Zailtasuneko Euskadiko Txapelketa 2021ean jokatu zen azkenekoz Iruñeko Rocopolis rokodromoan, eta 2022ko hutsunearen ondoren, 2023an berriro berreskuratu du hitzordua Euskal Mendizale Federazioak. Indarrez berreskuratu ere. Larunbatean, ia 100 eskalatzaile lehiatu ziren maila eta kategoria guztietan. Bideak prestatzeko lanetan, eskarmentu handiko eta punta-puntako lau ekipatzaile aritu ziren: Jose Luis Palau Primo, Jerome Gonzalez, Bittor Esparta eta Iñaki Arantzamendi. «Bideak, oro har, gogorrak izan ziren, Espainiako Kopako bideen maila bertsukoak, baina oso onak eta politak eskalatzeko eta ikusteko», azaldu du Aitor Uson Euskal Mendizale Federazioko eskalada batzordeko kideak.
Euskadiko Txapelketaz gain, Biwak rokodromoak berak antolatutako irekia ere izan zen larunbatekoa, eta, beraz, Aragoiko, Andaluziako eta Espainiako beste autonomia erkidego batzuetako eskalatzaileak ere bertaratu ziren Deriora (Bizkaia). Goizean sailkapeneko probak jokatu zituzten, eta galbahe horretatik maila bakoitzeko zortzi eskalatzaile onenak igaro ziren arratsaldeko finaletara. Lehiakideen artean, baziren hutsune nabarmen batzuk: Mikel Linazisoro eta Eneko Carretero, esaterako, ez ziren Derion izan, nazioarteko proben egutegian baitabiltza buru-belarri; Ainhize Belar, lesio bat tarteko, eta Ines Allende Espainiako selekzioarekin Europako kopan lehiatzen zelako, ez ziren Deriora bertaratu ezta ere. Hutsuneak hutsune, ordea, lehia estua eta ikusgarria izan zen, eta finalak maila handikoak. Indartsu datoz gazteak.
Maila nagusian, mutiletan, Esparta anaiak gailendu ziren: Andoni izan zen txapeldun eta Joanes bigarren. «Bide oso polita izan zuten finalean. Biwak rokodromoaren sabairainoko lerroa, helduleku kamutsak, jauzi bat erdian... Bide ikusgarria», azaldu du Usonek. Eta hor Andonik jakin zuen bidea ondo irakurtzen eta zatirik gogorrenetan sufritzen, txapela janzteko. Bi anaien atzetik, Borja Bernalte izan zen hirugarren.
Neskek, arnasa luzeko bidea izan zuten finalean, Aitor Usonek azaldu duenez: «Izugarri bide polita eta luzea, desplome batekin eta bukaeran top-era iristeko salto batekin. Ez zuen pausu gogor-gogorrik, baina bide luzea zen, 18 bat metro ingurukoa, irautekoa». Eta Haizea Oses izan gehien iraun zuena final horretan: bere maila eta eskarmentua erakutsiz, bidearen ia goreneraino heldu zen arrasatearra (Gipuzkoa). Garazi Gurrutxaga izan zen bigarren, irurarra (Gipuzkoa) ere bikain eta indartsu, eta Irati Guenetxea hirugarren.
Iñurrategi, Agirre, Uson...
18 urtez azpikoetan, mutiletan, Manex Iñurrategi indartsu itzuli zen lehiaketara. Aretxabaletarra (Gipuzkoa) lesio batekin ibili da azken hilabeteotan, baina ohi duen mailarekin bueltatu zen Euskadiko Txapelketara. 18 urtez azpiko mutilek neska seniorren finaleko bide bera izan zuten, eta Iñurrategik ohi duen erraztasunez eskalatu zuen finaleko lerro hori, goraino. Manex Guenetxeak ere goia jo zuen, eta sailkapeneko postuak hautsi zuen berdinketa Iñurrategiren alde. Asier Antunez izan zen hirugarren, hura ere dotore. Nesketan, 18 urtez azpikoetan, Garazi Uriarte izan zen irabazle, Ainhoa Uskola bigarren eta Elur Arteaga hirugarren.
16 urtez azpikoek, mutilek, 18 urtez azpikoen bide bera izan zuten finalean. Neskek, berriz, bide oso teknikoa, «plakeroagoa» izan zuten, «helduleku txikiekin eta oso deserosoa eskalatzeko». Final horretan, Maddi Agirre irabazlea top-etik pare bat mugimendura geratu zen, Udane Mujika izan zen bigarren, eta Ainhoa Bueno hirugarren.
16 urtez azpiko maila horretan, mutiletan, finaleko bidea iraupenekoa izanik, gehien iraun zuena eta goren iritsi zena Gari Markuerkiaga izan zen. Helduleku pare bat beherago erorita, Daniel Heras izan zen bigarren, eta Haritz Urkiola hirugarren. «Nabaritzen da rokodromoak ari direla beren lana egiten, gaztetxoak gero eta maila handiagoa hartzen ari dira», Usonen arabera.
Txikienen artean, 14 urtez azpikoetan, mutilak eta neskak bide berean lehiatu ziren. Erdian blokeko pausu gogor bat zuen, eta mugimendu horrek galbahe zorrotza egin zuen, hor erori baitziren eskalatzaile gehien-gehienak. Eñaut Uson tolosarra (Gipuzkoa) izan zen erdiko blokeko zati hori gainditu zuen bakarra, eta pausu horretatik gora, bidearen top-era heldu zen, gainera. Lier Perez izan zen bigarren, eta Unax Rodriguez hirugarren. Neskentzat gogorregia gertatu zen erdiko bloke hori, eta inork ezin izan zuen gainditu. Araceli de Bilbao nagusitu zen 14 urtez azpiko maila horretan, Jone Aretxaga izan zen bigarren, eta Laia Beltran de Heredia hirugarren.
Indartsu datoz gazteak
Kirol eskaladako zailtasuneko Euskadiko Txapelketa jokatu zen larunbatean Derion. Haizea Oses eta Andoni Esparta nagusitu ziren maila nagusian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu