Igandean emango diote itxiera 2024ko iraupen luzeko ibilaldien egutegiari, nola ez, Elgetan. Ohiko moduan, goizean goiz mendi buelta bat izango da, eta ondoren, bazkaria. Goizeko 8:00etan abiatuko dira mendizaleak Elgetako mendizaleen plazatik, eta ibilian-ibilian Asentzio ermita, Intxorta, Erdella, Aixola, Egoarbitza eta Azkonabieta lotu ondoren, Elgetara itzuliko dira atzera. 23 kilometro inguruko txangoa izango da.
Dagoeneko 200 pertsona baino gehiago daude izena emanda, baina oraindik ere zabalik dago izena emateko epea,Zirkuituaren webgunean. Ibilaldia amaitzean, kiroldegian dutxatzeko aukera egongo da, eta aurreko gauean iristen direnek bertan lo egiteko aukera izango dute.
Mendi ibilaldia amaituta, 14:00etan bazkaria izango da. Otordu horretan banatuko zaizkie diplomak iazko iraupen luzeko ibilaldien zirkuituan finalista izan ziren guztiei; hau da, egutegi horretako gutxienez 8 martxa eta lurralde bakoitzeko bat osatu zituzten guztiei.
Ibiltarien jai horretan, iraupen luzeko mendi martxen zirkuituko antolakuntzak urtero hainbat mendizale eta ibilaldi saritzen ditu, martxa horietan parte hartu duten mendizaleek emandako balorazioak aintzat hartuta. Shebe Peña Saria, hau da, sari nagusia, Javier Ignacio Gonzalez Dantzaleku Sakana taldeko altsasuarrak (Nafarroa) jasoko du. Ongien baloratutako martxen artean, berriz, antolaketa orokorraren saria Zeberio Harana mendi martxari emango diote; ibilbide, paisaia eta bideen egoeraren saria, Arrasateko Aiba mendi martxari; seinaleztapen onenari dagokiona, 42. Gazteiz Mendi Ibilaldiari; kontrol eta anoa guneen saria, XIX. Karrantza Mendi Ibilaldiari; eta ingurumenarekiko errespetuaren saria, azkenik, Portugaleteko XVIII. Joserra Romaña mendi martxari.
Ibiltarien Jaia, halaber, 2025eko egutegia aurkezteko eta aurreratzeko aitzakia ere izaten da. Zirkuituaren 23. ekitaldia izango da aurten, eta guztira 21 martxa luze izango dira. Lehen hitzordua martxoaren 30ean izango da, Villabonako Aizkardi mendi taldearen 56. ibilaldia. Bi aukera izango dira: bata 45 kilometrokoa eta bestea 22 kilometrokoa. Azken txangoa azaroaren 2an izango da: XXXIX. Gorobel Ibilaldia. Egutegiko ibilaldi guztiak Zirkuituaren webgunean bertan daude zehaztuta.