Silvia Trigueros. Mendi korrikalaria

«Inoiz baino gehiago sufritu dut deshidratazioaren ondorioz»

Hirugarrenez jarraian irabazi du Silvia Triguerosek Tor des Geants lasterketa gogorra, Italiako Alpeetan (330 kilometro,+24.000 metro). 2019an ezarri zuen marka hobetzea zuen helburu, baina ez du lortu.

RUBEN FUEYO.
Unai Ugartemendia.
Abadiño
2021eko urriaren 5a
00:00
Entzun
Egun gutxi dira Silvia Trigueros mendi korrikalaria (Barakaldo, Bizkaia, 1976) etxera itzuli dela, eta aurpegian nabariak ditu lo faltak sortzen dituen begi zuloak. 330 kilometroko lasterketa bat amaitu ostean, gehienek atseden hartzeko baliatuko luketen arren, ez du denboraldia amaitu nahi oraindik. Amesten jarraitu nahi du. Ez du baztertu, gainera, Tor des Geantseko errekorra jaisten ahalegintzea.

Egun gutxi dira Tor des Geantseko helmuga zeharkatu zenuenetik. Nola doa oneratzeko prozesua?

Ondo doa. Oraindik ere nekea nabari dut, baina behin egunerokoan sartuta, atseden hartzea besterik ez da gelditzen.

Oihartzun handia izan du aurtengo zure garaipenak.

Oso pozik nago lortutakoarekin. Ez nuen espero hainbesteko oihartzuna izango zuenik. Behin lasterketa amaituta, beste hiru egunez egon nintzen Courmayeurren sariak jaso arte. Bertan jaso nuen gertutasuna eta maitasuna izugarria izan zen. Aurten, nire babesle diren Scarpak eta Landek argazkilari bat ere eraman zuten lasterketara, eta horrek ere asko lagundu du jendearengana iristeko.

Aosta bailaran dagoeneko pertsona ezaguna zara. Hainbesterako da?

Egia esan tratua oso ona izan da beti, nahiz eta baten bat oraindik ere harritu egiten den hirugarren aldiz irabazi dudala esatean! Baina, bai, nahiko ezaguna bihurtu naiz Alpeetako eremu horretan.

Eta loa? Errekuperatu al duzu?

Hori da gehien kostatzen zaidana! Lasterketa amaitzean asko kostatzen zait lo hartzea. Aurtengorako medikuari lo egiteko botika eskatu nion, baina azken unean etxean ahaztu nuen. Lasterketa 04:00etan amaitu nuen, eta egun horretan hiru ordu egin nituen lo, goizeko zortziak arte. Baina gauean, ez nuen berriro ere lorik egin. Hurrengo hiru egunetan ere antzeko ibili nintzen. Behin etxera itzulita, hobeto ari naiz lo egiten. Orain, edozein lekutan hartzen dut lo! Lasterketan zehar, berriz, ordu eta erdiko bi saio egiten saiatu nintzen. Jakitun nintzen ez nuela lo sakonik egingo, baina atseden hartzen saiatzen nintzen tarte horretan. Baina aurten, lasterketan, arazoa ez da loa izan, urdaila baizik.

Bost aldiz egon zara Tor des Geantsen. Hirutan lortu duzu garaipena, eta beste behin izan zara bigarren. Zerbait bada, ezta?

Gauza bitxia da. Lehenbizikoz hara joan aurretik, nire asmo bakarra 90 ordutik jaistea zen. 2018an lortu nuen, eta niretzat hura lortzea izugarria izan zen. Behin helburua lortu ostean, hutsune izugarria sentitu nuen. Neure buruari galdetu nion: «Eta orain zer egin behar dut?» Itzultzeko ere zalantzak nituen. Baina bikotekideak aipatu zidan ea zergatik ez nintzen saiatzen errekorra egiten. Lortu nezakeela pentsatu nuen. Gauzak hobeto egiteko saiakera egin nuen, eta 2019an berriro itzuli nintzen. Marka lortu nuen 85 ordu eta 23 minutuko denborarekin. Dena lortua nuela zirudienean, berriro itzuli naiz.

Bigarrenez marka hobetzea al zen helburu nagusia?

