Itziar Zabala. Eskalatzailea

«Irabazita, zama handia kendu dut burutik»

Espainiako eskalada txapeldun izan berri da Bartzelonan, eta eskaladaren aldeko apustua egin du, nazioartean lehiatzeko asmoz. Olinpiar jokoak amets bat dira, oraingoz.

Unai Ugartemendia.
Dima
2017ko azaroaren 7a
00:00
Entzun

Ordu-orduan iritsi da hitzordura Itziar Zabala (Dima, Bizkaia, 1994). Argazkilariak eskatu aurretik jarri da horman zintzilik. Ez du katu-oinen beharrik izan itsatsita gelditzeko.

Badira urte batzuk eskalatzen hasi zinela. Herrian jokatzen zen Dima Rock baten ondorioz hasi omen zinen.

Bai, 2006an izan zela uste dut, 12 edo 13 urte izango nituen. 20 metroko egitura bat prestatzen zuten eta munduko eskalatzailerik onenak etortzen ziren: Chris Sharma, Patxi Usobiaga, Maja Vidmar…

Zein oroitzapen duzu urte haietaz?

Eskalada obsesio handiz bizi nuela. Eskaladari buruz pentsatzen pasatzen nuen egun osoa. Orain gustatuko litzaidake orduan nuen gogoa izatea, dena askoz ere errazagoa litzatekeelako. Asko aurreratu nuen oso denbora gutxian, baina normala zen: egun guztia eskalatzen pasatzen nuen.

Orduak eta orduak igarotzen omen zenituen horman gora eta behera.

Bai. Igoera bat egin, erori, eta berriro ere igotzen saiatzen nintzen. Askotan eskuak odoletan eduki arren, igotzen jarraitzen nuen.

Norekin joaten zinen orduan eskalatzera?

Lagunekin, baina denbora gutxian bakarrik gelditu nintzen. Hasi eta gutxira Euskal Herriko Txapelketara joan nintzen, eta irabaztea lortu nuen. Urte baten buruan Espainiako txapelketetan parte hartzen hasi nintzen.

Duela hamar urte inguru, Dima Rocken antzeko eta beste era bateko txapelketa asko izaten ziren Euskal Herrian. Haien faltan sumatzen duzu gaur egun?

Gaur egun oso gauza gutxi egiten dira. Aurten ez dakit txapelketarik izango dugun ere. Asko nabaritzen dut horrelako lehien falta. Guretzat motibazio gehigarri bat da txapelketa. Orain urte batzuk beti izaten genuen zerbait, urtean pare bat behintzat. Ez bazen Euskal Herrikoa, Bizkaikoa izaten zen, bestela masterren bat...

Hala ere, urte askotan txapelketarik egon ez arren, inoiz baino jende gehiago omen dabil eskalatzen. Hori nola da posible?

Kontraesana da, bai, baina txapelketetan ez da hainbeste jende izaten. Asko eboluzionatu duen kirola da eskalada, eta oso modan jarri dena, gainera. Haitzean bai, jende asko dabil, baina txapelketetan ez.

Orain bi aste Espainiako txapeldun izan zinen. Nola bizi izan zenuen txapelketa?

Egia esan, urteko helburuetako bat zen. Iaz ez nuen parte hartu, eta aurten dena ematea erabaki nuen. Urte hasieran jada erabaki nuen parte hartzea, eta banekien asko entrenatu behar nuela. Dena irabazi nahi nuen. Emaitza onak izan nahi nituen. Hala ere, irabaztea ezustea izan zen. Nazioarteko lehiaketetara joateko irabazi beharra neukan, baina segurtasun falta handia nuen.

Ez zinen irabazteko faboritoa, gainera.

Ez. Ez nuen irabazteko esperantza handirik, nahiz eta horretarako entrenatu nintzen. Espainiako Kopan egindako lehen probaren ostean, ez nuen neure burua irabazteko gai ikusten.

Espainiako Kopa ez baitzenuen oso ondo hasi Madrilen.

Kopan, Madrilen, hirugarren egin nuen, eta ez nintzen batere gustura gelditu. Banekien Espainiako Txapelketan gauzak oso ondo egin beharko nituela. Zorionez, dena ondo atera zitzaidan.

Egindako lanak fruitua eman zuen.

Lau bloke egin behar genituen. Kanporaketan nahiko ondo ibili nintzen, gustura. Finalean, ordea, hirugarrenera arte nahiko gaizki joan nintzen; baina banekien azken blokea amaitzen banuen irabazi egingo nuela, inork ez baitzuen amaitzerik lortu. Denbora asko pasatu nuen bloke horretan aurrera eta atzera. Erortzekotan egon nintzen, baita berriro ere hasieratik hasi ere, baina amaitzea lortu nuen.

Zer ekarri dizu txapelketa irabazteak?

Zama handia kendu dut burutik eta, horrez gain, ikusi dut oraindik ere irabaz dezakedala. Presio handiarekin joan nintzen, eta ikustea oraindik ere hor nagoela... gauza handia izan da.

Hiru urte dira berriz ere eskaladara itzuli zinela, urte pare batean eskaladatik at egon eta gero. Baztertu dituzu urte txar haiek?

Ez nuke esango txarrak izan zirenik. Urte sabatiko baten antzera hartu nituen. Ez nintzen eskaladatik bizi, eta argi neukan ez nuela eskalatuko ez banuen eskalatu nahi. Banekien egunen batean berriro ere gogoa itzuliz gero bueltatuko nintzela, eta horrela izan zen.

Hemendik gutxira, eskalada olinpiar kirola bihurtuko da. Ikusten al duzu zeure burua Olinpiar Jokoetan?

Ez. Niretzat oso garrantzitsua da errealista izatea. Ametsak ametsak izaten dira, eta oinak lurrean izan behar dira. Uste dut 20 eskalatzaile bakarrik izango direla, eta oso zaila da hor izatea.

Askotan amestu al duzu bertan egotearekin?

Bai, askotan.

Zer beharko zenuke?

Erantzun zaila du horrek. Esaterako, orain dela gutxi sartu da hemen austriarrek edo alemaniarrek duten guztia: fisioak, psikologoak, instalazioak, entrenatzeko metodoak... Guk zorte handia izan dugu Gianni Faggiana italiarrarekin. Berak ekarritako gauzak ezinbestekoak dira, bestela ezinezkoa izango zen.

Eskalatzaile batek baino gehiagok esan du Faggianak aire berria ekarri duela.

Bera da Euskal Herriko eskaladaren eboluzioaren ardatza. Bera gabe, baliteke askok 9a zailtasuna gainditzea, baina nazioarteko eskaladaren eboluzioa beste alde batetik doa.

Burutik pasa al zaizu entrenatzera kanpora joatea?

Bai, pentsatu izan dut. Austriara joango nintzateke, esaterako. Urte asko daramatzate eskalatzaileak Olinpiar Jokoetara bideratzen. Europan herrialde asko daude horretan pentsatzen, eta zer esanik ez Japonian.

Zein da gaur egun eskaladako herrialderik oparoena?

Japonia, zalantzarik gabe. Pentsa, gaur egun, finaletako zortzi lehiakideetatik sei japoniarrak izaten dira, bai mutiletan eta bai nesketan. Esaterako, orain dela gutxi hasi da sokarekin Tomoa Narasaki, blokeko munduko txapelduna, eta dagoeneko munduko onenen artean dago espezialitate horretan. Ziur nago denbora gutxian horretan ere lehenengo bostak japoniarrak izango direla.

Zein ezaugarri behar ditu eskalatzaile on batek?

Lehenik, norbere buruarengan ziurtasun handia izatea, lehiak gauza oso txiki askorengatik erabakitzen direlako. Horrez gain, ezinbestekoa da fisikoki talentua izatea. Gauza asko landu behar dira: koordinazioa, indarra, malgutasuna… Oso garrantzitsua izaten da lehia zalea izatea ere.

Zer duzu hobetzeko?

Ez dakit ba. Oso koordinazio gutxi dut, egia da. Bestalde, buruak askotan estutasunak pasarazten dizkit, asko estutzen dut. Abiadura lantzen ere hasi beharra daukat egunen batean eskalatzaile oso bat izan nahi badut.

Presioa aipatu duzu. Presiopean sentitzen al zara askotan?

Nik neure buruari jartzen diodanaz ari nintzen. Batzuetan ondo etortzen da, eta presio handirik ez badut, ez ditut gauzak lortzen. Presiopean ondo moldatzen naiz.

Presioa ere landu egiten al da?

Bai, noski. Entrenatzailea saiatzen da, gustuko ez ditudan egoeretan jartzen nau, deseroso sentiarazten saiatzen da, egoera horietan aurrera ateratzeko: jende asko dagoen lekuetan entrenatzen jartzen nau, zarata handia dagoen lekuetan...

Hurrengo urteetan eskaladaren aldeko apustua egin nahi duzu. Zer esan nahi du horrek?

Nazioarteko lehiaketetan aritzeko hautua egin nahi dudala. Bertan ondo ibiliz gero, ikusiko dugu noraino iristen garen. Hurrengo Olinpiar Jokoetan izatea oso zaila da, goiz delako. Gainera, ni blokean bakarrik ibiltzen naiz, eta Olinpiar Jokoetan hiru modalitate izango dira: soka, bulderra eta abiadura. Nik ez dut inoiz abiadura landu. Olinpiar Jokoetako txapeldunak hirurak menderatu beharko ditu nahi eta nahi ez. Jendeak urteak daramatza hirurak prestatzen. Euskal Herrian ez dago abiadura lantzeko hormarik ere, pentsa…

Espainiako txapeldun izateak zer ekarri dizu?

Ezer ez. Barneko poza inork ez dit kenduko, baina oraindik ez dut inoren laguntzarik jaso.

Sare sozialetan idatzi duzu zure egoeraz. Zer esan nahi duzu?

Oso laguntza gutxi ditudala. Txapeldun izan arren, dirua kostatu zait txapelketara joate hutsa. Euskal Mendi Federazioaren laguntzarik ez dut izan, eta horrela oso zaila da txapelketetara joatea. Ea garai hobeak iristen diren.

Nola da posible Espainiako txapeldun batek diru laguntzarik ez izatea txapelketetarako?

Nire izenean eta Piu Gazen izenean lehiatzen naiz. Seniorretan ni bakarrik nabil nesketan, eta horrelako gauzek ez dute asko laguntzen.

Gaur egun nola ateratzen duzu bizimodua?

Eskaladako irakasle ari naiz, eta, egia esan, oso gustura nago. Eskaladaren munduan jarraitzeko asmoa dut urte askotan.

Zer ematen dizu eskaladak?

Egonkortasuna gehienbat. Eskalatzen ez dudan egunetan, hobe ondoan ez egotea!

Nolakoa da gaur egungo zure egun arrunt bat?

Goizetan Bilboko Piu Gazeko eskalada hormara joaten naiz, askotan besteentzako bide berriak hornitzen ere ibiltzen naizelako. Bertan bazkaltzen dut, eta arratsaldean entrenatu. Bukatutakoan, Dimara itzultzen naiz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.