Irati Cuadrado eta Imanol Rojo Espainiako txapeldun

Iraupen eskiko estilo libreko eta teknika klasikoko probetan izan dira garaile eskiatzaile burlatarra eta tolosarra. Teknika librean, Peio Añarbe izan da hirugarren. Gazteen mailetan ere emaitza onak eskuratu dituzte euskal eskiatzaileek.

Irati Cuadrado Irrintzi taldeko burlatarra, teknika libreko proban. ANNA TOUR
Irati Cuadrado Irrintzi taldeko burlatarra, teknika libreko proban. ANNA TUR
ramon olasagasti
2024ko martxoaren 25a
08:00
Entzun

Iraupen eskiko Espainiako Txapelketak jokatu dira asteburu honetan Pla de Bereteko pistetan (Herrialde Katalanak), eta euskal eskiatzaileek emaitza bikainak eskuratu dituzte. Imanol Rojo Alpino Uzturre taldeko tolosarrak (Gipuzkoa) gainerako eskiatzaileak baino koska pare bat gorago dagoela erakutsi du beste behin, eta oso erraz irabazi ditu bai teknika libreko eta bai klasikoko probak. Eta nesketan, Irrintzi taldeko Irati Cuadrado burlatarrak ere (Nafarroa) beste horrenbeste egin du. Teknika librean garaipena eskuratu zuen Cuadradok, eta klasikoan bigarren egin zuen, Gina del Rio Andorrako eskiatzailearen atzetik, baina Espainiako txapelketa berak eskuratu zuen.

Ostiralean jokatu ziren teknika libreko probak, nagusien mailan hamabost kilometroko zirkuituan. Nesketan, Irati Cuadrado alde nabarmenez nagusitu zitzaien Marta Cester katalanari eta Monica Saez aragoiarrari. Mutiletan, Imanol Rojok nagusitasun handia erakutsi zuen, eta ia bi minuturen aldea atera zion Jaime Pueyo katalanari. Hirugarren Peio Añarbe gasteiztar gaztea izan zen, eta bosgarren, Lander Martin nafarra (Irrintzi), hura ere bikain. Gazteen mailetan, 16 urtez azpikoetan, Ibai Letona nafarra (Irrintzi) bigarren izan zen; 14 urtez azpikoetan, Libe Curras tolosarra (Alpino Uzturre) bigarren, eta mutiletan, Asier Galetx nafarra (Erronkari) hirugarren. 16 eta 14 urtez azpikoak 5 kilometroko ibilbidean lehiatu ziren. Azkenik, 12 urtez azpikoetan (2,5 km), Iker Aranburu tolosarra (Alpino Uzturre) bigarren izan zen Espainiako Txapelketan.

Imanol Rojo eskiatzailea
Imanol Rojo, teknika libreko proban. ANNA TUR

Larunbatean, teknika klasikoko probak jokatu ziren Bereteko pistetan, behe laino itxiarekin eta hamar kilometroko distantzian. Klasikoan ere aise nagusitu zen Imanol Rojo, minutu eta erditik gora aterata Jaume Pueyo eta Bernat Selles katalanei. Lander Martin bosgarren izan zen klasikoko proban ere. Nesketan, Gina del Rio Andorrako eskiatzailea izan zen probaren irabazle, gazte mailan aurten munduko txapeldun izandakoa; bigarren, Irati Cuadrado —Espainiako Txapelketan txapeldun, beraz—; eta hirugarren, Marta Cester katalana.

Gazte mailetan, 18 urtez azpikoetan laugarren izan zen Hodei Juaristi Alpino Uzturre taldeko gipuzkoarra —erabat katalanek osatu zuten podiuma—. 16 urtez azpikoetan ere, hirugarren izan ziren June Aranburu nesketan (Alpino Uzturre) eta Aitor Maeztu (Irrintzi) mutiletan. 14 urtez azpikoetan, hirugarren izan ziren Libe Curras nesketan eta Andde Elizburu (Ipar Irrintzi) bigarren mutiletan. Eta 12 urtez azpikoetan, azkenik, bigarren izan zen Iker Aranburu.

Atzo, azkenik, binakako edo erreleboetako probak jokatu ziren. Talde bakoitzeko bi ordezkariek txandaka jardun behar zuten, 1,2 kilometroko zirkuitu bati hiru itzuli emanez. Nagusietan, Imanol Rojo eta Hodei Juaristi hirugarren izan ziren. Nesketan, Cynthia Martinez eta Irati Cuadrado (Irrintzi) laugarren izan ziren. Gaztetxoetan, 16 urtez azpikoetan, mutiletan, Aitor Maeztu eta Ibai Letona (Irrintzi) garaile izan dira, eta June Aranburu eta Libe Curras (Alpino Uzturre), nesketan, bigarren. 12 urtez azpikoetan ere Erronkariko bi bikote izan dira bi aurrenekoak: Beñat Irigoien eta Atxer Bescos txapeldun eta Gari Bueno eta Asier Aramendia bigarren.

Sailkapen guztiak, Espainiako Federazioaren webgunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.