Bai, posible ikusten nuen berriro ere marka apurtzea. Gainera, historia eginda neukan Tor des Geantsen, baina hirugarrengoz irabazteak asko esan nahi zuen. Hiru emakume ginen bi garaipenekin, eta beste behin irabazteak lehen postuan jarriko ninduen. Motibazio nahikoa zen itzultzeko. Bi gauzak lortzearekin amesten nuen, marka berriarekin eta hirugarren garaipenarekin. Errekorra ez da posible izan oraingoan.

Pandemia tarteko, ezberdina izan al da aurtengo lasterketako prestakuntza?

Ez,antzekoa izan da. Urte hasieran lasterketa batzuk bertan behera gelditu ziren, baina behin apiriletik aurrera, aurretik pentsatuta nituen lasterketak egin ditut. Orotara, zazpi lasterketa jokatu nituen aurretik. Baina zalantzak hor jarraitzen zuen. Halere, Tor des Geantsen egoteko gonbitea jaso bezain laster, banekien parte hartuko nuela. Ez nuen zalantzarik izan.

Nola antolatu zenuen lasterketa?

Beste urteetan baino lasaiago hasi nintzen. Lehen igoera oso lasai hartu nuen. Ezagun batekin joan nintzen, eta makila ere apurtu nuen. Bigarrengo igoeran, aldiz, Lisa Borzani italiarra izan nuen ondoan. Une batean hizketan ere joan ginen, baina konturatzerako indarrik gabe zihoala aipatu zidan. Ohartzerako atzean gelditu zen. Ondoren. aipatu zidaten eroriko bat izan zuela, eta belaunean kolpea hartu zuela. Lasterketa utzi behar izan zuen azkenerako.

Borzani bera zen zurekin batera lasterketa irabazteko hautagai nagusia. Hark lasterketa uzteak lasaitasuna eman zizun?

Ni, nire lasterketa egitera irten nintzen. Une oro aurkari berriak agertzen dira, eta haiek ere errespetua merezi dute. Beti egin izan dudan antzera, pentsatutako erritmoari eustea zen asmo bakarra. Nahiko lan baneukan neure buruarekin!

Urdaileko arazoak aipatu dituzu lehen. Hainbesterako izan da?

Oso gutxi jan eta edan nuen lasterketan. Izugarrizko beroa egin zuen lehen egunetan, eta ez nintzen kontziente oso gutxi edaten ari nintzela. Konturatzerako, deshidratatuta nengoen. Inoiz ez dut hainbeste sufritu deshidratazioaren ondorioz! 130. kilometroan nindoan, eta oraindik ere 200 kilometro nituen aurretik! Akituta nindoan, eta nire medikuari, Alberto Garairi, deitu nion. Hankak zeharo puztuta neuzkan, eta arazoa ea nola konpondu nezakeen galdetu nion. Okerrera ez egitea lortu nuen. Likido erretentzioa zela argi zegoen. Gauzak gehiago okertu ziren, gainera: hilekoa etorri zitzaidan. Errematea izan zen hori.

Hilekoaren arazoa beste urte batzuetan ere izan duzu? Nola kudeatu zenuen ?

Bai, lehen bi urteetan ere gauza bera pasatu zitzaidan. Baina aurten ez nuen espero. Aste Santutik ez nuen hilekoa, eta alde horretatik ez zen txarra Torrera begira. Baina abuztuan berriro izan nuen. Etxean harrapatu banindu, emaginarengana joango nintzen, eta listo! Baina, orduan ere, lasterketa baten bezperan harrapatu ninduen, eta banekien berdin jarraituz gero Alpeetako lasterketaren erdian harrapatuko ninduela berriro. Hala izan zen! Bitxikeria izango da ala ez, baina 2017an ere leku berean etorri zitzaidan hilekoa!

Hilekoarena ere arazoa zen, baina nola kudeatu zenuen deshidratazioa?

Gatza errekuperatu behar nuela konturatu nintzen! Neure buruari behin eta berriz esaten nion edan egin behar nuela. Behartu egin behar nuen horretara! Hasteko, arrautza egosi bat jan nuen gatzez betea, eta pixkanaka errekuperatzen hasi nintzen. Halere, ez zitzaidan mina erabat joan azken 50 kilometroak falta ziren arte. Jaten nuen aldiro min handia neukan, baina jan beharra zegoen.

Momenturen batean lasterketa uzteko gogoa eduki al zenuen? Horretan pentsatu al zenuen?

Ez. Amaitu behar nuela argi neukan! Horrelakoetan buruari gogor egin behar zaio, eta ezin duzu zulo batean sartu. Argi ikusi nuena zera zen: marka ezingo nuela hobetu. Egia da lehen asmoa errekorra jaistea zela, baina irabazita oso pozik egoteko moduan nintzen. Helburuak aldatu nituen azkenean, baina oraindik ere banituen lasterketan jarraitzeko arrazoiak.

Azken kilometroak nola gogoratzen dituzu?

Agonikoak izan ziren! Lan psikologiko handia egin behar izan nuen. Azken zatia oso itsusia iruditu zitzaidan. Jakitun nintzen atzetik nituenak ere ez zetozela ni baino askoz hobeto. Bigarren zetorrena, uneren batean ordu eta erdira ipini zitzaidan arren, azken unean berriro ere abantaila ateratzeko gai izan nintzen. Helmugara lehen postuan ailegatzea berezia izan zen!

89.23ko marka oraindik ere jaitsi daitekeela iruditzen zaizu?

Bai, posible da oraindik ere gehiago jaistea! Lasterketaren bigarren zatia oso korrika egitekoa da, eta han jaitsi daiteke denbora. Baina, horretarako, ezinbestekoa da oraindik ere indartsuago iristea azken kilometroetara.

Zer esan nahi du hirugarrenez segidan Tor des Geants irabazteak?

Pertsonalki, jendearen esker ona jasotzea. Halere, hirugarrengo honek ez du ezertan aldatuko nire bizitza.

Zergatik izan da hain berezia aurtengo Tor des Geantsen lehiatzea?

Agian, beste urteetan ez bezala, senarraz gain, beste laguntza gehiago ere izan ditudalako lasterketan. Scarpa etxekoak oso gertu sentitu ditut, eta bertako izarretako bat, Marco Di Gasperi handia, ere ondoan izan dut laguntzen. Nire babesleetako bat da Scarpa, eta lasterketako babesle nagusiena izateaz gain, oso garrantzitsua zen haientzat ere emaitza on bat lortzea. Aurten sartu dira lasterketako babesle nagusi bezala, eta irabazteak ere asko lagunduko zien. Oso gertusentitu ditut guztiak!

Itzultzeko gogorik gelditzen zaizu oraindik ere?

Aurten bi helburu nituen: errekorra egitea eta ziklo bat ixtea. Lehen ere berdina pasatu zitzaidan Ehunmiliakekin. Asko kostatu zitzaidan ate hura ixtea.Tor des Geantsek, gainera, oporraldi bete-betean harrapatzen nau, baina hain tratu ona jaso dugu Aostan… Sekulako jendea ezagutu dugu aurten, eta denek gauza bera esaten zidaten agurtzerakoan; «Berriro ere hemen nahi zaitugu!». Oraindik ez dakit zer egingo dudan, hausnartu egin beharko dut.

Ezaugarri antzekoak dituen beste lasterketaren bat egiteko gogorik ez duzu?

Bai. Aurten, esaterako, Suitzan jokatzen den Swiss Peaks Trail lasterketaz [360 kilometro, +25.000 metro] informatzen egon naiz, baina parte hartzeko zenbat ordaindu behar den ikusi beharko dut. Gainontzean, sekula ez dut baztertzen beste lasterketa berriak ezagutzea.

Aurtengo garaipena nori eskaini diozu?

Aurtengoa bereziki bi pertsonei eskaini diet: nire prestatzaile Kepa Larreari eta nire lankideOsane Ibaberi. Biak garai gogor bat igarotzen ari dira, eta lasterketan ere asko gogoratu nintzen haiekin. Haiei eskainia doa 2021eko Tor des Geantseko garaipena!

Urtea amaitzeko beste konpromisoren bat ere ba omen duzu lasterketa batekin. Noiz amaitu behar duzu aurtengo denboraldia?

Hala da, bai! Orain, hiru astez zeharo baztertuko ditut korrikako oinetakoak. Baina hilabete barru, berriro hasiko naiz korrika egiten. Ondo bidean, abenduaren 5ean, Chivako Ultratrailean [Valentzia, Herrialde Katalanak, 60 kilometro] egongo naiz. Lagun asko ditut han, eta ahal izan dudan guztietan bertan egoten saiatu izan naiz. Aurten ere bertan izatea espero dut. Oso gustuko dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.