Kirol eskaladako zailtasuneko Euskadiko Txapelketa jokatu zen larunbatean Barakaldoko Climbat rokodromoan. Guztira, 45 eskalatzaile lehiatu ziren maila guztietan. Euskal Herriko eskalatzaileez gain, Aragoikoak, Galiziakoak eta beste hainbat lekutakoak ere etorri ziren Barakaldora, Euskadiko Txapelketaz gain Climbat Open lehiaketa ere egin baitzen. Goizeko sailkapen fasean, lau bide gainditu behar izan zituzten eskalatzaileek, eta sei onenek lortu zuten finalerako txartela. Arratsaldeko finaletan, maila nagusian, Ines Allende eta Jon Barrutia izan ziren txapeldun.
Partaidetza aldetik, iazkoa baino apalagoa izan da aurtengoa, batez ere maila nagusian. Aitor Usonek, EMFko eskalada ataleko arduradunak, arrazoi hauek aipatu ditu horretarako: «Blokeko Europako Kopako proba izan da Souren ere (Portugalen) eta hara joan dira, besteak, beste, Maddi Agirre, Udane Mujika eta Asier Antunez. Nafarrek ere beren blokeko txapelketa zeukaten. Mikel Linazisoro munduko eta Europako probetarako ari da prestatzen, Eneko Carretero lehia utzita dago, beste zenbait eskalatzaile lesionatuta daude, Pazko asteko asteburua izateak ere agian eragina izan du...».

Bideak prestatzeko lanetan lau eskalatzaile hauek aritu ziren: Iñaki Arantzamendi eta Enrique Beltran EMFri dagokionez, Urko Aranzubia Climbat rokodromoari dagokionez, eta Lizer Aznarez praktika moduan. «Sekulako lana egin zuten. Bideek oso ondo funtzionatu zuten, finalekoek batik bat. Jendeak asko eskalatu ahal izan zuen, eta, alde horretatik, pozik bukatu zuten guztiek», nabarmendu du Usonek. Alde horretatik, Barakaldoko Climbat rokodromoak emandako laguntza ere eskertu nahi izan du Euskal Mendizale Federazioak. «Erraztasun guztiak eman dizkigute, eta eskertzen da».
Hausnartzeko premia
Maila nagusian, Ines Allende gailendu zen. Gasteiztarra izan zen bidearen katera iritsi zen bakarra. Elur Arteaga izan zen bigarren, eta Ainhoa Uskola hirugarren. Mutiletan, Barakaldoko Climbat Open txapelketan Eloi Lorente aragoiar gaztea izan zen irabazle –bera izan zen katera heldu zen bakarra–, eta Jon Barrutia izan zen bigarren. Beraz, Barrutia bera izan zen Euskadiko txapeldun. Eneka Guenetxea izan zen bigarren, eta Markel Garmendia hirugarren.
Maila nagusi horretan, Euskal Mendizale Federazioko kideek nabaritu dute hainbat gaztek, adin batetik aurrera, alde batera uzten dituztela txapelketak, nahiz eta harkaitzean oso indartsu eskalatzen jarraitu. «Hor egin behar dugu hausnarketa bat, aztertu behar dugu zergatik uzten dituzten txapelketak, batez ere zailtasuneko modalitate honetan. Agian oso gazterik hasten direlako? Belaunaldi kontua da? Ez dakigu. Blokean partaidetza askoz handiagoa izaten da: jarduera sozialagoa da, hainbat saiakera egin ditzakezu, eta sokaren faktore psikologikoa ez dago... Baina zailtasuneko eta abiadurako modalitateetan hausnarketa egin beharrean gaude, zergatik dagoen hain jende gutxi eta zergatik uzten duen jendeak adin batean», azpimarratu du Usonek.

Aldiz, gazte horiek berek, euskal selekzioan ibilitako hainbatek, «laguntza estimagarria» eman zuten Barakaldoko lehian, eskalatzaileak segurtatzen, antolakuntzan... «Hala da: laguntza handia eman ziguten, eta hori ere txalotzekoa da. Txapelketak utzi dituzte, baina kirol honi lotuta jarraitzen dute, laguntzen, eta pozgarria da hori. Hor etorkizuna dago, ekipatzaile moduan, epaile moduan, ikastaroak ematen...».
Gazteen artean, 18 urtez azpikoetan, nesketan bi lehiakide izan ziren: Enara Malo izan zen txapeldun, eta Nikoe Bitorika txapeldunorde. Mutiletan, berriz, Ander Beitia izan zen txapeldun –finaleko bidearen gorenera bera bakarrik heldu zen–, Aiert Mendizabal bigarren, eta Gari Markuerkiaga hirugarren.
Hamasei urtez azpikoetan, Elene Otermin izan zen txapeldun, eta Emma eta Sofia Hernandez ahizpak bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. Mutiletan, berriz, Lier Perez gailendu zen, Unax Rodriguez igo zen podiumaren bigarren koskara, eta Aitor Alzelai hirugarrenera. Berez, Climbat rokodromoko Openean, Santiago Gonzalez galiziarra izan zen bigarren.
Azkenik, 14 urtez azpikoetan, Maddi Mendiburu eta Asier Intxaurbe izan ziren txapeldun. Nesketan, Irene Narbona izan zen bigarren, eta Izar Martin hirugarren. Mutiletan, berriz, Markel Korta igo zen podiumeko bigarren koskara, eta Iraultza Azkue hirugarrenera.