Mendia. 'Pura Vida' filmaren estreinaldia

Iñaki Otxoa de Olzaren erreskatearen inguruko filma etzi estreinatuko dute

'Pura vida' film luzea Donostiako 60. Zinemaldiaren barnean estreinatuko dute; bukatu dira sarrerak

Alex Txikon, Edurne Pasaban, Pablo Iraburu, Migueltxo Molina eta Pablo Otxoa de Olza. GARI GARAIALDE/ ARGAZKI PRESS.
2012ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Iñaki Otxoa de Olza mendizalearen erreskatearen nondik norakoak eta bertatik bertara parte hartu zutenen testigantzak jasotzen ditu Pura vida film luzeak. Pablo Iraburu eta Migueltxo Molinak zuzendu eta Txalap.art eta Arena Comunicacion ekoiztetxeek egin dute, eta Donostiako 60. zinemaldiaren barnean estreinatuko dute, etzi. Estreinurako sarrerak bukatuta daude.

Zuzendariek asteartean aurkeztu zuten pelikula, Alex Txikon eta Edurne Pasaban Otxoa de Olzaren lagun eta espediziokide izandakoen laguntzarekin; Iñakiren anaia Pablo Otxoade Olza ere izan zen aurkezpenean.

Dramatismoa alde batera utzi eta pertsonei bizitzaren beldurra onartzen eta gainditzen laguntzea da filmaren helburua. Baita une bakoitzari indar handiena-rekin balioa ematen irakastea ere, zuzendarien arabera. Txalap.art eta Arena Comunicacion ekoiztetxeek elkarrekin egindako bigarren film luzea da Pura vida.

Benetako istorioa abiapun-tutzat hartuta, Annapurnamendiaren gailurretik gertu, Otxoa de Olzaren erreskatea eta une horietan bizitakoa azaltzen du.

Annapurna munduko mendi arriskutsuenetako bat dela diote, ez alferrik; estatistikek baitiote gailurrera iristen saiatzen direnen %41 hiltzen direla han, Otxoa de Olza kasu.

7.400 metroko garaieran zegoen Otxoa de Olza ondoezik zegoenean, eta ia ezinezkoak izaten dira erreskateak garaiera horretan, ez baitago horren gora iritsiko den helikopterorik.

Lau eguneko erreskatearen kontakizun zehatza egiten du filmak, munduko alpinista onenetako batzuk tartean direla; horien nortasuna eta sentimenduak ere azaleratzen ditu. Helburu bakar batek elkartu zituen alpinista horiek: Iñaki Otxoa de Olza salbatzea, mundu osoan gehien errespetaturiko mendizaleetako bat. Lau eguneko erreskatean parte hartu zutenek kontatzen dute gertatutakoa film luzean.

Horia Colibasanu da protagonistetako bat, hura baitzihoan Otxoa de Olzarekin batera Annapurnan gora eta hark eman baitzuen nafarra ondoezik zegoenean alarma seinalea. Lau egunez egon zen Otxoa de Olzarekin batera.

Alex Gavan, Nancy Morin, Nima Nuru, Ueli Steck, Don Bowie, Sergei Bogomolov eta Aleksei Bolotov dira beste protagonistetako batzuk. Bolotov izan zen Annapurnatik jaisten lehena. Ueli Steck, berriz, 4. kanpalekura iristen lehena. Salbamendu lanetan egindako ahalegin gogorraz hitz egiten dute, Otxoa de Olza zegoen tokiraino egindako bide gogorraz. Guztiek bete zuten zeregin garrantzitsu bat salbamenduan. Haietako bakoitzak momentu horietan bizitakoa eta burutik pasa zitzaiena azaltzen dute.

Otxoa de Olzaren hitzak

Haien testigantzez gain, Otxoa de Olzak berak egindako adierazpenak eta oraindik argitaratu gabeak ikusi ahal izango dira filmean; bizitza galdu aurretik egindako azken adierazpenak. Hain zuzen ere, adierazpen horiek utziko dute agerian zergatik sentitu ziren moralki behartuak haren bizitzaren alde borrokatzera.

Himalaia mendikatearen historiako erreskate handienetako bat barru-barrutik ezagutzeko aukera emango die ikus-entzu-leei filmak. Zuzendarien arabera, mendizaleentzat mendia zer den ulertzen erakusten du filmak; hain zuzen ere, zertarako eta zergatik jartzen duten arriskuan bizia mendizaleek lurreko gailurrak diren tontorretara igoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.