Imanol Rojo, roller eskiko munduko txapeldun

Tolosarra teknika klasikoko 15 kilometroko maldan gorako proban nagusitu da Val di Fiemmeko (Italia) Alpe Cermis estazioan. Asteburuan Espainiako Txapelketak ere jokatu dira Candanchun eta Jakan, eta euskal eskiatzaileek emaitza bikainak lortu dituzte.

Imanol Rojo, roller eskiko munduko txapeldun
Imanol Rojo garaile helmugaratzen, Alpe Cermiseko helmugan. NEWSPOWER.IT
ramon olasagasti
2024ko irailaren 16a
14:00
Entzun

Roller eskiko Munduko Txapelketako azken jardunaldia jokatu zen igandean, Val di Fiemmeko (Italia) Alpe Cermis eski estazioan, eta ezusteko pozgarria iritsi zen Dolomitetatik: Imanol Rojok (Tolosa, Gipuzkoa, 1990) garaipena eskuratu zuen teknika klasikoko 15 km-ko maldan gorako lasterketan. Estilo libreko 15 kilometroko proban, berriz, zortzigarren izan zen egun batzuk lehenago.

Neguan Tour de Ski egiten den pistan berean gora igo behar izan zuten partaideek roller eskiko gurpilekin. Rojok hiru ordu laurden pasatxo (45.38.09) behar izan zuen 15 kilometroko igoera osatzeko. Hasieratik erritmo bizia ezarri zuen eskiatzaile tolosarrak, eta bukaeraraino eutsi zion. Amaierako denbora azkarra da erritmo bizi horren adierazle. Atzetik bi norvegiar sailkatu ziren, Andreas Bergsland bigarren, 8 segundora, eta Kasper Herland hirugarren, 20 segundo pasatxora.

«Banekien oso ondo entrenatu nintzela uda guztian, baina ez nuen espero irabaztea. Iraupeneko eskiatzaileak falta ziren, baina Munduko Txapelketa ofizial bat da», adierazi du Rojok Tolosaldeko Atarian. Alpino Uzturre elkarteko kideak azken-azkenean erabaki zuen Munduko Txapelketan parte hartzea. «Ostegunean gorputzaldi ona sentitu nuen, eta nola punturik ez nuen, atzetik atera nintzen estilo libreko proban. Beraz, estilo librean zortzigarren eginda, eta klasikoan proba irabazita, oso pozik nago: Roller eskiko munduko txapelketa honek balio izan dit ikusteko udan egindako prestaketa ondo doala». Aurten Norvegiako entrenatzaile batekin ari da Rojo.

Duela bi denboraldi Espainiako selekziotik kanporatu zuen federazioak Imanol Rojo, baina berak eskiatzen jarraitu zuen, babesle berriekin eta Basque Teamen laguntzarekin, eta denboraldi ederra osatu zuen iaz. Aurtengo elur denboraldiaren atarian, entrenamenduak bide onetik doazela erakusten du roller eskiko emaitza honek.

Espainiako roller eskiko txapelketak Jakan eta Candanchun

Asteburu honetan jokatu da Espainiako Roller Eskiko Txapelketa ere, esprint modalitatekoak Candanchuko iraupen eskiko eta biatloiko zirkuituan, eta distantziakoak Jakako kaleetan (Aragoi, Espainia), Jaka Hiria VI. Roller Eski sariarekin bat eginez.

Espainiako Rollereski Txapelketak, Jakan
Eskiatzaileak lehia bizian asteburuko probetako batean. SPANSNOW

Euskal eskiatzaileek emaitza bikainak lortu dituzte. Irati Cuadrado (Burlata, Nafarroa, 2001) Irrintzi taldeko kidea txapeldun izan zen bi modalitateetan, hala esprintean nola distantzian. Iaz ere Cuadrado bera izan zen txapeldun. Gizonezkoetan, berriz, Peio Añarbe (Gasteiz, 2006) nagusitu zen esprint modalitatean, eta bigarren izan zen distantziakoan, Jaime Pueyo kataluniarraren atzetik.

Larunbatean, Candanchuko iraupen eskiko eta biatloiko Stadium Spainsnow zirkuituan jokatu ziren esprinteko probak, eta, Euskal Herriko eta Espainiako eskiatzaileez gain, Italiako eta Frantziako batzuk ere lehiatu ziren. Emakumezkoetan, Cuadradok berritu egin zuen iazko titulua, final bizian Naia Gonzalez kataluniarrari eta Maddalen Ruiz de Galarreta aragoiarrari aurrea hartuta. Pozik zen eskiatzaile burlatarra: «Probak dibertigarriak eta gogorrak izan dira, lehiakideen maila handiagatik. Zer sasoi puntutan nengoen ikusi nahi nuen, eta ondo sentitu naiz».

Gizonezkoetan, Peio Añarbe gailendu zen. Berriki Espainiako selekziorako deitu dute gasteiztarra eta pozik zen emaitzarekin. «Maila handia zegoen, batez ere selekzioko kideena, eta ez da erraza izan».

Espainiako Roller Eski Txapelketa
Espainiako Roller Eski Txapelketako esprint modalitateko irabazleak. Erdian, Peio Añarbe eta Irati Cuadrado bi txapeldunak. SPAINSNOW

Atzo, igandea, berriz, distantziako txapelketak jokatu ziren, Jaka Hiria Sariarekin bat eginez. Partaideek Jakako Rapitan kaskora igo behar zuten azken kilometroetan, eta lehia ikusgarria izan zuten. Irati Cuadradok txapela lortu zuen modalitate honetan ere, Cristina Lanau aragoiarraren eta Berta Guitart kataluniarraren aurretik. Gizonezkoetan, Añarbek bigarren egin zuen Jaime Pueyoren atzetik eta Pau Molins kataluniarraren aurretik.

Gaztetxoen mailan ere emaitza bikainak lortu zituzten euskal eskiatzaileek. 16 urtez azpikoetan, June Aranburu tolosarra (Gipuzkoa) garaile izan zen bi modalitateetan, eta Libe Curras, hori ere tolosarra, beste horrenbeste 14 urtez azpikoetan. Distantziako modalitatean, berriz, Izei Irigoien erronkariarra (Nafarra) bigarren izan zen 16 urtez azpikoetan.

Emaitza guztiak Espainiako federazioaren webgunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.