Peruko Andeetara eginiko bidaia batean piztu zitzaien euskal mendizaleei munduko sabaira joateko grina, 1971n. Mendizaleen zerrenda osatuta zegoen; dirua falta zuten, ordea. Han eta hemen galdetu ostean, Gasteizko Cegasa enpresak hartu zuen mendizale taldea babesteko ardura. Hamar bat milioi pezetako (60.101 euro) babesa emango zien. Finantzabidea lortuta, mendia igotzeko baimenak eskuratzea izan zen hurrengo pausoa. «Ohiko oztopoez gain, zailtasun politikoak ere izan genituen. Francoren garaia zen, eta,gurea espedizio euskalduna zenez, handik eta hemendik saiatu ziren espedizioari ateak ixten», azaldu du Felipe Uriartek (Pasai Donibane, 1944), Tximist espedizioko kideak. Espainiako Gobernura jo zuten lehenengo, eta, hango oztopoak gaindituta, Nepalgora gero. Garai hartan, urtean bi baimen ematen zituen soilik Nepalgo gobernuak Everest igotzeko, eta bazekiten ez zela erraza izango. «Espedizio bakoitzak bere txanda zeukan, eta ez ziren, egun bezala, 500 mendizale batera igotzen. Bestalde, nepaldarrek sinesmen handia zuten mendietan. Euren jainkoak mendi goietan zeudela sinesten zuten, eta, horregatik, asko zaintzen zuten mendia», azaldu du Uriartek. Katmandura joan eta 1974rako lortu zuten baimena.
Hiru urte baino gehiago egin zituzten prestatzen eta trebatzen, eta 1974ko otsailaren 13an atera ziren Gasteiztik hamasei mendizaleak: Felipe Uriarte, Alfonso Alonso, Juan Ignacio Lorente, Luis M. Saenz de Olazagutia, Francisco Lusarreta, Angel Alexandre Rosen, Juan Carlos Fernandez, Txomin Uriarte, Julio Villar, Angel Landa, Luis Abalde, Ricardo Gallardo, Juan Kortazar, Angel Lerma, Rodolfo Kirch eta Fernando Larruquert. Lehen euskal espedizioa zen Everestera (8.848 m), eta munduko 23.a.
Barajasko aireportutik (Madril) Kopenhagera, eta New Delhitik Katmandura egin zuten. «Iritsi ginenean ez zegoen argindarrik Katmandun. Petrolioz hornitutako lanparatxo batzuk besterik ez kalean, eta argi gutxi egiten zuten. Giro hunkigarria iruditu zitzaidan», esan du Uriartek. Hegazkin txiki bat iritsi ziren hamasei euskal mendizaleak Luklara.
Lau egun egin zituzten han, inguruko mendietan girotzen. Phadingen eta Namche Bazarren ere egon ziren, xerpa gehienak bizi diren herrian, 3.400 metroan. Handik irtetean ikusi zuten lehenengoz Everest, Lhotsetik Nuptsera doan ertzaren atzean. Prestaketaren hurrengo zatia Thiamgbochen egin zuten. 15 egunez egon ziren han, 5.300 metrorainoko gailurretan girotzen. Pherichen 4.240 metroan astebete egin ostean, Everesteko ibilbidearen azken herrialdera iritsi ziren, Lobuchera. Martxoaren 25ean heldu zen espedizioa oinarrizko kanpalekura. Kumbuko glaziarrean, 5.300 metroan zeuden hamasei mendizaleak, 400 zamaketari eta 100 yak-ekin. Sei kanpaleku ezarri zituzten guztira, 6.100, 6.400, 6.984, 7.600, 7.890 eta 8.530 metroan.
Euskal Herria Everestera begira zegoen egun haietan. Euskal Mendizale Federazioaren egungo zuzendari teknikoak ere, Antxon Burciok, ondo gogoan du espedizioari nola kasu egin zion hemendik: «Garai hartan ez nintzen federazioko kargudun, baina euskal mendizale gisa oso gertuti kasu egin nien gertakari guztiei. Gogoan daukat egunero egoten nintzaiola adi-adi, prentsan argitaratzen edo irratian esaten zuten guztiari», esan du. Juanito Oiarzabal mendizaleak ere gertu-gertutik kasu egin zien mendizaleen pausoei. «Garai hartako oroitzapen asko ditut. Rosenen laguna nintzen, eta oso gertutik kasu egin nien Tximist espedizioaren urratsei. Niri neuri txanda noiz iritsiko ote zitzaidan pentsatzen nuen uneoro», dio hunkituta.
Azkeneko kanpalekura Felipe Uriarte eta Angel Alexandre Rosen baino ez ziren iritsi. Gailurretik 350 metrora igaro zuten gaua, baina maiatzaren 13an haizete izugarriak erabat eragotzi zien tontorrera iristea. Gorenera iristeko lau ordu falta zitzaizkiela, 11:00etan erabaki zuten Everesti agur esan eta beherako bidea hartzea. «Gailurra ez ukitzea, edozein mendizalerentzat, ez da ona izaten. Mendizaleak tontorra ukitu nahi duelako, han egon, han eseri. Gogorra izan zen, bagenekielako gainera, hemen, herrian, jendea guri begira zegoela eta gu oparirik gabe itzuliko ginela, Everesteko gailurrik gabe», gehitu du Uriartek.
Gailurra zapaldu gabe, etxera
Oxigenoa, lo zakuak eta bestelako materiala goian utzi zituzten bi alpinistek bigarren saialdirako, eta, materialik gabe, izugarri gogorrak izan ziren 2. kanpalekura iristeko egunak. Maiatzaren 25ean eta 26an iritsi zen bigarren saialdia. Gallardo eta Avalde batetik eta Kirch eta Villar bestetik, Everesten gailurra zapaltzen saiatu ziren. Ricardo Gallardok lau egun egin zituen Everesten Hego Lepoan, eta, hari esker, Tximist zen munduan 8.000 metroan denbora gehien egin zuen taldea. Alferrik, ordea. Eguraldi txarra zela tarteko, 8.000 metroan eman behar izan zuten amore.
Gailurrik igo gabe itzuli ziren euskal mendizaleak etxera. Ez, ordea, esku-hutsik. «1974an ezinezkoa izan zen, baina muturreraino borrokatu ziren helburua lortzeko, eta horrek balio izugarria dauka. Modu batera edo bestera espedizioko kide guztiak ezagutzen nituen: batzuk jada ez daude gurekin, baina euskal mendizaletasunak beti izango ditu gogoan», azaldu du Burciok. Garai hartako «pena eta etsipena» balio handiko esperientzia bihurtu dira orain Uriarterentzat. «Badakigu mendi gailurra inportantea dela, baina inportanteena esperientzia pilatzea da. Horrela ikasten du mendizaleak, gailurrak ez egiten. Tontorrik gabe itzuliz gero, hurrengo gailurrerako bidea samurragoa izaten du mendizaleak», gehitu du. Eta halaxe izan zen, sei urte geroago, Martin Zabaleta hernaniarrak amaitu zuen Tximistek hasitako bidea, ikurrina Everesteko tontorrean astinduta.
Mendia. Tximist espedizioak 40 urte
Ikurrina, munduko sabaira bidean
Tximist espedizioko hamasei kideak 1974ko otsailean abiatu ziren Everestera. Maiatzean gailurrera iristeko bi saialdi egin arren, hura zapaldu gabe itzuli ziren Euskal Herrira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu