Lortu dute. 12:50 ziren Nepalen, 09:30 Euskal Herrian. Alberto Iñurrategik, Juan Vallejok eta Mikel Zabalzak Chamlangeko gailurra zapaldu zuten atzo (7.319 metro). Mendiaren zailtasun teknikoez gain, hotzari eta haizeteei aurre egin behar izan zieten WOPeak espedizioko kideek. Atzo 6.600 metroan pasatu behar zuten gaua, eta gaur dira iristekoak beheko kanpalekura. Chamlang mendebaldeko aurpegitik igo duen bigarren espedizioa da—mendia bost aldiz bakarrik igo dute—. Lehena japoniar batzuek egin zuten, 1986an. Hamazazpi lagunez osatutako espedizioa izan zen, eta 4.000 metro soka eraman zituzten. Iñurrategik, Vallejok eta Zabalzak estilo alpinoan igo dute, soka finkorik gabe eta beharrezko materialarekin soilik.
Berez, Euskal Herritik abiatu zirenean, iparreko hormatik igo nahi zuten, baina han bertan mendiaren baldintzak ikusi osten, baztertu egin zuten iparreko hormatik estilo alpinoan igotzea.
08:00 aldera hasi zuten gailurrerako bidea. Abiatu aurretik haizeteak baretu zain egon ziren, hiru bat orduz. Eguraldi iragarpenek zioten ez zela egun egokiena aurrera egiteko, hotzarengatik eta haizeteengatik, baina, hala ere, gorantz jo zuten hiru alpinistek. Mendebaldeko aurpegitik igo dute, ertz zorrotz batetik, haiek uste zutena baino zorrotzagoa. Mendiari buruzko informazio falta izan da, hain zuen, espedizioaren zailtasun nagusietako bat.
Juanjo Otazu kamerariari eman zioten berria: «Gailurra jo dugu». Kostata: «Azkeneko ehun metroetan oso gaizki pasatu dugu. Sekulako hotza egiten du. Argazkia atera, eta bagoaz behera». Otazu beheko kanpalekuan zegoen (5.500 metro), zain.
Geroago, lasaiago hitz egin zuten, 6.600 metrora jarritako kanpadendan atseden hartzen zuten bitartean, eta ondo zeudela esan zioten. Gaur mendebaldeko ertza gurutzatu beharko dute berriro. Haizeteak iragarri dituzte.
Cho Oyu izango dute hurrengo erronka (8.201 metro).
Iñurrategik, Vallejok eta Zabalzak igo dute Chamlang zazpimilakoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu