Astelehena. Ia urte guztiko lana kontzentratzen den Ehunmiliak asteburuaren biharamuna. 2017ko aldia ixten eta 2018koan pentsatzen hasteko lehen eguna. Mikel Valdivielso lasterketaren zuzendari teknikoa pozik dago, lasterketek eskainitako ikuskizunagatik, korrikalarien mailagatik eta jendearen erantzunagatik, bai boluntarioena, bai ikusleena: «Lan bikaina egin dugu, eta inoiz baino ikusle gehiago izan ditugu».
Iazko irabazle berak izan dira aurten Ehunmilietan (168 kilometro, +11.000 metro). Hala ere, iazko eta aurtengo lasterketak ezberdinak izan dira. Javi Dominguezek lasterketako marka ondu zuen (22.22.03), baina Jon Aizpuruk estu hartu zuen: Zelatunera arte, aldea bost minutuz azpikoa izan zen; Aizpuru aurretik iritsi zen Tolosara (77. kilometroa), Dominguez galdu egin zelako; elkarrekin heldu ziren Amezketara (96. kilometroa), eta ia parean Lizarrustira (115. kilometroa). Hortik aurrera, ordea, Dominguez aldea handitzen hasi zen. Laugarren garaipena du. Valdivielsorentzat opari baten modukoa da urtero Dominguezen mailako korrikalari bat izatea, «ultretako munduko bost korrikalari onenetako bat».
Era berean, «estralurtar» deitu dio aurtengo Ion Aizpururi: iaz baino ordubete eta 40 minutu azkarrago egin du lasterketa. Hirugarren izan zen iaz.
Emakumeetan, Silvia Triguerosek ere izan zituen aurkariak: aurrena, Ewa Majer poloniarra, lehena iritsi zen Tolosara; gero, Elena Calvillo, asko gerturatu baitzitzaion Etzegaraten (130. kilometroa). «Hala ere», Valdivielsoren esanetan, «Silviak neurria hartua dio Ehunmiliei». Hirugarren garaipena du —hiru aldiz irabazia du Goierriko Bi Handiak ere—.
Osinalde-Grajera lehia
Goierriko Bi Handietan (88 kilometro, +6.000 metro) lehia izan zen emakumeetan; ez hainbesterainokoa gizonetan. Monica Grajera izan zen lasterketaren buruan Etzegaratera arte (50. kilometroa), baina handik aurrera aldea atera zion Aitziber Osinaldek. Gizonetan, Daniel Agirrek hasieratik bukaerara arte kontrolatu zuen lasterketa, baina gehiegi lasaitu gabe, ordu laurdenetik beherako aldea izan baitzuen lasterketa guztian —azkeneko zatian ezik— Mikel Etxeberriarekiko. «Mikelek oso lasterketa ona egin zuen, baina Dani oso azkarra da, eta lasterketaren lehen zatiak mesede egiten dio», Valdivielsoren iritziz.
Hutsegiteren bat, tripako minen bat edo bestelako arazo txikiren bat nahikoa litzateke bi lasterketa horietan irabazleak beste batzuk izateko.
Marimurumendin (42 kilometro, +2.300 metro) Bartosz Gorczyca poloniarra —alde txikiarekin— eta Ester Casajuana kataluniarra izan ziren garaileak.
Ehunmiliak «egonkortuta» daude, eta antolatzaileek segida emateko gogoa dute: «Jende askok maite du proiektua». Hala ere, ohi bezala, ez dute ziurtatu 2018an Ehunmiliak izango direnik. «Kalitateari dagokionez, aurten goia jo dugu daukagun aurrekontuarekin».
«Inoiz baino ikusle gehiago izan ditugu»
Ehunmilietako arduradunak pozik daude hiru lasterketetan izandako ikuskizunarekin eta jendeak emandako erantzunarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu