Inoiz ahazten ez diren ibilaldiak

Araban eta Gipuzkoan haurrekin egiteko ibilbideen bi gida argitaratu ditu berriki Sua argitaletxeak. Liburuak ere familiartean gauzatutako proiektuak izan dira, seme-alabekin eskuz esku. Haurrekin txangoak atseginago egiteko gidaliburuak ere badira.

Ibilbideak umeekin gidaliburuak
Mendizaleak Urbiara bidean, lizarren arteko korridore ederrean. IÑAKI ALCALDE
ramon olasagasti
2024ko ekainaren 26a
05:00
Entzun

«Zenbat falta da?», «egarria!», «zeeer?! Hor goraino igo behar dugula? Ni hemen geratuko naiz, ni horraino ez noa»... Eta orduan gurasoen larria eta ahalegina: «Ikusiko duzu, hor goian sekulako ikusmira zabaltzen da», eta tar, tar, tar... Horrelako zenbat sokatira haurrekin mendian eginiko txangoetan. Izan ere, haurrekin mendira joatea, haurrak mendira zaletzea, «bide luzea da», Gorka Lopez (Gasteiz, 1971) BERRIAko kolaboratzaile eta hainbat gidaren egileak dioen moduan. «Fardela jantzita daramatenean hasten da, eta nerabezaroan bukatu, eta pausoz pauso joan behar da, beti pizgarriak bilatuz, zerbait dibertigarria, haien irudimena eta jakin-mina piztuko duten elementuak: ipuin bat, kondaira bat...».

Berriki, Araban umeekin egiteko ibilbideen liburu bat argitaratu du Lopezek, eta egitasmoan lagun izan ditu 11 urteko Ortzi semea eta 9 urteko Jare alaba. «Txikitatik oso hurbileko harremana izan dute naturarekin, mendiarekin, eta aita betidanik ikusi izan dute motxila hartu eta bizpahiru asterako batera edo bestera joaten. Horregatik, liburu hau egitea proposatu nien neurri batean hobeto uler zezaten zertan egiten dudan lan. Bazekiten aitak mendiko gidak egiten zituela, baina ez zekiten prozesua nolakoa zen. Joaten nintzela eta itzultzen nintzela besterik ez zuten ikusten. Liburu honetan, prozesu osoaren parte izan dira: ibilaldiak nirekin egin, argazkiak ikusi, aukeratzen lagundu...». Osotara, 35 ibilbide bildu dituzte liburuan, samurretik gogortxoenera ordenatuta, Gipitzuriko ermitako pasiera samurrarekin hasi eta Gorbeiako igoerarekin bukatu.

«Mendian, alde batera geratzen dira sakelakoak, pantailak eta beste estimulu batzuk, eta normalean izaten ez diren solasaldiak sortzen dira, haien artean ere bai».

IÑAKI ALCALDEGipuzkoako gidaren egilea

Antzeko proposamena egin zien Iñaki Alcaldek (Lasarte-Oria, 1973), aspaldi Larraulen bizi den lasartearrak, Olatz Urraca (Lasarte-Oria, 1975) emazteari eta Udane, Adur eta Amel seme-alabei, pandemia garaian: zergatik ez dugu familian mendiko ibilbideen liburu bat osatzen? Iñakik argitaratua zuen aurrez Gipuzkoako mendiei buruzko gida bat, Txusma Perezekin batera, eta gogoa zuen umeekin eta umeentzat gida bat egiteko. «Baina ez genuen ibilbideen ohiko liburu bat egin nahi. Lehendabizi, gure seme-alabengan pentsatu nuen, zer ibilbide mota izan zitekeen egokia haientzat. Hasi ginenean, duela lau bat urte, Amelek 6-7 urte zeuzkan, eta Udanek, zaharrenak, 12. Hortaz, baten beharrak eta bestearenak oso desberdinak ziren. Beraz, labur-laburrak izan gabe baina luzeegiak ere izan gabe, familiaren beharrak asebeteko zituen proposamenak bilatzen hasi ginen. Neurrikoak eta erakargarriak denontzat».

Ibilbideak umeekin gidaliburuak
Gorka Lopezen seme-alabak, Jare eta Ortzi, Okinako haitzartean, Ihuda errekaren ur jauzietako batean. GORKA LOPEZ

Hori dela eta, 2x1 moduko bat da Gipuzkoako gida: 26 ibilbide dira guztira, baina bakoitzean bi proposamen daude. Bata, laburragoa, 2 eta 7 kilometro artekoa, haur txikienekin egiteko: jomuga erakargarri batera iritsi, adibidez Irungo Meaka auzotik Aitzondoko ur jauzira, eta gero bide beretik itzuli. Bestea, berriz, luzeagoa, 7 eta 14 kilometro artekoa eta 700 metrorainoko goranzko desnibela duena, zirkularra, naturaren, etnografiaren edo historiaren ikuspegitik osoagoa, ibilbidea borobiltzeko. Gipuzkoako gidak, gainera, paperaren eta idatziaren euskarri estatikoari bideoen mugimendua gehitzen die; izan ere, ibilbide bakoitzak, QR kode baten bidez, «txangoaren minipelikula bat dakar», jakinarazi du Udane Alcaldek, eta Iñaki aitak esplikatu du arrazoia: «Umeek nekez esango dizute mendi horretara joan nahi dutela, baina erakusten badizkiezu irudiak, esaten badiezu ‘begira zer lekutatik pasatzen diren’ edo ‘bainurako zer putzu dagoen’, errazago animatuko dira».

Gidarekin hasi zirenean, pandemiaren gordinenean, Larraulgo mendialdeko etxola txiki batean elkartzen ziren aldian-aldian, eta liburuari buruz eta bestelako kontuei buruz hizketaldiak eta planak egiten zituzten. «Etxola hartan une superpolitak pasatzen genituen; liburuarekin hasi ginenean, eta gero ere bai...», oroitu du Amel txikiak, begiak diz-diz. Pandemian hasi eta iaz bukatu, lau urtean ondu dute alcalde-urroztarrek Gipuzkoako liburua. «Argazkietako batzuetan txiki-txikiak gara», dio Adur semeak, irudietako bati begira; izan ere, biografia puska baten tankeran, hiru seme-alaben hazkuntzaren lekukoa ere bada Gipuzkoako gida.

Bainuak, ipuinak...

Adur ondo gogoratzen da aurreneko txangoaz. «Gurekin ziren amona, haren lagun bat, osaba... Zaldibiako (Gipuzkoa) Oilakosai atsedenlekutik abiatu eta Osinberdeko putzura eta Jentilarrira joan ginen, Aralarren». Adur bera izan zen Osinberdeko ur hotzetan murgildu zen bakarra. Horrelakoak ez dira ahazten. «Ura, itsasoa, errekako putzu bat, ur jauzi bat... ibilaldien ondoko murgilaldia, sari freskagarri hori, garrantzitsua da umeak mendira erakartzeko», nabarmendu dute Gorka Lopezek eta Alcalde-Urraca familiak. «Lezeko begira egin genuen ibilaldian, adibidez, gero kobazulora jaitsi ginen, eta hor txonbo bat izan zen, Zirauntza ibaian ere bai..», oroitu du Gorka Lopezek.

Ibilbideak umeekin gidaliburuak
Atsedena Zarauzko Talaimendin, Iñurritzako dunen eta hondartzaren ikuspegiaz gozatuz. IÑAKI ALCALDE

Olatz Urracak nabarmendu du Gipuzkoan itsasoko ibilbideak, itsasertzetik bertatik egindakoak, «gozagarriak» izan zirela hala umeentzat nola beraientzat. «Zumaiako Elorriaga auzotik Zumaia herrira egindakoa, Mutrikuko zazpi hondartzetatik Saturraraneraino doana... Marearekin jolastu behar duzu ibilbide horiek egin ahal izateko; kalkulatu behar duzu itsasbehera noiz izango den, eta bizpahiru ordu lehenago abiatu. Berez, arriskurik ez dago, tartea badago, baina oso kontuan hartu behar dira mareak eta ordutegiak. Polita da itsasoaren paretik eta amildegiaren azpitik ibiltzea».

Naturaren ederrak edo gailurraren erronkak baino gehiago, bizipenak elikatzen du haurren gogoa. Gorka Lopez: «Orein bat korrika ikusteak edo eskuak erabiliz harri batzuetatik igotzeak, amarekin eta txakurrarekin guztiok elkarrekin eginiko txangoak... horrelakoak geratzen zaizkie iltzatuta. Gogoan dut Toberia errekako ur jauzietara neguan joan ginela, bezperan zeropeko tenperatura  (-10 edo -12 gradu) egin eta gero. Jaitsieran, Legaireko pistatik behera gentozela, izotz txirrista bat zen hura, eta lauzpabost aldiz joan ginen hankaz gora. Ur jauziak, bai, oso politak; Legaireko goiko aldea, bai, zoragarria, baina beheranzko txirrista haietan bizitakoak datozkie burura. Umeak dira».

«Haurren heziketa ez da samurra, eta mendian ere ez da erraza zenbait balio ulertaraztea, baina gure lana da heziketa hori egitea, beti modu onean, behartu gabe...».

GORKA LOPEZArabako gidaren egilea

Gipuzkoako gidari dagokionez, Udanek, Adurrek eta Amelek ibilbide bat baino gehiago dute gogoan: Herniori itzulia eman ziotenekoa, beti Larraul aldeko Hernio ezagutzen baitzuten, edo lagunekin Pagoetan eginikoa, adibidez. «Pagoetako hartan, Ukrainako lagun bat, Katia, etorri zen gurekin. Txernobylgo umea da, eta sei urte zituenetatik udara guztietan etorri izan da Larraulera. Ederki pasatu genuen elkarrekin». Izan ere, mendira lagunekin joatea bezalakorik ez da aldapak leuntzeko, «zenbat falta da?» nekagarria ahazteko eta txangoak askoz atseginago egiteko.

Arabako eta Gipuzkoako gidetan, bietan, ibilbide guztiek testu osagarri bat dute, etnografiari, historiari, faunari, landarediari edo ondareari lotua. Gomendioak ere bai: haurrekin mendian behinbaomenka ibiltzearen garrantzia, motxila nola prestatu irakastea, mendian bibak bat egitearen zirrara... «Haurrak heztea ez da samurra, eta mendian ere ez da erraza zenbait balio ulertaraztea, baina gure lana da heziketa hori egitea, beti modu onean, behartu gabe... Liburu honetan horretan saiatu naiz, nik oinordetzan jaso ditudanak orain nire seme-alabei erakusten», nabarmendu du Lopezek.

Ibilbideak umeekin gidaliburuak
Haurrei ipuinak eta kondairak kontatzea, haien jakin-mina piztea, pizgarri handia da mendian ere. GORKA LOPEZ

Udane, Adur eta Amelek nabarmendu dute «asko ikasi» dutela liburu hau egiten. «Adibidez, lurraldean kokatzen. Denbora pasatu ahala, agian ez gara izenaz gogoratzen, baina lekuaz bai, edo hango bizipenez. Zer egin genuen. Horiek ez dira ahazten». Iñaki eta Olatz aita-amek, berriz, «elkarrekin igarotako denboraren kalitatea» azpimarratu dute. «Mendian, alde batera geratzen dira sakelakoak, pantailak eta beste estimulu batzuk, eta normalean izaten ez diren solasaldiak sortzen dira, haien artean ere bai. Ederra da zu atzetik zoazela elkarrekin hizketan nola doazen ikustea. Eguneroko bizimoduan, elkarrekin egoteko denbora hori aurkitzea ez da erraza. Natura tartean denean, gainera, beste lotura bat sortzen da haien artean ere».

Onena da, gainera, Araban eta Gipuzkoan haiek bizi izandakoak bakoitzak bere familian biziberritu ditzakeela orain.

LIBURU FITXA

'Umeekin egiteko ibilbideak. Gipuzkoa' liburuaren azala

UMEEKIN EGITEKO IBILBIDEAK. GIPUZKOA

  • Egilea: Iñaki Alcalde Olivares
  • Argitaletxea: Sua Edizioak
  • Orrialdeak: 173
  • Prezioa: 20 €

LIBURU FITXa

'Umeekin egiteko ibilbideak. Araba' liburuaren azala

UMEEKIN EGITEKO IBILBIDEAK. ARABA

  • Egilea: Gorka Lopez
  • Argitaletxea: Sua edizioak
  • Orrialdeak: 182
  • Prezioa: 20 €
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.