikoan, eta igandean errelebo mistoetako proba, hiruko taldetan banatuta.

Asteburuan jokatutako probetako baten irudia. JULEN JUARISTI
Asteburuan jokatutako probetako baten irudia. JULEN JUARISTI
ramon olasagasti
2025eko martxoaren 13a
12:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Iraupen eskiko Euskal Herriko txapelketen bigarren txanda jokatu zen pasa den asteburuan Larra-Belaguako eski estazioan. Otsailaren 15-16an egin zen lehen txanda, Larra-Belaguan bertan, eta esprint distantziako eta distantzia luzeko probak jokatu ziren orduan, skating modalitatean.

Aurreko asteko larunbatean, berriz, estilo klasikoko distantzia luzeko probak jokatu ziren. Absolutuek eta beteranoek hamar kilometroko distantzia osatu behar zuten; 16 urtez azpikoek eta 14 urtez azpikoek, aldiz, bost kilometroko distantzia. Maila nagusian, Irrintzi taldeko eskiatzaileak izan ziren irabazle, Irati Cuadrado nesketan eta Lander Martin mutiletan. Nesketan Cynthia Martinez izan zen bigarren, Irrintzikoa hura ere, eta Magali Lekue hirugarren, Tolosako Uzturre taldekoa. Mutiletan, Uharte taldeko eskiatzaile Unai Sanz izan zen bigarren, eta Uzturre taldeko Harkaitz Labeaga, hirugarren.

Gazteen artean, 16 urtez azpikoetan, Helene Bueno izan zen irabazle, Erronkari taldekoa. Mutiletan ere nafarrak izan ziren hiru aurrenekoak: Adur Redrado txapeldun, Izei Irigoien bigarren —biak Erronkari taldekoak— eta Andde Elizburu (Irrintzi), hirugarren.

14 urtez azpikoetan, Libe Curras (Uzturre) izan zen txapeldun, Iradi Elvira bigarren (Irrintzi) eta Itzel Redrado (Erronkari) hirugarren. Mutiletan, berriz, Atxer Bescos (Erronkari) gailendu zitzaien Inhar Rosado (Irrintzi) eta Asier Aramendia (Erronkari) lehiakideei.

12 urtez azpikoetan, Lur Elizburu eta Ekaitz Paularena izan ziren txapeldun, biak Irrintzikoak; Maitena Larrainzar eta Aitor Galetx bigarren, eta Maialen Egozkue eta Aimar Boada hirugarren. Azkenik, 10 urtez azpikoetan, Garazi Paularena eta Voytek Aldaz gailendu ziren, Mara Ederra eta Maciek Aldaz izan ziren bigarren, eta Uxue Aramendia eta Kai Narbarte, hirugarren.

Igandean, errelebo mistoak

Igandean, berriz, errelebo mistoetako probak jokatu ziren, hiruko taldetan banatuta, bai gaztetxoen mailan eta bai nagusien mailan. Bietan zazpina talde lehiatu ziren, neskak eta mutilak nahastuta. Nagusietan, hirukoteko kide bakoitzak 1,2 kilometro inguruko lau itzuli eman behar zizkion zirkuituari, lehen erreleboa estilo klasikoan, eta hurrengo biak skatingean. 16 urtez azpiko gaztetxoek eta 14 urtez azpikoek, berriz, lau itzuli beharrean, bi osatu behar zituzten.

Nagusietan, Aitor Maeztu, Irati Cuadrado eta Ibai Letona eskiatzaileek osatutako hirukotea izan zen nagusi; Harkaitz Labeaga, Magali Lekue eta Hodei Juaristi hirukoa bigarren, eta Unai Sanz, Ainhoa Montoya eta Alendro Razkin hirukotea hirugarren. Gazteen erreleboetan, berriz, Adur Redrado, Helene Bueno eta Izei Irigoien eskiatzaileek osatutako erreleboa gailendu zen. Berez, Asier Galetx, Gari Bueno eta Asier Aramendia hirukoa izan zen bigarren, baina hirurak mutilak izanik, sailkapenean ez zituzten ontzat eman. Beraz, Julen Zabalza, Inhar Rosado eta Iradi Elvira izan ziren bigarren, eta Uzturre taldeko hirukotea, Iker Aranburu, Inge Arin eta Libe Currasek osatua, hirugarren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.