Ez zen ezusteko handirik izan atzo Leitzan (Nafarroa) jokatu zen Euskal Herriko Ultra Txapelketan, eta lasterketa hasi baino lehen faboritoen artean ziren bi izan ziren garaile: Ander Iñarra eta Mayi Mujika. Iñarrak bere bigarren garaipena lortu zuen Euskal Herria Mendi Erronka lasterketan. Mujikak, berriz, bere estreinakoan lortu zuen garaipena, Oihana Azkorbebeitiarekin lehia estua izan ondoren.
IKUSI GEHIAGO
Ander Iñarrak, gainera, hobetu egin zuen iaz berak ezarritako marka: lezoarrak (Gipuzkoa) sei ordu eta erdi pasatxo (6.32.15) behar izan zituen ibilbidearen 67 kilometroak eta 7.200 metroko goranzko desnibela gainditzeko, iaz baino bi minutu eta 22 segundo gutxiago. Bigarren Iraitz Legorburu getariarra izan zen (6.35.50); hirugarren, Pello Berrizbeitia eibartarra (6.41.55); laugarren, Leitzako bertako semea, Aritza Craamer Lizarraga (6.58.47); eta bosgarren, Igor Olalde aretxabaletarra (7.07.22).
Mayi Mujikak eta Oihane Azkorbebeitiak lehia estua izan zuten. Elgoibarkoak Lekunberritik Ireber tontorrerako zatian hartu zion aurrea abadiñarrari, eta 7.40.08ko denborarekin gurutzatu zuen helmuga. Mujikak ere apurtu egin zuen probaren errekorra. Azkorbebeitiak minutu eta erdi gehiago behar izan zuen (7.41.45). Mendi Erronka probaren beraren barnean Irumugarrieta tontorrera egiten den kilometro bertikalean, hori bai, Azkorbebeitia izan zen azkarrena (1.03.01). Gizonezkoetan, Iñarra bera izan zen azkarrena kilometro bertikal horretan (53.20).
Nabarmentzekoa da Leitzako Euskal Herria Mendi Erronka probako antolatzaileekin batera Nafarroako eta Euskadiko bi mendi federazioak eskutik aritu direla lasterketa honetan, eta, beraz, benetan Euskal Herrikoa izan dela txapelketa.