Larunbatean, Pirinioetan lehen elur lodi samarra bota zuen egun berean, gurpil gaineko eskiko Nafarroako eta Euskadiko Txapelketak jokatu ziren Iruñeko Antoniutti parkean. Beste hainbat herrialdetako eskiatzaileak ere etorri ziren Nafarroako hiriburura, kataluniarrak eta aragoiarrak besteak beste, eta haiekin lehiatu ziren EAEko eta Nafarroako kirolariak. Bi erkidegoetako espezialistarik onenak bertan zirela aintzat hartuta, beraz, Euskal Herriko txapelketatzat har zitekeen Iruñekoa. Elurra ate joka den honetan, euskal eskiatzaileak prestakuntza fintzen ari dira, gehienek horretarako erabiltzen baitituzte gurpil gaineko eski motzak, iraupen eskirako entrenatzeko.
Euria zarra-zarra egin zuen larunbat goizean Iruñean, eta antolatzaileek gogotik egin behar izan zuten lan zirkuitua ahalik eta baldintza egokienetan uzteko segurtasunari zegokionez. Hala ere, Antoniutti parkean elkartutako eskiatzaileek zoru bustian aritu behar izan zuten ezinbestean, eta, gainera, ikusle gutxiago izan ziren eguraldiaren eraginez. Txapelketa esprinteko modalitatean jokatu zen: lehiakideek bi itzuli eman behar zizkioten 450 metroko zirkuitu bati. Sailkapen proben ondoren, seiko taldeetan jokatu zituzten finalak.
Garaipena bi nafarrek eskuratu zuten: Irrintzi taldeko Irati Cuadrado burlatarrak eta Lander Martin beorburutarrak. Nesketan, Maddalen Ruiz de Galarreta aragoiarra izan zen bigarren, eta Martina Miquel Folch kataluniarra hirugarren. Mutiletan, berriz, Unai Sanz Valles (Uharte Eski) nafarra izan zen bigarren eta Arnau Miquel Folch kataluniarra hirugarren.
Gaztetxoen mailetan, 16 urtez azpikoetan, June Aranburu tolosarra (Alpino Uzturre) gailendu zen nesketan, Ona Pons eta Elna Montaner kataluniarren aurretik. Mutiletan, berriz, Izei Irigoien nafarra (Erronkari) nagusitu zitzaien Marti Matamoros kataluniarrari eta Adur Redrado herrikideari.
14 urte azpikoetan, Libe Curras gipuzkoarra (Alpino Uzturre) izan zen irabazle, Iradi Elvira (Irrintzi) nafarraren eta Maria Palacin aragoiarraren aurretik. Mutiletan, Juan Ignacio Garcia Mayencos taldeko aragoiarrarentzat izan zen garaipena, Irrintzi taldeko Inhar Rosado eta Julen Zabalza nafarren aurretik.
Txikienen artean, 12 urtez azpikoetan, Xare Garcia-Fresca nafarra eta Felix Garuz aragoiarra izan ziren irabazle, eta 10 urtez azpikoetan, Luis Fernando Garuz aragoiarra.
Emaitza guztiak, esteka honetan.
Beorburuko eta Hernialdeko igoerak
Larunbateko probaren ondoren, igandean gurpil gaineko eskiko igoera jokatu zen Beorburun (Nafarroa); proba herrikoia da, eta hor ere protagonista bertsuak izan ziren. Maila nagusian, Irati Cuadrado eta Lander Martin nagusitu ziren. Nesketan, Maddalen Ruiz de Galarreta izan zen bigarren, eta June Aranburu hirugarren. Mutiletan, berriz, Ibai Letona sailkatu zen bigarren, eta Arnau Miquel hirugarren. Txikien mailan, berriz, Iradi Elvira eta Inhar Rosado Irrintzi taldeko gaztetxoak gailendu ziren.
Aurreko asteburuan, urriaren 19an, 23. aldiz jokatu zuten gurpil gaineko eskiko igoera Hernialden, Tolosako Alpino Uzturre taldeak antolatuta. Mutiletan, munduko txapelduna gailendu zen: Imanol Rojo tolosarra (Alpino Uzturre). Bi modalitatetan jokatu ohi da Hernialdeko igoera: skatingean eta klasikoan. Rojok skating eran korritu zuen, eta 11 minutu eta 41 segundoan osatu zuen lau kilometroko igoera. Skating modalitate berean, hauek izan ziren beste irabazleak: emakumezkoetan, June Aranburu (Alpino Uzturre, 19:35), eta beteranoetan, Jesus Beltran de Lubiano (23:20).
Teknika klasikoko proban, 3,2 kilometro zituzten partaideek, eta hartan ere Irrintzi taldeko Irati Cuadrado (15:03) eta Lander Martin (12:53) izan ziren garaile. Beteranoetan, Harkaitz Labeaga (Alpino Uzturre, 14:33) eta Cynthia Martinez (Irrintzi, 18:02) gailendu ziren, eta gaztetxoetan, azkenik, 1,5 kilometroko igoeran, Libe Curras (Alpino Uzturre, 8:51) eta Inhar Rosado (Irrintzi, 9:12).