Bazekien Kilian Jornet gabe aukera gehiago zuela lehen aldiz Zegama-Aizkorri mendi maratoia irabazteko. Iaz hirugarren izan eta gero, askoren ahotan zegoen Manuel Merillasen izena, eta are gehiago Jornetek ez zuela parte hartuko jakin zenean. Eta espainiarrak ez zuen aukera alferrik galdu herenegun. Zazpigarren ahaleginean lortu zuen irabaztea. Lokatza ere ez zuen aurkari izan hainbeste desira zuen txapela eskuratzeko. Emakumezkoetan, berriz, ezustean irabazi zuen Daniela Oemus alemaniarrak; lehen parte hartzean nagusitu zen. Haiek biak izan ziren protagonista nagusiak, baina baita lokatza, hotza eta euria ere.
Lasterketa hasi aurretik, albistea azkar zabaldu zen Zegamako plazan (Gipuzkoa): lasterkarien segurtasuna bermatze aldera, probako antolatzaileek Aizkorriko gailurreria saihesteko hautua egin zuten. Lasterketak dituen 42 kilometroak osatzeko irteeran pilatu ziren 550 lasterkarietatik askok gustura hartu zuten albistea. Zorua ez zegoen txantxetarako.
Ikusi gehiago:Oihana Kortazar: «Zapore gazi-gozoa utzi dit aurtengo Zegama-Aizkorrik»
Jornet gabe, Merillas eta Jonatan Albon britainiarra ziren faboritoak; betiere, Remi Bonnet suitzarraren eta Robert Pkemboi kenyarraren baimenarekin. Bonnet eta Pkemboi nabarmendu ziren hasieran, eta azkar osatu zituzten lehen hamahiru kilometroak; iazko markaren azpitik ibili ziren hainbat momentutan.
Baina hotza eta lokatza pilatuz joan ziren heinean, Merillas izan zen atzetik aurrerako lasterketa eginez buruan ipini zena. Lasterketa erditik aurrera, lehenik, Bonnet, eta, ondoren, Pkemboi, Albon ingelesa atzeratuz joan ziren irabazteko hautagaien zerrendatik. Lehia estua espero zen azken kilometroetan iaz laugarren postuan amaitu eta ziztu bizian postuak aurreratuz joan zen Elhousine Elazzaoui marokoarraren eta Merillasen artean. Baina Merillasek, eskarmentua lagun, ez zuen azken metroetarako utzi azken auzia, eta Zegamako plazan bakarrik helmugaratu zen (3.42.01). Jornetek iaz ezarritako markatik oso urrun dago: 3.36.40. Albon izan zen hirugarren. Euskal herritarren artean, Aritz Egea izan zen onena: hemeretzigarren postuan sailkatu zen, 4.05.18ko denborarekin.
Ikusi gehiago:Aritz Egea: «Oso babestua sentitu naiz ibilbide guztian»
Emakumezkoen lasterketak ere gorabehera dezente izan zituen. Lehen kilometroetan, Blandine L'Hirondel frantziarra eta Miao Yao txinatarra nabarmendu ziren. Baina Yao lehiatik kanpo gelditu eta gero, lasterketaren agintea Oemusen eta Caitlin Filder zeelandaberritarraren eskuetan geratu zen. Eskarmentu handiagoa izan arren, Filderrek ez zuen aukerarik izan alemaniarraren aurrean. Kilometro askotan lortutako abantaila nahikoa izan zuen Oemusek irabazteko. Theres Lebouef suitzarrak osatu zuen podiuma.
Oihana Kortazar izan zen Euskal Herriko lehen emakumezkoa. Sasoiko zetorrela erakutsi zuen Zegama-Aizkorriren aurreko lasterketetan, eta munduko onenekin aritu zen nor baino nor gehiago. Ohi bezala, oso lasterketa erregularra egin zuen, eta zazpigarren postuan amaitu zuen: 4.55.08. Kortazar ez ezik, ostiralean kilometro bertikala irabazi zuen Naiara Irigoien nafarra nabarmendu zen: hamargarren postuan iritsi zen, 4.58.18ko denborarekin.
Ikuskizuna lokatz artean
Manuel Merillas espainiarrak eta Daniela Oemus alemaniarrak irabazi dute Zegama-Aizkorri mendi maratoia. Aritz Egea eta Oihana Kortazar izan dira lehen euskal herritarrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu