Ramon Olasagasti eta Cesar Llaguno. Komikiaren idazlea eta ilustratzailea

«Iñurrategi anaiek ez zuten mendia gailurrari begira bakarrik egiten»

'Iñurrategi Anaiak Mendiari bihotz emanak' komikia egin berri dute Ramon Olasagastik eta Cesar Llagunok, Sua argitaletxearekin.

Iñurrategi anaiei buruzko komikiaren azala. SUA.
Unai Ugartemendia.
2020ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Mendi Film jaialdia aukeratu dute Ramon Olasagastik (Berrobi, Gipuzkoa, 1972) eta Cesar Llagunok (Balmaseda, Bizkaia, 1972) beren lan berria aurkezteko. Larunbatean izango da, 19:00etan, Bilboko Euskalduna jauregian.

Noiz hasi zineten komikiarekin?

CESAR LLAGUNO: Urtebete eman dugu gutxi gorabehera. Lehenik, zirriborro batzuekin eta gidoiarekin hasi ginen, eta udaz geroztik hasi nintzen ni margotzen. Denbora gutxiago igaro zela uste nuen, baina urte bat pasatu da.

RAMON OLASAGASTI: Iazko jaialdiaren ostean ekin genion lanari. Euskal mendizaletasunaren historiaren hainbat pasarte kontatzea da asmoa. Orain bi urte idatzitako Everest, herri oso bat gailurrean komikiaren jarraipena izatea nahi genuen.

Zergatik Iñurrategi anaiak?

R.O.: Ideia nagusia Jabi Baraiazarrarena izan zen. Zalantzan ibili ginen Everestekoa baino atzerago joan edo ez, baina, azkenean, bi anaien ibilbideari heldu genion. Uste dut gaur egungo belaunaldientzat erreferentzia nagusi izan daitezkeela. Ziur, hirugarren aleren bat badago, atzerago joko dugula historian.

Oraingo honek historia luzeagoa kontatzen du.

C.L.: Bai, eta Ramonengatik balitz, oraindik eta luzeagoa izango zen! Oso ibilbide luzea dute Iñurrategi anaiek, eta, horretaz gain, Baltistan Fundazioaren pasarte asko sartu ditugu komikian. Hori ere haien ibilbidearen historiaren parte bat dela esango genuke. Informazio asko genuen pilatuta. Dena oso kontzentratuta dago, baina epeak ere neurtuta genituen. Kontuan hartu 87 orrialde dituela, eta Everestekoak, 46. Hau ia bikoitza atera da. Hiru atal ezberdin ditu, eta denboran atzera-aurrera dezente egiten du. Everestekoa, aldiz, oso istorio lineala zen, kronologikoki kontatuta izan zena.

Zer izan da langintza honen gauzarik zailena?

C.L.: Proiektu osoa kontuan hartuta, epeak eta espektatibak betetzea izan da zailena. Marrazkien aldetik, esaterako, Felixen irudia marraztea asko kostatu zitzaidan. Detaile txikiak dira askotan, eta gauza batzuez konturatu arte, ez da batek nahi duen irudia ateratzen. Adibidez, mendien irudiekin gustura gelditu naiz. Gainera, proiektuaren dimentsioa askoz ere handiagoa da. Liburu fin batetik komiki liburu lodi batera egin dugu jauzi oraingo honetan, eta hori antzematen da.

Pandemia dela-eta traba asko izan al dituzue bidean?

R.O.: Hasieran, Internet bidezko bilerak izan genituen. Itxialditik atera ginenean, berriz, hainbat aldiz elkartzea tokatu izan zaigu Tolosan. Eskuz eskuko langintza izan da gehiena, eta bineta bakoitza oso ondo landu dugu. Pandemia ez da oztopo handia izan lanerako; okerrago izan dira bakoitzaren egunerokotasunetik harago izan ditugun lanak. Halere, aipatu eta nabarmendu beharrekoa da, gutaz aparte, Alberto Iñurrategik gidoiarekin emandako babesa eta laguntza, eta Felipe H. Navarroren prestutasuna koloreztatze eta errotulazio lanetarako. Navarroren lana izugarria izan da.

C.L.: Nik ez diot garrantzi handirik ematen koloreari, gehienbat lerroa ikustea gustatzen zaidalako, baina Navarrok balio erantsia eman die marrazkiei. Bere ekarpenekin, liburua guztiz aldatu dela esango nuke.

Everesteko komikian ere biak izan zineten ardatz nagusi. Zein dira bi lanen arteko ezberdintasun handienak?

R.O.: Fikzio moduko bat sortu dugu; bi anaien ibilbidea, eta gero Albertok egin duena ere jasotzeko. Fikzio horren oinarrian dago Alberto eta Hushe Shazia izeneko irakasle baten arteko solasaldia. Nik garbi neukan ezin genuela gelditu bi anaien ibilbide hutsean bakarrik. Felixen istripua eta gero, Albertok berriro ekin zion jardunari, eta Felixen arrastoak ere Baltistan Fundazioan gorpuztuta jarraitu du. Fundazioak berak egiten duen lana ere jaso behar zela iruditzen zitzaidan. Mendizaleak hara joaten dira gailur batera edo bestera, baina gizarte ikuspegitik, hori baino lan askoz ere eraginkorragoa egiten du fundazioak. Felixen espiritua bizirik dago oraindik ere fundazio horretan. Komikian, kirol ikuspegitik egin zuten ibilbidea jasotzen da, batetik, eta, bestetik, alde humanoa islatzen saiatu gara. Gailurra egitea baino askoz ere ikuspegi zabalagoa zuten. Komikietan ohikoak ez diren gogoeta asko daude.

Gustura gelditu al zarete azken emaitzarekin?

C.L.: Bai. Orain, komikia esku artean ikusita, gauza batzuk aldatuko nituzkeenaren sentsazioa daukat, baina gauza guztiekin gertatzen da hori. Hemendik urtebetera ikusita, oraindik ere asko aldatuko da gainera. Jendearen harrera ikusi beharko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.