Bi jardunalditan banatuta, 170 eskiatzaile aritu dira norgehiagoka Andres de Regil eski zeharkaldian, Europako Mendien erdiko mendikatean. 18. aldia izan da aurtengoa. Iñigo Lariz elgoibartarrak eta Mikel Navarro urretxuarrak osaturiko taldeak nagusitasun handia erakutsi zuten proba osoan, eta Andres de Regil BBK sari nagusia eskuratu zuten. Emakumezkoetan, Nahia Quincocesek eta Lide Leibarrek osaturiko bikoteak lortu zuen garaipena.
Elurraren kantitatea eta kalitatea ona izan zen arren, eguraldiak asko gogortu zituen bi jardunaldietako ibilbideak. Bisutsa, zero azpiko graduen sentsazio termikoa, behe lainoa, eta, hori nahikoa ez, eta euria ere egin zuen eguneko zenbait tartetan.
Eguraldi txarrari aurre egiteko jantziak soinean, Fuente De igogailuaren gainean elkartu ziren bikote parte hartzaileak, sailkapenean ahalik eta gorenen iristeko helburuarekin. Hantxe eman zitzaion hasiera igandeko ibilbide kronometratuari. Ibilbidea laburra baina gogorra izan zen; 1.500 metroko desnibela zuen goraka, eta ia erdia beheraka.
Irteeratik gogor saiatu behar izan zuten eskiatzaileek Erucako gainetik Alivarantz bideratu zituen aztarnan postu on bat eskuratutzeko; lasterketaren muturrean mantentzea garrantzitsua izan zen. Lariz eta Navarro euskal selekzioko kideek hasieratik hartu zuten lidergoa, Aritz Egea eta Ibon Letamendik gertutik jarraitzen zietela. Azkar igaro zituzten Pozo Cimeroko aldapa elurtuak; Chalet Realera iritsi aurretik, buelta erdi eman behar izan zuten, berriro ere, gorako bidea hartzeko. Tajahierro eta Peña Vieja orratzen azpitik igaro behar izan zuten eskiatzaileek Llorozara itzuli aurretik.
Denborarik galdu gabe, erritmo bizian egin zuten Larizek eta Navarrok ibilbide osoa. Elkarren osagarri izanik, bikote paregabea osatzen dute eskiatzaile gipuzkoarrek. Lariz sutsuagoa da, eta horrek, eskien azalen aldaketan, muinoetan eta maniobretan abantaila eman zien. Navarro, berriz, iraupeneko eskiatzailea da, eta ibilbidearen zati luzeenetan erritmoa mantentzeaz eta bikotetik tiratzeaz arduratu zen.
Gauzak horrela, bi ordu eta 18 minutu behar izan zituzten ibilbidea amaitzeko. Atzetik, lau minutu eskasera, Egea eta Letamendi iritsi ziren helmugara. Euskal selekzioko eskiatzaileek jardunaldi bikaina osatu zuten.
Mendia
Iñigo Lariz eta Mikel Navarro garaile Andres de Regil-en
Behe lainoak, bisutsak eta tenperatura baxuek asko gogortu dituzte ibilbideak; 170 eskiatzaile lehiatu dira

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu