Donostian izan da hitzordua Julio Villarrekin (Donostia, 1943), Parte Zaharrean, gustuko baitu auzoa. Iritsi orduko, eskua luzatu eta eskerrak eman ditu berarekin gogoratzeagatik. Mendiaz eta itsasoaz hitz egitean, begiek ñir-ñir egiten diote. Pasioz bizi ditu oraindik ere bi zaletasunak.
Oso gaztetan utzi omen zenituen ikasketak eskalatzen hasteko.
Bai. Ordurako jada eskaladaren harra barruraino sartuta neukan. Dena utzi, eta eskalatzen aritu nintzen. Garai haietan ez zen ohikoa ikasketak uztea eta lanean ez hastea. Horregatik joan nintzen Chamonixera [Frantzia]. 18 urterekin hasi nintzen eskaladan, eta, hurrengo bi urteetan, egin zitekeen gehiena egina neukan: Vignemaleko [Pirinioak] mendiaren Gaube korridorea eta iparreko ertz guztiak, Pique Longue gailur nagusia, eta Naranjoko mendebaldea [Europako Mendiak], esaterako.
Zertara joan zinen Chamonixera?
Gidari izateko joan nintzen. Beti izan nuen argi gidari lan egin nahi nuela. Banku batean lan egiteko lan eskaintza publikoa ez nuen gainditu, eta eskerrak! [barrezka]. Gauzak ez dira kasualitatez pasatzen. Orduan, Chamonix erreferentzia bat zen, eta mundua bera ere askoz ere handiagoa zen. Garai hartan, gaur egun Himalaia dagoen baino urrutiago ikusten genuen guk Chamonix. Alpeetan ere, ia dena eskalatu nuen; Dru mendiko Bonatti orratza, Grand Capuccine, Peutereyko ertza… Baita Dolomitetan ere, esaterako, Lavaredoko iparra. Chamonixen bi urte pasatu nituen denda batean lo eginez basoan, eta noizean behin hotel bateko ganbaran egin izan nuen lo. Ganbara hura mendizaleei bakarrik alokatzen zieten.
Garai haietan mendi gidari asko zegoen Chamonixen?
Orduan denak haranekoak ziren. Bizitzeko adina ateratzen nuen, baina batez ere eskalatzeagatik joan nintzen ni. Sekretua zera zen: gutxi gastatuz bizitzea. Bi modu daude bidaiatzeko: diru askorekin eta denbora gutxirekin; edo, diru gutxirekin eta denbora askorekin. Nik beti nahiago izan dut bigarren aukera, zalantzarik gabe.
«Diru askorekin eta denbora gutxirekin bidaiatu daiteke; edo diru gutxirekin eta denbora askorekin. Nik beti nahiago izan dut bigarrena»
Lehen Peuterey aipatu duzu. Bertan izan zenuen istripua.
Niretzat beste egun bat izan zen. Oso oroitzapen lausoa daukat hartaz. Berrogeita hamar urte baino gehiago pasatu dira istriputik, eta oso gaztea nintzela oroitzen dut, pentsa, 1966. urtean izan zen. Izotzezko korridore bat zeharkatzen ari nintzela, erori egin nintzen. Harrizko elur-jausiak erortzen ari ziren, eta, izotzetan gaizki zapaldu ondoren, erori egin nintzen. Haustura ireki bat izan zen, eta tibia eta peronea apurtu nituen. Lau eskalatzaile geunden, eta bik jaitsi egin behar izan zuten beste bide batetik. Handik bi egunera, helikoptero bat azaldu zen gu geunden lekura. Nire erruz erori nintzen, eta neure buruarekin oso haserre igaro nituen bi egun haiek. Plaka pare bat jarri zizkidaten, eta ia bi urte behar izan nituen hartatik osatzeko. Handik urtebetera, hanka oso oker nuela eta, berriro ere beste ebakuntza bat egin behar izan zidaten hura zuzentzeko. Oraindik bi plaka haiekin jarraitzen dut. Konturatu nintzen denbora batean ezin izango nuela eskalatzen jarraitu.
Orduan ekin zenion munduari bira emateari?
Bai. Lesioaren ondoren, belaontzi baten bila hasi nintzen bidaiatzeko, eta Bartzelonako fabrikatzaile batzuek prestatu zidaten. Mendian eginak nituen jarduerak ezagutzen zituzten, eta ez zitzaien hain arriskutsua iruditu niri belaontzi hura uztea [barrezka]. Orduan ez neukan ideiarik ere nabigazioari buruz, baina zer eskola hobea nabigatzen hasteko eskalada baino? Bizitza bohemioa gustatzen zitzaidan, eta, horretarako, zer hobe belaontzi batean irlak ezagutuz joatea baino, bai Ozeano Pazifikoan, bai Indiakoan… Hasieran, nire asmoa Atlantikoa zeharkatzea zen. 1968. urtea zen, eta mundua ez zen orain bezalakoa. Ez nintzen ausartzen esatera munduari bira ematera nindoala. Ez nuen denbora mugarik jarri, eta azkenerako bost urte joan ziren bidean.
Nola prestatu zenuen bidaia hura?
Irten aurretik, Bartzelonatik Menorcara eta Mallorcara joan nintzen, eta, ondoren, berriro ere Bartzelonara bueltatu nintzen. Egin zitezkeen txorakeria guztiak probatu nituen. Ez neukan ideiarik ezertaz! Pollensara iritsi nintzenean [Herrialde Katalanak], hango kontramaisuak asko lagundu ninduen. Negua zen, eta denboralea ere izan nuen. Zorabiatu egiten nintzela konturatu nintzen bidaia hartan! Halere, ez nuen zalantzarik izan. Handik hilabetera abiatu nintzen. Orain baino ausartagoa nintzen orduan.
Nolakoa zen etxekoekiko komunikazioa garai haietan?
Ia bost urteko bidaian ez nuen sekula etxera deitu, eta inoiz ez zidaten ezer aurpegiratu. Eskutitzak bakarrik bidaltzen nituen; hori bai, batzuetan 30 orrialde ere idazten nituen. Aita eskutitz haiekin ateratzen zen kalera, eta, baten batek gelditzen bazuen, eskutitzak erakusten zizkien nola nengoen ikus zezaten, Julio Verneren aita balitz bezala!
«Bost urteko bidaian ez nuen sekula etxera deitu, eta inoiz ez zidaten ezer aurpegiratu. Eskutitzak bakarrik bidaltzen nituen; hori bai, batzuetan 30 orrialdekoak»
Zenbat egun igaro zenituen gehienez inor ikusi gabe?
Berrogei eguneko hainbat itsasaldi egin nituen inor ikusi gabe! Amaieran, Brasildik irten eta Lekeitioraino iritsi arte, 61 egun igaro nituen gelditu gabe. Orduan, Pazifikoko eta Indiako ozeanoko irlak ez zituen inork ezagutzen. Mundua beste modu batean zegoen. Charles Darwinen garaietatik gertuago zegoen gaur egungoetatik baino.
Zergatik amaitu zenuen bidaia hura?
Denetik izan nuen bidaia hartan. Denboraldi gogor bat izan nuen, barkua irauli zitzaidan behin Samoa irlen inguruan… Zeelanda Berrira jaitsi nintzen, eta bertan beste denborale gogor bat izan nuen, eta berriro ere gorantz jo behar izan nuen. Halako batean, etxera itzultzeko hautua egin nuen! Lekeitiora iritsi nintzenean, poz handia sentitu nuen, baina neure buruari galdezka hasi nintzaion: «Eta orain, zer egin behar dut nik?Nola hartu behar nau munduak?». Halere, ederra izan zen berriro ere familiarekin eta eskaladako lagunekin elkartzea: esaterako, Suso Aiestaranekin, Rodolfo Kirschekin eta Angel Vallejo Rosenekin.
Itsasoa utzi bezain laster, berriro ere eskalatzen hasi zinen etengabe.
Bai, hala izan zen. Handik gutxira jada mendian nengoen berriro ere.
Belaontzian zenbiltzala jaso omen zenuen 1974ko Tximist espediziora joateko gonbita.
1971n Indiako ozeanoan nenbilela jaso nuen Anjel Vallejo Rosenen eskutitza. Nik bidaltzen nituen gutunetan, handik hilabete batzuetara non egongo nintzen adierazten nien, eta horrela jasotzen nituen nik besteen eskutitzak. Batzuk jaso nituen, baina beste batzuk ez ziren inoiz iritsi. Rosenen eskutitzean zera aurreratzen zidan: «Ahal baduzu, Bombayra gerturatu, gu Everestera goaz eta!». Ideia jada buruan zeukaten. Bertara joateko gonbita zen. Orduko Everest ez zen gaur egungoa! Konturatzerako, espediziora kateatu nintzen.
Gonbita jaso orduko baiezkoa eman zenuen?
Niretzat hura ere abentura bat izan zen. Orduan, udaberrirako baimen bakarra izaten zen, eta, zortea izanez gero, udazkenerako beste bat. Gaur egun, dirua jarriz gero, nahi denean joateko aukera dago. Zenbat aldatu diren kontuak! Joateko aukerari ezin nion ezekorik eman.
Nola gogoratzen duzu espedizio hura?
Denontzat lehen aldia zen Himalaian. Asko hunkitzen naiz lagunekin oroitzean. Gauza polit asko pasatu ziren espedizio hartan. Egunez, planeta batzuk eta guzti ikusten ziren. Oroitzapen hori gelditu zait. Bestalde, espedizio guztian txakur bat izan genuen bidelagun. Namche Bazarretik pasatzean, gure espediziora bildu zen. Ia ilerik ere ez zuen txakur bat zen, baina gurekin egon zen espedizioak iraun zuen denboran. Beti kanpoan lo egiten zuen!
Ezin izan zineten gailurrera iritsi.
Halaxe izan zen, bai. Baina bertan izandako asko handik sei urtera berriro joan ziren, jada eskarmentua pilatuta. Ni jada ez nintzen 1980ko espedizio hartan egon. Inbaditzaile batzuk ginela iruditzen zitzaidan! Herrialde txiro batera zihoazen herrialde aberats bateko kideak ginen gu. Guretzat kapritxo hutsa zen hara joatea. Orduan erabaki nuen ez nintzela beste espedizio batean murgilduko. Himalaiara itzuliko nintzen, agian, trekkingen bat egitera, baina, nahiz eta gonbit dezente jaso, ez nintzen espedizioetara itzuli. Aurretik Alpeetan egin nituen gauzak gehiago baloratzen nituen 1974ko espedizio hartan egindakoa baino.
Halere, mendian jarraitu zenuen.
Bai. Felipe Uriarterekin elkartu nintzen, eta bidaiak antolatzen hasi ginen. Ez Uriarte eta ez ni ez ginen gidariak. Halere, handik urte batzuetara, beste aukera bat izan zen, eta Uriarte bertara aurkeztu zen, baina ni ez. Orduan atera zuen titulua, Xabier Errok bezala. Inoiz ez dut ez mendi gidari izateko titulurik atera, eta ezta nabigatzaile izateko titulua ere! Orain jada berandu nabil horretarako.
«Inoiz ez dut ez mendi gidari izateko titulurik atera, eta ezta nabigatzaile izateko titulua ere! Orain jada berandu nabil horretarako»
Kataluniara joan zinen bizitzera urte batzuetarako. Zertan aritu zinen han lanean?
Neguan barkuren bat eramaten nuen Karibe aldera. Gehienbat harako bidaiak egiten nituen, barkuak eramaten edo ekartzen. Gehienetan jendearekin itzultzen nintzen, baina, behin, bakarrik itzultzea tokatu zitzaidan. Atlantikoa hamalau aldiz zeharkatu dut.
Gaur egun bidaiatzen jarraitzen al duzu?
Oraindik zerbait bai, baina gaur egun ez naiz garai batean bezala hunkitzen. Hainbeste banalizatu da bidaiatzeko modua! Aukera dudanean, bidaiatzen dut, baina, bestela, ez da ezer gertatzen. Gehienbat Espainia aldean ibiltzen naiz: esaterako, Teruelen, Sorian, Guadalajaran, Huescan… Ibilbide luzeak egiten ditut oinez. Ez dut gidabaimenik.
Bidaiari batek inoiz ez omen dio uzten bidaiari izateari. Hala dela uste duzu?
Bai, hala da. Bidaia bera barne bidaia bat da, eta hori da balio duena. ¡Eh, petrel! liburua horixe bera da. Hura idazten ere nabigatzen nenbilela hasi nintzen. Koaderno asko idatziz joan nintzen, eta bertan ere sentsazioak, emozioak, bitxikeriak eta burutik pasatzen zitzaidana idazten nuen. Liburu batean amaituko zuenik ez nuen espero. Eguneroko espiritual bat izan zen hura. Berrogeita hamar urte dira hura idatzi nuenetik. Geroztik euri pixka bat egin du!
Eskalatzen eta nabigatzen hainbeste urte igaro eta gero, zerbaiten arantzarik gelditu al zaizu?
Ez! Ezeren arantzarik ez zait gelditu. Agian, gauzaren bat edo beste beste modu hobeagoren batean egin nezakeen, baina lasai nago.
MOTZEaN
- Eskalatzen egin duzun lagunik onena? Jesus Aiestaran eta Anjel Rossen Vallejo.
- Eskalatzeko bide bat? Egindako guztiak; esaterako, Txindokiko ertza.
- Egiteko duzun bat? Walker espoloia [Alpeak].
- Mendi bat? Beceiteko mendilerroa [Aragoi, Espainia].
- Eskalatzaile bat? Walter Bonatti.
- Espedizio baterako lau sokalagun? Felipe Uriarte, Anjel Rossen Vallejo, Alberto Iñurrategi eta Pou anaiak.